Bazen behin otso txiki zintzoa, arkume guztiek gaizki tratatzen zutena. Eta baziren printze gaiztoa, sorgin ederra eta pirata ondradua ere. Gauza horiek guztiak ziren behin, mundu aldrebesarekin amets egiten nuenean.
Baziren behin bankari zintzoak, mailegu mugagabeak edonori ematen zizkiotenak. Eta baziren politikari prestuak, etxegile onak eta espekulatzaile ondraduak ere. Horiek ziren behin, alderantzizko munduarekin amets egiten nuenean.
Europako herrialde aurreratuenetako batean bizi ginela pentsatzen genuen; euroa moneta europarra zen, indartsua, dolarrari aurre egiteko modukoa. Behin eta berriro, urteetan zehar, bankariek horren froga faltsuak ematen zizkiguten: zenbat behar duzu? Hirurehun mila? Ez dago arazorik, eraman ezazu gehiago, altzairuak eta garajea erosteko, eta joan zaitez opor exotiko eta luzeetara, sobera geratzen zaizuna baliatuz. Berrogeita hamar urte dituzu itzultzeko, joan lasai.
Neurririk gabe, politikariek ekin zioten lursail berriak urbanizatzeari eta etxe berriak eraikitzeko baimenak emateari, eraikuntza-zergen bila. Zentzugabeak ziren golf-zelaien inguruko urbanizazioak modan jarri zituzten, badakigu noren mesederako. Neurririk gabe, azpiegitura erraldoiak eraiki zituzten. Zergen bidez diru nahikorik lortu ezean, laguntza eske jotzen zuten bankariengana: zenbat behar duzue? Tori halako bi, eta joan lasai. Bitartean, eraikuntza-enpresa handiek pagotxaz gozatzen zuten, pozez zoratzen ziren. Espekulatzaileek, beraien aldetik, gaur erosi eta bihar saldu, gainbalio ederrak eskuratuz eta hipotekadunen kopurua areagotuz. Ia-ia inork ulertzen ez duen burtsan ere aritzen ziren. Goranzko kiribil amaigabea antolatu zuten, horien guztien artean.
Baina gertatu zen forma geometriko hori perfektuaez zela. Lehenengo hipotekadunek bankuei ordaintzeari utzi ziotenean gertatu zen. Noski, infinituraino ezin da hazi, oinarri sendorik ez badago, behintzat; eta muntatutako artifizioak lokatzezko oinarria zuen. Azkenean gertatu behar zuena gertatu zen:krisialdiak leher egin zuen, egun batetik bestera, abisurik eman gabe.
Mailegudun askok ez dituzte zorrak kitatzen; etxeen balioak behera egin du, nabarmen; eraikuntza-enpresak langileak kaleratzen hasi dira; bankuek mailegu gehiago emateari utzi diote; ia-ia inork ulertzen ez dituen burtsek behera egin dute.
Urteak joan, urteak etorri, Administrazioek ez dute zerga-dirurik jasotzen; kontsumitzaileek erosteari utzi diote; beste enpresa asko ere hasi dira murrizketak egiten, mozkinik lortzen ez dutelako… Azkenean, kiribil amaigabea zirkulu itxi eta estu bihurtu da.
Tamalez eta zoritxarrez, Paco Ibañezek abesten dituen Goytisoloren hasierako hitz polit horiek ametsa baino ez dira. Gizartea, ordea, amesgaizto luze batean dago lo, eta, gainera, inork ez daki nola iratzarri.
Amesgaiztoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu