Aitortza eta erreparazioa langile migratu eta arrazializatuentzat

Xabier Ugartemedia eta Josefina Roco 'Txefi'
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Abenduaren 1ean, Gasteizko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Publikoaren Legea onartu zuen. Sindikatu batek ere ez du legea babestu, bere izaera merkantilista eta pribatizatzaileagatik. Beste behin ere, PPk, PSOEk eta EAJk zuzenean inplikatutako eragileen parte-hartze eraginkorra eragotzi dute. Helburu argia dute: beren eredu baztertzailea eta elitista inposatzea.

Hainbat dira lege honi ezezkoa emateko arrazoiak, abenduaren 1ean bertan legebiltzar aurrean egindako mobilizazioan adierazi genuen bezala (pribatizazioa, murrizketak betikotzea, enplegua ez egonkortzea, Madrili men egitea, inposaketa, euskara...). Oraingo honetan, baina, beste estatu batzuetako herritarrek enplegu publikoa lortzeari dagokionez aipatzen diren elementuetan (72. artikuluan) jarri nahi dugu arreta berezia.

Legeak berritasun gisa ezartzen du nazionalitatearen betekizunetik salbuesteko aukera euskal administrazio publikoen jarduera-sektore jakin batzuetan funtzionario izateko, interes orokorreko arrazoiengatik bada. Testuan beharrizan objektibo esaten zaionari dagokionez, hiru dira adierazitako eremuak eta sektoreak: batetik, informazio- eta komunikazio-sistemak etateknologiak; bigarrenik, mediku espezialistak eta Osakidetzako erizaintzako langileak; eta hirugarrenik, ertzainen eta udaltzaingoen plazak, lurraldean bereziki presente dauden immigrazio-sektoreen hizkuntzak eta kultura ezagutzeko beharrak dituztenak.

Galde genezake zergatik den garrantzitsuagoa eta lehenesten den polizien kontratazioa zaintzaileena (egoitzetako plantillak indartzeko, etxez etxeko laguntza, etxeko langileak...) baino. Edo azaltzeko eskatu zer den behar objektiboen kontu hori. Nork, nondik eta zein irizpideren arabera erabaki du? Egin gabe ere, erantzunak susma ditzakegu.

Lege honekin gauza esanguratsu bat argi geratzen da, eta horretan arreta jartzea nahi dugu. Lege honek agerian utzi du borondate politikoa dagoenean eta interesatzen zaionean Eusko Jaurlaritzak baliabideak eta eskumenak dituela Espainiako Atzerritarren Legea saihesteko.

Hau ez da huskeria. LABek sarritan esandakoa berretsi du: Borondate politikoa balego, posible litzateke Eusko Jaurlaritzak egitea Madrilek sistematikoki ukatzen duena: pertsona migratuen erregularizazioa ahalbidetzea.

Hori aipatuta, argi esaten dugu: hau ez da modua. Langile migratu eta arrazializatuak ez dira patronalaren eta elite politikoaren interesen arabera mugitzen diren joko fitxak. Ezta euskal instituzioen beharren arabera erabili edo botatzeko joko fitxak ere. Euskal Herrian funtsezko lana egiten ari diren eskubidedun subjektuak dira langile migratu eta arrazializatuak, baina bidegabea eta berdintasunik gabea den lege baten aldeko apustua egin du Eusko Jaurlaritzak.

Eredua izan beharko lukete erakunde publikoek. Baina zoritxarrez, egun administraziopean baina azpikontratatuta eta pribatizatuta dauden hainbat sektoretan egoera oso kaskarra da. Sektore hauetan partzialtasuna, prekarizazioa eta behin-behinekotasuna nagusi dira, eta asko dira eremu honetan lanean dabiltzan langile migratu eta arrazializatuak. Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratzen du, orain hartu dituen erabaki interesatuan agerian utziz.

Merkatuaren eta interesaren araberako erregularizazioa baino gehiago, LABekook guztiontzako aukera-berdintasuna eta eskubideak bermatuko dituzten legeak eta prozedurak eskatzen ditugu, errekonozimendu, erreparazio eta justizia kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.