Alternatibak erakusten dituen sindikalismoa

2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
ELAk ordezkatzen duen mugimendu sindikalak ez du txirotze kolektiboaren konplize izateko asmorik, ez eta eskubide laboral eta sozialen kontrako atrakoaren, kapitalak exijitu eta gobernuek egiten duten atrako horren konplize izateko asmorik ere. Zer-nolako lapurreta da hau? Gure eskubideek zerikusirik ez duten arren, krisi kapitalista bat baliatzen ari dira berriro errenta transferitzeko, errenta kopuru itzela, gure poltsikoetatik enpresa handien eta bankaren eskuetara.

Ehizan dabiltza. Honezkero harrapatu dituzte ale batzuk, baina are gehiago nahi dute. Kaleratzea erraztu eta merkatu egiten duen erreforma laboral bat eman diete, enplegu duinen ordez prekarioak hedatzeko. Pentsioen erreforma bat ere bai; pozez txoratzen daude banketxeen Pentsio-Fondo pribatuak. Eta orain negoziazio kolektiboaren erreforma bat ere nahi dute, soldatei eraso egin, hitzarmenak suntsitu eta langileon ekintza kolektiboa desegiteko.

Testuinguru horretan, aurrekontuak historian izan diren injustuenak dira. Gizarte-prestazioak murriztu egiten dituzte: osasungintza, irakaskuntza; enplegua suntsitzen dute... Aurrekontuen abiapuntua argia da: fiskalitatea ez da ukitzen, ezpada aberatsei zergak jaisteko. Noizko utzi dute hemengo ogasun sailek sozietateen zergaren hurrengo jaitsiera?

Gu txirotu, pobretu nahi gaituzte, eta manipulazioa besterik ez dute egiten; eztabaida eta alternatibak ukatuz. Adibidez, defizit publikoa ez dela eskubide sozialen ez soldaten erruz sortzen ezkutatzen dute. Defizita sortzeko beste hainbat arrazoi daude: PPk, PSOEk, PNVk, UPNk eta CiUk deskapitalizatu egin dute fiskalitatea; Espainiako Bankuak eta hurrenez hurren izan diren gobernuek ekonomia espekulatiboa elikatu dute; banketxeei ematen dioten dirutza izugarria; patronalarentzako era guztietako laguntzak —Europako patronalen artean diru laguntza handienak jasotzen ditu, Europako bizkarroiena da—. Hor ditugu arduradunak, baina, harrigarria badirudi ere, murrizketa sozialen agenda eurek erabakitzen dute, berea arriskutan egon ez dadin. Horregatik da lapurreta bat, iruzur bat.

Klase politiko ia gehienaren serbilismoaz baliatzen dira. Katastrofe politiko bat pairatzen ari gara, eta kaltedun asko geratzen da bidean. Ez al da katastrofe bat herritarrek ezin bereizi izatea politika ekonomikoak Berlusconi, Zapatero, Merkel, Cameron, Socrates, Patxi Lopez, JL Bilbao edota Markel Olanorenak diren ere…? Horiek guztiek, bakoitzak bere ahalmenen barnean, politika bera egiten dute. Orain Konpetitibitate Ituna dator. Estatuak beren borondatez makurtzen dira Europako Batzordearen esanetara, botere ekonomikoaren esanetara dagoen erakunde horrek polizia lanak egin ditzan eta politika kontserbadoreak, eskuinekoak berma ditzan.

Eraso horien guztiak ikusirik, sindikalismoak aurpegia ematea beste aukerarik ez du, eta botere politikoa bakarrik utzi behar du. Baina CCOO eta UGT ez dabiltza horretan. Pentsioak murrizteko zoritxarreko itun sozial eta ekonomikoa patronalarekin eta espainiar gobernuarekin sinatu zuten, eta itun hori Europako Batasunean eskuineko indarrek adibide gisa jartzen dute, estatu guztietara zabaldu nahi lukete; baina Europan sindikatuek ez dute onartzen.

Ez dago «elkarrizketa sozialik», alde bakarreko politikak baizik. Eta lan munduak gezurrezkoak ez diren erreferentziak behar ditu. «Elkarrizketa soziala» iruzur bat da, sindikalismoa isilarazteko ondo betetako aska bat. Baina gu ez gaituzte horra eramango.

Estatua krisiaz baliatzen da gure herrian ekintza politiko, sozial eta sindikalerako tresnak kentzeko. Eta legeak egiteko ahalmena nahi dugu lan baldintza duin batzuk defenditu ahal izateko. Negoziazio kolektiboko mamiari heltzeko: prekarietatea, soldata eskasak, esplotazioa, lanaldi luzeak... Zer sari jasotzen dute CCOOk eta UGTk, egiten dutenaren truke? Negoziazio kolektiboaren erreforma bat, beren ordezkaritzako monopolioa ekarriko duen erreforma. Horixe ari dira negoziatzen.

Bai, patronalak txirotu egin nahi gaitu, eta CCOOk eta UGTk beste sindikatuen eragina gutxitzeko monopolioa lortu nahi dute, gure eragina ahuldu, alegia. Bost axola die horrela lan baldintzak okertzeak —zentralizazioak edota salbuespen klausulak hori ekarriko du...—. Guk non eta zer negoziatzen den erabaki nahi dugu; hori erabakitzeko ahalmena nahi dugu. Eskubide hori ukatuko digun egitura estatal bertikal eta burokratikorik ez dugu onartzen. Ez dugu onartzen guk gure herrian negoziazio kolektiboa egiteko eskubidea eragotziko duen LOAPA sindikalik. Errespetu demokratikoa exijitzen dugu, gehiengo sindikalek esparru bakoitzean demokratikoki erabaki dezaten.

Hori da gure erabakitzeko esparrua, langileona. Lan-harreman eta gizarte-babeseko euskal esparrua nahi dugu, non negoziazio kolektiboa funtsezkoa den. Horregatik, alderdi politikoei, denei, dei egiten diegu, batik bat erabakitzeko euskal esparrua aldezten dutela diotenei, erreforma honi aurre egin diezaioten. Gai honetan ere patronalaren interesen arrastoan sartzea utzikeria politiko oso larria litzateke, zalantzarik gabe euskal langile klasearen bizi kalitate eta lan baldintzei kalte egingo liekeena. Eraso hauek ikusirik, ELAk mobilizatzea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.