Ama hizkuntza deitura, Genevako Unibertsitateko Dolz irakasleak, eta beste espezialista batzuk esan izan duten bezala, deitura sexista da. Izan ere, gure gizartean bezala beste askotan ere hizkuntzaren transmisioa ez dute amek soilik egiten, aitena eta beste bitarteko askoren eginkizuna ere bai baita. Bestalde, izen horrek biologiaren eragina gehitxo azpimarratzen duela esan daiteke. Egia da gaurdaino, behintzat, amengandik jaiotzen direla haurrak, eta amaren eginkizun biologikoarekin lotutako ezaugarri anatomikoa balitz bezala irudikatzera eramaten gaituela ama hizkuntza deiturak.
Errealitatea hobeto irudikatzen duten deiturak iruditzen zaizkigu lehen hizkuntza, familiako, jatorrizko edo etxeko hizkuntza, lehenengo gizarteratze hizkuntza…, ama hizkuntzarena baino. Bestalde, gure gizartean eta beste askotan, elebitasuna eta eleaniztasuna ohiko direnetan, askok lehenengo bi hizkuntza izatea oso normala da.
Baina artikulutxo honen helburua ez da ama hizkuntza deitura eztabaidatzea edo horren ordezko egokiena bilatzea baizik eta deitura horren erabileraren inguruan gogoeta egitea, bereziki hezkuntzaren eta oro har ikerkuntzaren alorretik.
Unescok 1999. urtean ezarri zuen otsailaren 21a, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko egun bezala, eta helburua zen jatorrizko hizkuntzak, eta bereziki gutxituak, aintzat hartzea eta haien erabilera bultzatzea. Lehenago, 1954. urtean, Unescok ebazpen nagusi bat ere plazaratu zuen familiako hizkuntzak eskolan erabiltzeko gomendioarekin —haur eta lehen hezkuntzara mugatzen bazen ere— , eskolako porrota saihesteko helburuarekin.
Bestalde, 1928. urtean, Genevako Hezkuntzaren Nazioarteko Bulegoak (BIE) Luxenburgon antolatu zuen Hezkuntza Elebidunaren Lehengo Kongresua. Han bildu ziren Europako zenbait herrialdetako espezialistak, betiere hizkuntza ofizialaz gain beste hizkuntza bat egiten zen lekuetakoak, tartean katalanak, galesak, bretoiak eta euskaldunen bat ere bai, eta ama hizkuntzan eskolatu beharra izan zen handik atera zen ondorio nagusia. Nolanahi ere, kongresu hartan ez zen hezkuntza elebiduna gomendatzen. Alderantziz, elebitasunak ikasleen eskola mailan atzerapena sorrarazten zuela adierazten zen bertan aurkeztutako ikerketa batzuetan oinarrituz.
Gaur, jakina, ez genituzke zientifikotzat hartuko ikerketa horiek; izan ere, beste zenbait gauzen artean, galestar ikasleek ongi menderatzen ez zuten ingeleseko hizkuntza probetan emandako emaitzetan oinarritzen baitziren.
Joan den mendeko hirurogeikoetatik aurrera Kanadan hasi eta mundu osoan garatu diren ikerketa ugariek, ordea, oso bestelako emaitzak ekarri dituzte. Programa elebidun eta eleaniztunak, eta bereziki murgilketa bidez garatzen direnak, onuragarriak direla erakutsi dute bai norbanakoarentzat baita gizartearentzat ere; ezagutza eta hizkuntza mailako garapen handiagoa lortzen da, eta hizkuntza gutxituak bizirik irauteko eta giza eta kultura integrazioa ahalbidetzeko aukera aparta eskaintzen dute. Elebidun/eleaniztun programa arrakastatsu horietako batzuk euskara eta katalana hizkuntza gutxituen bitartez garatu dira. Eta programa horiek jarraitzeko aukera izan duten ikasle gehienak ez dira eskolatu ama hizkuntzan.
Edozein hizkuntzatan eskolatu daitekeela esan nahi ote du horrek? Ez diola axola etxeko edo lehen hizkuntza zein den hezkuntza sistemak antolatzen direnean? Jakina ezetz.
Badakigu hizkuntza nagusietatik abiatzen diren ikasleek, alegia lehen hizkuntza nagusia dutenek, abantaila dutela bere hizkuntza garatzeko; izan ere, bitarteko guztiak, erabilerarik arruntenetik garatuenera dituzte eskura hizkuntza horretan; familian, informatika sareetan, komunikabideetan, merkataritzan… Bitarteko horiei guztiei esker, ikasle horiek bere lehen hizkuntza arazorik gabe gara dezaketenez, eskolan beste hizkuntza/k ikas ditzakete eta hala elebidun/eleaniztun bihurtu horrek dituen abantaila guztiekin. Adibidez, ikasle elebidun euskaldun edo katalanek, eskolan, gaztelaniaz astean hiru ordu baino gehiago egin ez arren, gaztelaniaz soilik eskolatutako elebakarren pareko emaitzak lortzen dituzte. Esaterako, PISA 2009 probetako emaitzetan ikasle euskaldun edo katalan elebidunek OCDE herrialdeetako ikasleen batez besteko maila erakusten dute, Espainiako batez bestekoaren gainetik.
Etxetik hizkuntza gutxitua dakarten ikasleek, aldiz, eskolaren eta beste bitartekoen laguntza ezinbestekoa dute, derrigorra baita hizkuntza horrek gizartean duen desoreka arindu eta haren garapenean ahalegin berezia egitea, hizkuntza gutxituen ohiko prestigio faltari aurre eginez, eta gizarte elebidun/eleaniztunetako harreman bateratuak bideragarri egiten lagunduz. Etxeko hizkuntza/eskola hizkuntza lotura, beraz, oinarrizkoprintzipioa da, baina batezere hizkuntza gutxitu eta arriskuan dauden hizkuntzen kasuan.
Ama hizkuntza deituraren izaera biologikora etorriz, bestalde, badirudi izen horrekin hizkuntzen izaera genetikoa azpimarratzen dela, eta hala norbanakoan oinarritutako eta neurolinguistikatik egiten diren ikerketak hobetsi. Euskal Herria hizkuntza aldetik laborategi zientifiko guztiz interesgarria dela jakinda, ezin dugu ulertu zergatik aukeratzen den hizkuntza alorreko ikerkuntza inbertsio nagusi modura ikerketa neurolinguistikoak soilik egingo dituen ikerketa-erakunde bat sortzea. Ez dugu ukatzen ikerketa neurolinguistikoen interesa, baina jakina da ikerketa horiek eraginik ez dutela edo ezer gutxi esan dezaketela hizkuntza politikan, hezkuntzan edo bestelako zerbitzuetan hartu behar diren erabakietan laguntzeko, ez baita ahaztu behar hizkuntza jokabideak nagusiki eginkizun sozialak direla. Badakigu biologiak, eta neurologiak zeresanik ez, prestigio handia duela gaurko gizartean, baina hizkuntza zientzietan, eginkizun zientifiko zailagoa eta bestearen pareko erronka da hizkuntza jokabideak bere izaera soziala ardatz hartuz azaltzea.
Ama hizkuntzaren eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu