Ai ama!

Jaione Aramendi
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ama naiz, eta langilea (barka erredundantzia). Alaba bi ditut eta EAEko Administrazioan lan egiten dut. Aspaldi, lanaldi erdiko murrizketa hartu nuen, hartu daitekeen murrizketarik handiena, alabez arduratzeko, inoren eskutan utzi behar izan gabe. Ezin izan nuen nire helburua bete, izan ere, Administrazioak 9:30ean dauka ezarrita lanera sartzeko gehieneko ordu-muga eta ordu horretan sartzen dira eskolara alabak. Eskura nituen bitarteko guztiak baliatu nituen aipatutako helburua ahalik eta ondoen betetzeko. Ez zen erraza izan, ez niretzat, ezta alabentzat ere. Hiru ordu-laurdeneko loa galtzen zuten egunero, tarte horixe behar bainuen umeak auzoko batzuen etxean prest-prest utzi eta lanera garaiz heldu ahal izateko. Nahita egindako ahalegina izan zen, etxeko lauron artean adostutakoa, eta ez genuen etsitzeko arrazoirik topatu, ez zukuz edo esnez beteriko ontzia mahai gainetik «berez» umeren baten arropa apain jantzi berritan jausten zenetan, ezta ere halako «istripuek» eragindako atzerapena berdintzeko errepidean sakatu beharra nuenean, ez banuen, berriro ere, lanera berandu heldu nahi. Ez dauzkat ahazteko, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, artean erdi lo, egunero-egunero!! Eskolara eta lanera joan beharraz eztabaidatzen hasten genituen goiz samurrak.

Lanaldi erdiko murrizketa (soldataren, Gizarte Segurantzari egindako kotizazioaren eta abarren beste hainbateko murrizketa berarekin doala) hartu izanaren helburua bete ezinekoa nuenez, goizetan lanean hasteko ordua atzeratzeko baimena eskatu nien nagusiei. Bai IVAPeko Zuzendaritzak eta bai Justizia eta Herri Administrazio Sailak ukatu egin zidaten eskaera, horretarako arrazoibidea bi arautan oinarriturik: EAEko Administrazioaren zerbitzura diharduten funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa eta langileek bete beharreko lanaldiak eta ordutegiak zehazten dituen Zirkularra. Beroietan ezartzen denez «12 urtetik beherako seme-alabak daukazten langileek beraien lan-ordutegia malgutzeko aukera izango dute, eta goizean lanera sartzeko ordua 9:30era arte»-koa izango da.

Bitxikeria gisa, «odolkidetasuna zein ezkontza-ahaidetasuna dela-eta 2. gradura arteko senideak zaindu behar dituen […] gehienez bi ordu gehiagoko malgutasuna izan dezake».

Bistan dagoenez, Administrazioak arau arbitrarioak ezartzen ditu edota, gutxienez, kontraesankorrak. Familiako eta laneko bizitza bateratzeko ordutegi «malgutasuna»-ren izenean jarritako neurriak hain dira zurrunak, non ezinezkoa bihurtzen duten helburua eta, larriagoa dena, urratu egiten duten gurasoen zaintza jasotzeko umeek duten eskubidea. EAEko Administrazioak 9:30ean lanera sartzera behartzen baititu langileak, eskola gehienak orduantxe hasten direnean.

Administrazioak nire eskaerari ezetza eman zionean, adierazitako bi arauetan ageri den zurruntasuna eta inkongruentziak aintzat ez hartzeaz gain, ez zuen kontuan izan eskatutakoa ukatzeak familia eta lana bateragarri bihurtzeko dudan eskubideaz baliatu ahal izatea ukatzea zekarrela funtsean. Gogorarazi beharra dago bi akordio horiek ELA, UGT eta CCOO sindikatuen adostasunarekin onartutakoak direla, nahiz eta berariaz adierazita dagoen, Emakunderen Aholkularitza Juridikoko atalak egindako txostenen eta LAB sindikatuaren hainbat ohartarazpenen bidez, akordio horiek norberaren bizitza eta lana uztartu ahal izatea eragozten dutela. Era berean, ez zuen, nonbait, aintzat hartu nire zerbitzuburuaren irizpena, hark adierazi baitzuen ni geroago sartzeak ez zuela ezertan eragiten nire eguneroko lanean eta zerbitzuaren jardunean.

Legeak (eta senak) arrazoia ematen zidalako uste osoarekin, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegira jo nuen nire interesen eta, batez ere, nire alaben interesen arabera ordutegia egokitzeko eskubidea aitortuko zidalakoan. Hain zuzen ere, horixe da epaileek emandako jurisdikzioan aitortu izan dena: zaintza eta babeserako eskubidea lehenetsi behar dela enpresak ez duenean nahikoa justifikatutako arrazoirik azaltzen langileak eskatutako edo hartutako lanaldia ez onartzeko. Eta halaxe adierazi zuen Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren epaiak, 10:15ean sartzeko eskubidea aitortu baitzidan.

Epaia lorpen handia da, Administrazio Auzibidean aitzindari den epai horrek erabakitakoa betez gero, familiako eta laneko bizitza uztartzeko benetako aukera izango baikenuke EAEko Administrazioan lan egiten dugun guraso guztiok.

Baina auzia ez da horretan amaitu; Administrazioak errekurtsoa aurkeztu du epaiaren aurka. Nola ulertu halako jarrera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzea, familia babestea eta familia eta lana uztartzeko neurrien alde egitea legez aginduta daukalarik?

Hala dira kontuak. Hainbat hilabetetan, bizi izandako gorabehera horiek nire inguruan kontziliazioaren gaiak zenbaterainoko kezka sortzen duen neurtzeko termometro gisa balio izan dit. Denboraldi honetan, behin baino gehiagotan suertatu zait nire burua zuritu beharra; gurasook, sarritan, errudun, ezin buruturik, etsita sentitzen garela, umeekin egoteko astirik ez daukagulako, inorekin utzi behar ditugulako, beren denbora-pasak eta zaletasunak konpartitu ezin ditugulako… Kontua ez dela gure lana bete ahal izateko eskola-orduak gauera arte luzatzea edota umeak eskolaz kanpoko jarduerez betetzea, ezta haurtzain bat hartzea edo aiton-amonen eskutan uztea ere. Umeak izatea erabaki nuenean eurekin egoteko izan zela, eta nire denbora, besteak beste, eurekin emateko. Baina hain dira antzik gabeak gure seme-alaben eta gure ordutegiak, non ia ezinezkoa bihurtzen dituzten gure asmorik onenak; hainbesterainokoa da arazoaren larria, ezen normala iruditzen baitzaigu umeeei ezartzen diegun bizimodu txoroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.