Behe solairua. Turista holandar batzuk Elea tabernan daude Oliteko Ochoa etxeko ardo bat dastatzen, eta bitartean horman dauden argazki eta irudiei begira: Axular, Mariasun Landa, Karlos Linazasoro, Gabriel Celaya, Joxean Artze, Lourdes Iriondo, Itxaro Borda, Pierre Aintziart, Auxtin Zamora, Maribel Aiertza, Txomin Peillen, Julia Marin, Bernardo Atxaga, Gabriel Aresti, Andrea Camilleri, Juan Mari Irigoien, Donna Leon, Arantzazu Royo, Migel de Zerbantes, Iosu Exposito.
Tabernako platerak eta kikarak Miren Gonzalez Goikoetxea margolari handiak diseinatuak dira, eta paper zapietan euskal idazleen esaldiak daude. Adibidez Gabriel Korta poetaren esaldi hau: «Bizitza gertatu egiten da».
Fina Salegi zine produktorea Julio Medem zinegilearekin ari da hizketan proiektu berri bati buruz, eta eguerdiko hamabietan musika etengo da tabernan eta Fina Salegik zuzen-zuzenean gazta bat egingo du ardi esnearekin, Idiazabal gaztaz artzain bat mikrotik mintzo zaigun bitartean. Bikote portugaldarra harri eta zur utziko dute.
Aralarko artzainak liburua salgai egongo da bertan, lau hizkuntzatan.
Harrerako dendan ikasle japoniar batzuek Euskal literaturaren antologia erosi dute, ingeles bertsioa.
Erakusketa gelan Mariasun Landa: bizitza bat idazten aldi baterako erakusketa dago. Elefante txori-bihotza ipuinerako Emilio Urberuagak egindako marrazki originalak ikus daitezke. Ze politak! Hurrengo hilabeteko erakusketa programatuta dago: Pedro Berrondo, Kixoteren itzultzailea.
Arratsaldeko seietan hitzaldi gelan Bernardo Atxagak Etiopia poesia liburuaz hitzaldia egingo du, Jabier Muguruzak gitarraz lagunduta.
Lehen solairua. Lantokian, Andu Lertxundi dago bere Zorion perfektua nobelaren italierako itzulpena prestatzen Lucciarekin, Milanotik aste beterako etorri den itzultzailearekin. Eskura dituzte hiztegiak eta Internet, kontsultak egiteko.
Lantokiko egongelan Aingeru Epaltza eta Ainhoa Arteta hizketan ari dira Nafarroaren konkistaz musikal bat egiteko.
Bigarren solairua. Xabier Lete-Lourdes Iriondo gunean, ingeles batzuk Xabierren eskuizkribuak behatzen ari dira, haren liburuak eta Lourdes Iriondorenak. Kasko batzuetatik Lourdesen ahotsean Hitzak dira hitzak abestia entzuten ari dira.
Madrildar batzuk Xabier Leteri buruzko dokumentala ikus-entzuten ari dira bideogelan. Ez dok hamaika.
Hirugarren solairua. Komunikazio gelan, frantziar kazetari bat dago, France Culture irratsaiokoa, Carlos Aurtenetxe idazle donostiarrari elkarrizketa zuzenean egiten La casa del olvido poesia lanari buruz.
Bideokonferentzia gelan Txomin Badiola, Suediako museo bateko zuzendariarekin ari da zuzenean elkarrizketan, Jorge Oteiza-ri buruz.
Laugarren solairua. Terrazan Iruñeko institutuko hamabost lagun Juan Luis Zabala idazlearekin solasean ari dira Galdu arte nobelari buruz, eta Iruñeko San Fermin ikastolara joateko gonbidatu dute. Une horretan Lorea Agirre kazetaria heldu da.
Aizpea Goenaga sartu da terrazara, Mikel Babiano itzultzaile eta irakaslearekin. Hau Berlinen dago euskal irakurle, Etxepare Euskal Institutuarekin.
Une batez denak isildu dira terrazan. Bikote bat sartu da. Julia Marin da emakumea, antzerki obra askoren euskaratzailea, esaterako, Yasmina Reza-ren Artea eta Jordi Galceran-en Gronholm metodoa lanena, eta jendaurrean hitz egin behar duten profesional askoren irakaslea. Besotik gizonezko galai bat dakar. Ondoko mahaian gaztetxo batek besteari whatsapp-etik idatzi dio: «Ostias, tía, dut flptzn, Richard Gere!!!».
Kaio bat pausatu da terrazako barandan. Gabriel Celaya da, denak agurtzera etorri da.
Amets honetatik ez naiz esnatu, ezinezkoa baita hori, esna egiten diren ametsetan.
Amets baten kronika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu