Ai, exilioa(k)!

Larraitz Ariznabarreta Garabieta.
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Exiliorik gabe, nor naiz?», galdetzen du hasperen liriko bezain bortitz batean —erretorikoki— Mahmud Darwix idazle palestinarrak bere poema hunkigarrietako batean. Berdin, nor gara euskaldun abertzaleok gure historia hurbilean disidentziaren oihartzun behinekoena gogora lekarkigukeen pasartea ahaztu dugun honetan? Gure intelektual erresistenteen durundirik gabe, zer gara egungo euskal herritarrok? Ertzeko pentsamendua adierazi duten autore bakarrenetakoen memoriarik gabe, nor izanen dira gure ondorengoak? Zer diote gutaz —gure kulturaz, ideologiaz, erakundeez— botere arrotzekin otzan izateko joera akonplexatuek, gure artean nabarmendu arte gailendu diren horiek? Ez ote dira ajeok, besteak beste, exilioaren, eta disidentziaren, kontzientzia galtzeak dakartzan kalteak? Eta zer da, bada, intelektuala—zer, herritar menperatua— erdiguneko pentsamenduarekiko askea eta iraultzailea ez bada? Exiliorik gabe, nor gara euskaldunok? Zenbait lamina bihurtu ziren, zenbait badira arraiak.

Gurean, exilioaren —eta garai desberdinetako pentsamendu disidentearen— erresonantzia premia inoiz baino handiagoa dugu, erabiliaren erabiliz hitza bera lardastu eta narrastu badugu ere —Ai, Ibinagabeitia! Ai, Ugalde! Ai, Sarri! Exílio é papel em que a gente escreve. Boterearekiko deserritik —periferiako ertzeko puntaren puntatik— baino ezin du intelektualak —eta berdin herritar xumeak ere— libreki pentsatu, aske esan, hitzak itzuli beharrean irauli, disidentzia adierazi. Horra intelektual abertzalearentzat aldera ezina beharko lukeen Whitmanen kausa zahar handia.

Intelektual exiliatua —definizioz— disidentea da, eta intelektual disidentea, gurean behintzat, derrigor, botere arrotzarekiko erbesteratua. Horrexegatik, exilioko idazleak lan autobiografikoak idaztera eta berridaztera kondenatuta daudela esaten den arren, erbesteratuen estilo autobiografikoak bere biografemei gailentzen zaizkien hainbat ezaugarri izan ohi ditu, besteak beste, oinordekoei testigantza uztea helburu dutelako. Idazle erbesteratuaren hautua, kontatzea merezi duenaren eta merezi ez duenaren arteko erabakia, beti dago lekukotasun xede horren menpe. Paradoxikoki nahi bada, intelektual erbesteratuak hitz ideologikoa eta demokratikoa darabil uneoro. Haren diskurtsoari dagokionez, dena da masa hitza, dena da espazio errepresentatiboa, dena da polifonia endogenoa, dena da enuntziatu kolektiboa. Berdin banakoari edo herriari mintzo zaionean ere, idazle exiliatuak badaki —sasi-intelektual zerutiarrek, behin eta berriz, kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren— euskal kulturaz ari denean politikaz ari dela. «Here there is no I»— dio Darwixek bortizki. Ai, gurean ere, gerra ondorengo exilioaren disidentzien joanen zitala nork lekarke lehenera!

Exilioak gurera egindako ekarpenen gordintasunaren tobera desagerrarazi dute gure literatura antologia eta testu liburuetatik. Gure gerra ondorengo exilioak dirudi idazle bakan zerutiar apolitiko antzuz osatutako aingeru-abesbatza egiturarik gabea. Desagerrarazi dute Zaitegiren Euzko Gogoa, kostata aipatzen da Ugalderen guda literatura —haren Iltzaileak—, ez dira inon topatzen Amezagaren erriminak edo Tellagorriren telurismoa. Nekez aurki daiteke Monzonen aberri mistikaren zantzurik, saiatuta ere ez Ibinagabeitiaren klasikoen guretartzea. Egungo idazle erbesteratuaren bulkada politikoa ere lausenguz eztitu —bere egin, edukiz hustu— nahi du administratzaile kolonialak. Ai, positibismoaren objektibitankera interesatuak! Ai, propagandaren erretorika autokonplaziente gezurtia! Exílio é bater do outro lado de uma porta fechada.

Gure artean bizi den arren, egungo intelektual iraultzailea ere exilioan bizi da —zaldun arrotzek setiatua—; ez berak horrela nahita, herria baitu helburu. Intelektual iraultzaileak oximorona salatzea, falazia desegitea, herri langilearen dardarak eta hotzikarak azaleratzea du xede, herri deserrotuarekin batera kontzientzia berri bat eraikitzea helburu. Boterearekiko intelektual erbesteratuak amarruak, berritsukeria, politikakeriaren azpikeriak, eta praktika epel oro ditu gaitzesten. Intelektualak dio metropoliarekiko obedientzia uzkurra ez dela demokratikoa.

Sasi-intelektuala, berriz, bere mesederako bizi da fikziozko ahaleginean —bere puritanismo abstraktuan— dekorazioari so: atondua diskurtsoa, kondeszendientea begirada, artikulatua iritzia, sofistikatua hitza, normalizatzailea jarduna, banpirikoa eta post-koloniala pentsamendua. Sasi intelektuala gizonaz ari da filosofia entelekia unibertsal balitz bezala, eta bakarrik onartzen gaitu —gu eta gure zirkunstantziak— baldin eta gure begiradarekiko lauso —errudun— sentiaraztea lortzen badu. Konplexuz beteta, gure nortasunarekiko lotsati baino ez gaitu aintzat hartzen, eta orduan ere, irribarre maltzurra dario ispilu arrotzaren islak bueltatzen dizkion gure kulturaren itzal grotesko, zatar, txikituen irudien aurrean; nehork ezin baitu aitortu bere nortasunik hain inor izanda.

Exiliorik gabe nor garen? Ai, Darwix! Geure jabegoko baserri pobrean maizter, esaneko subjektu otzan, metropoliko xantaiek kikildutako herritar subordinatu, hankapeko oinazearen seme-alaba, era guztietako tiranoen morroi. Horretan ere badu kolonizatuak bizi den herriaren antza.

Hala ere, fortunaz —eta gure nortasunaren osabide eta euskarri— gure arteko herritar xume asko —multitudea osatu arte— ez gaitu bizi sasi-intelektualaren diskurtso handinahi harroak, ez gaitu baretzen edo lausotzen haren kondeszendentzia onbera interesatuak. Gutako asko beste gu gara: exilioaren oinordeko eta oihartzun, ezagutzen dugu gure deserria. Herritar isilduen lanari— eta intelektual disidenteen— pentsamenduari esker diraugu ikaragaitz. Beti eskamak kentzen —mito hutsalen pean— badakigu nor garen, eta setatsuak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.