Amaren Eguna igaro berri da eta sare sozialak zorion mezuz beteta ikusi ditugu, baina, zer da ama izatea gaur egungo gizarte honetan? Behar edo merezi duen ikusgaitasuna ematen diogu amatasunari? Jakin badakigu ama izateak sakrifizioa dakarrela, kontziliazioa bermatzen duen neurririk existitzen ez dela eta, beraz, ama garenok itota bizi garela soldatapeko lana, etxekoa, zaintzak eta bizitza pertsonala uztartzen saiatzen garenean. Hori gutxi balitz, gizarteak etengabe epaitzen gaitu; askotan, baita a priori babesa eman behar diguten eta maitatzen ditugun pertsonek ere.
Azken urteotan zaintzaren kontzeptua askotan entzun dugu, bai aldarri feministetan eta baita politikagintzan ere; zaintzak bizitzaren erdigunean jartzea beharrezkoa da, zaintzarik gabe ez baitago gizarterik. Iruditzen zait, ordea, zaintzaren inguruan hitz egiten dugunean zaintza eredu konkretuez hitz egiten dugula, hau da, gaixoen, adinekoen edota mendekotasuna duten pertsonen zaintzaz dihardugula, alegia. Baina, non geratzen dira elkarrenganako zaintzak, familiartekoen edota lagunartekoen zaintzak? Egun bizi garen gizarte kapitalista hau indibidualismoan oinarritzen da; ni naiz garrantzitsua, ni interesgarria, ni erdigunea. Horrek eragin zuzena dauka beste pertsona batzuekin harremantzeko garaian, pertsonak ez ditugu beste subjektu emozional bezala ikusten, hots, gure beharrizanak asetzeko objektu bezala ikusten ditugu. Hau da, lagunak egiten ditugu, kuadrilletan biltzen gara, baina gure beharrizan konkretu batzuk betetzeko soilik; izan dadila parrandan ateratzeko, arratsaldean kafe bat hartzeko edota noizbehinka bazkariak egiteko, besteak beste. Honela sortzen ditugun harremanek berekoikeria izaten dute ardatz, enpatian edota errespetuan oinarritu beharrean.
Horren adibide argia da amatasunarekin hainbestetan gertatzen dena. Emakume batek ama izatea erabakitzen duen momentuan lagun zituen pertsona ugari aldendu egingo zaizkio. Uste baino gehiagotan gertatzen den fenomenoa da, batez ere, talde berean amatasunaren inguruko desira desberdinak daudenean. Lagun-talde batean ama den emakumeak ezingo du ama izan baino lehenago talde horretan zuen rolarekin jarraitu, ezin izango ditu ama izan aurretik jarraitzen zituen ordutegiak bete, ez eta plan edota ekintza berberetan parte hartu. Ama izatean gure bizitza guztiz eraldatzen da, gure errealitateak aldatu egiten dira.
Era berean, posible da ama den emakume batek lagun-taldea partekatzea bere bizi-une berbera konpartitzen ez duten beste lagun batzuekin, posible da eta normala da. Baina ez da normala ordea, edo ez luke izan beharko behintzat, ama izateagatik eta kuadrillan ordura arte izandako rolarekin ezin jarraitzeagatik lagunartea murriztua ikustea. Berekoikeriaz eta hutsalkeriaz jokatzen dugu gure laguna den ama bati ama izateagatik bizkarra ematen diogunean gure beharrizan sozialak lehen bezala ase ezin dituelako.
Gure gizartean, amatasuna bakardadearekin lotuta dago oso. Familia nuklearraren kontzeptuarekin jarraitzen dugu, babes eta laguntzarik gabe hazten eta hezten ditugu gure seme-alabak, eta hori nahikoa ez balitz bezala, sozialki betetzen dugun papera bigarren maila batean geratzen da, gure gizarteak ez baitu amen lana ez babesten, ez aitortzen, ez maitatzen.
Nola jarriko ditugu zaintzak erdigunean harremanak sortzeko ditugun moduen inguruan hausnartzen ez badugu? Nola jarriko ditugu zaintzak erdigunean amatasuna gizartearen zentroan jartzen ez badugu? Gizarteak norabidea galdu du zeharo gure lagunaren amatasuna onartzen ez dugunean, are gehiago, norabidea galdu dugu zeharo lagunaren ama izateko hautuak gure bizitza baldintzatzen duela uste dugunean.