Amazonian, suari su?

2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hedabideetatik desagertu den arren, Amazoniako suteen kea ez da eten. Izan ere, abuztuan mundu osoko lerroburuetara jauzi egin zuenean, aspaldi zerien kea planetako birikei. Momentu horretan suteen areagotzea Greta Thurnbergek katalizaturiko Klimaren Aldeko Matxinada eta G7ren goi bilerarekin bat etorri zen eta horrek bertzelako presentzia eman zion aferari. Alta, zaharrak berri.

Garimpeiro delakoak —harribitxien bilatzaile ilegalak— izan ziren Amazoniaren erraietan zauriak irekitzen lehenak, zeru irekiko meatzeak egiten, ibaien bidea aldarazten, urak kutsatzen eta bertako herri indigenei erasotzen. Ia batera etorri zen zuraren bilaketa eta energia hidrikoaren ustiaketa. Hogeita hamar urte baino gehiago pasatu dira Chico Mendes sindikalista eta ingurugiro ekintzailea hil zutenetik Amazoniako oihanaren suntsipen eta bazkalekuen hedatzearen aurka aritzeagatik, eta horren moduko krimenak nabarmenki gorantz doaz azken hamarkadan. Izan ere, Amazonia eta cerrado eta pantanal bezalako bertze bioma brasildarren gaineko presioa gero eta handiagoa da. Etengabeko narriadura honen arrazoia latifundio jabeek nekazal lurren muga lekualdatzeko duten nahikeria da, modu horretan nazioarteko merkataritzaren eskaria asetzeak sortzen duen negozio erraldoian sartzeko.

Gero eta handiagoa den mundu eskariari aurre egiteko, agronegozioak landa eremu gehiago menperatu behar ditu. Horretarako, gobernu kontrol-eskasiaz baliatuta, lehendabizi oihana ustiatzen da, balio komertzialeko egurra moztuz. Jarraian, sua ematen zaio gainontzeko landarediaz garbitzeko. Eta horrela lurra prest geratzen da izen-mailegatzaileak erabiliz horren jabetza erregistratzeko eta mundu osorako lehengaiak ekoiztearren soja landaketak edo azienda hartzeko.

Amazoniaren biziraupena arazo multidimentsionala eta konplexua da, beraz. Nazio mailatik hasita, gobernu federalaren jarrera gako nagusia da: nola ulertzen du Brasilek Amazoniaren existentzia bera? Desorekez beteriko herrialdea izanik, populazio eta ekonomia aldetik nagusiki kostaldean kontzentraturikoa, munduko oihan tropikalik handiena dirua azkar egiteko aukerez beteriko eta, beraz, menderatu beharreko far-west-a da elite ekonomiko eta politikoaren gehiengo zabal batentzat, bereziki Bolsonaro presidente ultraeskuindarra babesten dutenentzat. Honela, gobernu kolorearen araberako ñabardurak gorabehera, nekazal muga aitzinatzen joan da pausarik gabe. Brasilek ez du inoiz ingurumen politika eraginkorrik garatu, ezta etekin ekonomikoa lortzeko karbono isurketen merkatuan aritzen saiatu ere. Herri indigenek, mugimendu ekologista eta zenbait erakunde publikoren funtzionariok zabalduriko ohartarazpenak ez dira nahikoak izan garapen politika desarrollista epeltzeko.

Zalantzarik ez da arazoaren larritasuna ez litzatekeela hainbertzekoa izanen nazioarteko lehengaien eskariak akuilatuko ez balu oihanaren suntsipena. Izan ere,eskari hori nabarmen handitu da azken hamarkadetan bi arrazoi nagusi direla eta: Txina mundu mailako soja eskatzaile nagusi bihurtu izana eta Europan gero eta intentsiboagoa den abeltzaintzaren garapena. Izan ere, bere behar gorakorrak asetzeko gai izan ez eta 1990eko hamarkadatik aitzin Txina soja inportatzaile bilakatu da, egun munduko nagusia. Bertzalde, GATTeko akordioak direla eta, 1960ko hamarkadaz geroztik erabateko erraztasuna du sojak Europako merkatuan sartzeko. Azienda europarra elikatzen duen soja brasildar hori gehiena transgenikoa da, gainera. Adosturiko EB-MERCOSUR merkataritza askeko hitzarmena onartu gabe egonik ere, errealitatea da Europar Batasunak ardura handia baduela Amazoniako oihanaren suntsiketan, hori eragiten duen lehengaien erabat menpekoa delako.

Horregatik, Miarritzeko G7ko lider europarren kezka eta haserre antzezpena egiatan hutsala da. Bi bloke erregionalen arteko hitzarmena ez onartzeko mehatxua efektista izan daiteke, Brasilgo agronegozioari bere desmasiak zertxobait autokontrolatzerat edo itxurak egiterat— eraman dezake, baina funtsean ez da eraginkorra. Izan ere, gaurko egoera dagoeneko ez da. Aipaturiko Amazoniaren Funtsaren diruztatzearen murrizketak ere ez die zuzenean eragiten oihan-galtzearen erantzule zuzenei, baizik eta hain juxtu horren kontra aritzen diren GKEei eta gobernu erakundeei.

Amazoniaren txikitzea geldiarazteko eraginkorra den zerbait egin nahi izanez gero, gobernu europarrek etxetik hasi beharko lukete. Ez da batere erraza, baina. Bertze hainbat alorretan ere kaltegarria den abeltzaintza eredu produktibo intentsiboa deuseztatze bide luzeari ekin beharko litzaioke. Bitartean, soja eta haragi inportazioak murriztu edota ingurumen estandarren betetzeak baldintzatzea ezarri beharko litzateke. Paraleloan, kostu «berdeak» prezioetan barneratzeko mekanismoak diseinatu eta ezarri beharko lirateke.

Doike, gobernuak ez dira lobby ekonomiko handien aurkako bide malkartsu horretatik abiatuko jendarteak ez baldin baditu horretarat irmoki bultzatzen. Bertze behin ere, sistema kapitalista honetan nazioarte mailako aferetan herritar soilek eragiteko dugun modu zuzenetakoa gure kontsumitzaile rolean dugun jokaera da. Gure eguneroko kontsumo ohiturek inpaktu azkarra sortzen ahal dute, milaka kilometrora ere.

Sting abeslariaren eskutik nazioarteko bira egin eta hiru hamarkada geroago, Raoni kazike kayapo Miarritzen egon zen, lehengo Amazoniaren aldeko laguntza oihu bera munduari bertze behin helarazteko. Bera, betikoa; agintariak, unean unekoak. Gurea ere badelako, ingurumen globalaz arduratzen garenok zertan ari gara? Norekin gaude?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.