Erretiratua

Amets gaizto bat egia izateko bidean

Jesus Maria Gisasola Garetxana
2025eko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mort pour la patrie, mort pour la patrie, euskara baizik ez dakiten haiek, mort pour la patrie. Oraintsu Bruselan izan naiz europarlamentuko presidente Roberta Metsolarekin. Nire kexak azaldu nahi nizkion, parlamentuak duela gutxi onartu duen lege berriaren harira, zeinak finkatzen duen ingelesa izango dela hizkuntza ofizial bakarra Europako Batasuneko herrialde guztietan. Zuzeneko kolpea euskarari eta herri bakoitzean errotuta dauden hainbeste hizkuntzari.

Egia da errespetuz hartu ninduela. Zera galdetu zidan: «What do you want? Where do you come from?». Eta nik, kortesia osoz erantzun: «I come from the Basque Country, in northern Spain». Metsolak: «I know your country, it’s very beautiful; I’ve been to San Sebastian, and you speak your own language». Eta nik: «I’m glad you liked it. I came precisely to talk about the problem that the obligation to speak everything in English poses throughout Europe».

Segidan, nire arrazoiak adierazi nituen: gure hizkuntzak, historian zehar, hainbat jazarpen jasan dituela, eta orain beste hizkuntza batek hilzorian utziko zuela, desagertzeko bidean. Zerrendatu nizkion historian zehar agertu diren jazarpenak; nola Ojacastron (Errioxan), 1234 eta 1239 bitartean, Gaztelako Merino nagusiak debekatu zuen epaiketak euskaraz egitea. Aragoiko Oskan, berriz, 1349an, berdin gertatu zen: merkatuetan barazkiak saltzerakoan euskaraz hitz egitea debekatu zuten. Debeku horrek XIX. mendera arte iraun zuen. Genozidio kultural hori Erdi Arotik gaur arte luzatu da. Hori baino iraingarriagoa zen eskolan umeekin egiten zutena: klasean erdaraz hitz egiten bazuten, eraztuna jartzen zieten, eta, eskolatik irteterakoan, umeek eraztuna etxera eramaten zuten, biharamunean zigor gisa eskolara dirua eraman behar izaten zutelarik.

Gure herria txikia da; bi estatu handiren artean kokaturik dena. Bi estatu horiei, gainera, uniformetasuna gustatzen zaie, eta hainbatetan saiatu dira gure herri txikia eureganatzen.

Gure hizkuntza aberatsa da; idazle eta abeslari onak dauzka, sentikortasun handiarekin jarduten dutenak. Horregatik ere, nire eta euskaldun guztion haserrea adierazi nahi dizut.

Metsolak: «Onartzen dizut zure nahigabea, baina erabakia hartua zegoen europarren onurarako. Horrelako akordio bat alde batera uztea oso zaila da. Agindu hau xamurrago egiteko frantsesen leloa pentsatu genuen: liberté, égalité, fraternité».

Eta nik: «Egalité-k ez du esanahia betetzen. Batzuentzat ondo dena, besteentzat kaltegarri da».

Momentu hartan, elkarrizketan ari ginen bitartean, bi gizon sartu ziren. Gero, erabilitako hizkuntzengatik jakin nuen bata frantsesa eta bestea espainola zirela. Oso adeitsu agurtu ondoren, arazo berdinarengatik zetozela esan zuten, eta, muzin eginez, beren sumindura agertu zuten. Frantziarrak bere hizkuntza goraipatu zuen, zera adieraziz: «Frantsesez hainbat idazle on dauzkagu, Nobel saridunak literaturan eta baita zientzietan ere goi mailakoak». Beren hizkuntza, gainera, Afrikan, Karibean eta Ozeano Barean zabaltzea lortu zuten frantsesek. 2022an, literatura Nobel saria irabazi zuen Annie Ernaux frantziarrak. Antzerako argudioak erabili zituen espainiarrak, bai Nobel saria aipatzerakoan eta baita hizkuntzaren arloan ere.

Lehenago ere baziren Europan herri kultuak, euren hizkuntza zutenak. Greziera klasikoa eta latina, egun Europan mintzatzen diren hizkuntzen aitzindari zirenak, hizkuntza hilak dira gaur. Hizkuntza horietan mintzatzen ziren hainbat idazle, filosofo eta zientzialariren jakinduriak moldatu ditu gure urratsak.

Metsolak erantzun zigun, bere jarrera aldatu barik, ulertzen zuela gure amorrua. Bera maltarra dela, eta erabaki horrek nahigabea eta arrangura sortzen dizkiola bere baitan, gurasoengandik jasotako altxor preziatua, maltera, desagertzeko bidean jartzen duela, baina europarlamentariek bozkatutako legea zela, atzera-bueltarik gabekoa. Lauzpabost urteko epea izango dute legea aplikatzeko. Bitartean, merkatuetan, dendetan eta abarrean, saltzen den elementu oro ingelesez izendatuta egon beharko da halabeharrez, mintzaira trebatzeko eta urte gutxiren buruan hizkuntza menperatzeko.

Bere argudioari indarra eman nahirik, erantsi zigun egun Bruselan eta Estrasburgon batzartzen diren politikariek Shakespeareren hizkuntza erabiltzen dutela —salbuespenak salbuespen, batzuek ez dakitelako—. Gauza bera gertatzen da txirrindulariei, golf jokalariei, tenistei, idazleei, musikariei eta abarri egiten dieten telebistako elkarrizketetan, denek dakite ingelesez. Gure seme-alabak ikastera edo lanera doazenean Europara, derrigortuta daude ingeles hizkuntza menperatzera.

Arrazoibide horietan oinarrituta ihardetsi zigun: «Europako Batasuna 27 naziok osatzen dute, bakoitzak hizkuntza desberdinak ditu, eta estatu batzuek bi edo hiru hizkuntza desberdin ere badauzkate. Horrek ulertezin egiten ditu guztion arteko hartu-emanak. Beraz, zalantzarik gabe, neurri honek onura ugari ekarriko ditu.

Kalean edo lagun artean norberaren hizkuntza erabiltzearren ez da inongo errepresaliarik izango. Hori bai, eremu ofizialetan (parlamentuetan, udaletxeetan, polizian, epaitegietan, unibertsitatean...) ingelesa baino ez da erabiliko. Lagun artean, etxean, mehatxurik gabe, bakoitzaren hizkuntza erabili ahal izango da; ez da eraztunik ezarriko».

Bere irmotasuna erakutsiz, ahots ozen batez, «É-GA-LI-TÉ» erantzun zigun. Momentu horretan bukatutzat eman genuen bilera. Jaiki, jeurt egin eta etxera abiatu ginen.

Handik denboraldi batera gaixorik sentitu nintzen eta erabaki nuen sendagilearengana hurbiltzea. Iritsi ondoren hitz hauekin artatu ninduen: «What´s wrong?».

Bat-batean esnatu nintzen eta kantuan hasi... Nire aita eta ama euskaldunak dira, beren semeak, beren alabak, zer izango dira?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.