Alternatiben herria, bizitza burujabearen aldeko gure apustua

Bea Martxueta eta Mikel Saralegi
2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Han eta hemen indarrean dauden politikek goitik behera baztertzen dugun bidea markatzen digute. Nabarmena da gure bizitzen eta planetaren kontrako mehatxua: desberdintasun gero eta handiagoak, aberastasun soziala kapitalak pilatzea, eskubide sozialen murrizketak, bazterkeriaren gorakada, natur baliabideak gaizki erabiltzea, zerbitzu publikoak pribatizatzeko gogoa, ordena patriarkala indartzea, erabaki eta geure buruak antolatzeko gaitasun burujabea kentzea, iraunkorra ez den ekoizpen eta kontsumo-eredua indartzea...

Krisi sakon eta globalean harrapatuta gaude. Ekonomiaren hazkundeari egiten zaizkion aipamenek ezinezko egiten dute errealitatea ezkutatzea: gero eta gehiago dira bizi-baldintza zail, injustu eta prekarioetan bizi behar dutenak, osasuntsuak ez diren inguruneetan. Munduan gertatzen denetik ezer ez zaigu arrotza. Horregatik, hemendik, Euskal Herria deitzen dugun lur-zati honetatik, pertsonen kontrakoa den ordena sozial, ekonomiko, kultural eta politiko hau aldatzen parte hartu eta lagundu nahi dugu. Bai, indarrean dagoen sistemaren norabide eta egiturak aldatu nahi ditugu ondo bizi ahal izateko, herrien beharrizan eta desioei erantzun ahal izateko, geure buruak eta planeta zaintzeko.

Itxaropenez ikusten dugu azken urteotan Euskal Herrian neoliberalismoaren ur uherrak astindu nahi dituen korronte soziala. Demokrazia eta tresna propioen aldarrikapenetik eta kontrarreformei aurre egiten dieten mobilizazioetatik, bide berriak iragartzen saiatzea eta horretarako asmoa duten egitasmo, hausnarketa eta ekimenen leherketara. Hazten jarraitu behar duen korronte soziala, konplizitateak ehun behar dituena, bere buruari erronka berriak jarri behar dizkiona gure herrian egitasmo neoliberalari energia handiagoz aurre egiteko, inperialismo kapitalistari nahikoa dela esan ahal izateko.

Alde horretatik, hamarnaka eragile sozial eta sindikal, eta hainbat norbanako boluntario eta militante konprometituta daude Alternatiben Herriaren antolakuntzan, Bilbon urriaren 24an antolatuko den ekimenean. Errealitate bizia erakusteko aukera paregabea, indarra eta borondatea duen herria, bizitza soziala eraikitzeko modu berri baten oinarriak jarri nahi dituena, «auzolanaren» filosofian lagunduta: guztion onaren aldeko lan kolektibo eta desinteresatua.

Azken urteak gure sumin eta protesta sozialaren lekuko izan dira Euskal Herrian. Aldaketa politiko eta sozial sakona lortzeko gure gogoen lekuko ere izan dira. Jakitun gara erronka gogorra dugula, benetako boterea, estatal eta ekonomikoa, dutenen aurrean. Galdera asko planteatzen zaizkigu estatuetatik, administrazio kontseiluetatik eta pertsona eta herrien bizitzen ukazioa inposatzen duten elite politiko instituzionaletik euren tirania erabiltzen dutenen prepotentziaren aurrean. Badakigu nolako zailtasunak eratortzen diren dagoen botere desorekatik. Eta, horregatik, ulertzen dugu Euskal Herrian kapitalismoaren aldaketa kualitatiboa eta burujabetza eskuratzea ekarriko duen egitasmo orotan lagundu eta parte hartzeko dagoen beharrizana.

Hilaren 24a mobilizazio egun berezia izango da: hausnarketa eta jaia uztartuko ditu, eztabaida eta elkartasuna, konpromisoa eta esperantza. Tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, informazio-pilulak, azoka soziala, jantoki ekologikoak, kale-antzerkia, erakusketak, erromeria, dokumentalak... Eta protagonismoa, esparru ezberdinetan indarrean dagoen egungo ordena bidegabearekin amaitzea bilatzen dugun guztiona izango da: ekologia; sexuaren, funtzioaren eta jatorriaren araberako aniztasuna; lan produktibo zein erreproduktiboa; aberastasunaren banaketa, justizia klimatiko globala, herrien arteko elkartasuna eta bidezko merkataritza, presoak, ordena patriarkala, bizikidetza modu berriak, guztiari buruz erabakitzeko demokrazia eta burujabetza, kultura, hezkuntza-ereduak, euskara ondare komun bezala...

Ekiteko garaiak dira, errebelatu eta eraikitzekoak, eragin eta eraldatzekoak. Gauzak aldatzeko aukera txikiena ukatu eta konponbide faltsuak saltzen dizkigutenei entzungor egitekoak. Proiektu neoliberalak eta bere defendatzaileek inposatu nahi diguten norabide bakarra desobeditzeko garaiak dira.

«Alternatiben herria», Bilbon, izango da gure hurrengo hitzordua. Denok gaude deituta, norbanakoak, taldeak, elkarteak, mugimenduak, sindikatuak, handi zein txikiak... Egun horretan protagonista izateko deia egin digute gure ideia, ekarpen, ikuspegi, desberdintasun, egitasmo, ekintzekin... Bertan egongo gara gure herrian bizitza eta energia, konpromisoa eta erantzunak, badaudela erakusteko. Badakigu zer nahi dugun, eta baita zer behar dugun ere Euskal Herrian indarrean dagoen eredu neoliberala alternatiba ugarirekin garaitu ahal izateko. Ez gara gure herri eta auzoetara esku hutsik bueltatuko. Ez da azken hitzordua izango. Bidean elkartuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.