Erretiratua

Apostasiari bai, baina askatasunean oinarrituta

2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Apostasiari buruzko hausnarketa interesgarri batzuk plazaratu zituen BERRIAk 2024ko urtarrilaren 17an, eta, arretaz irakurri ondoren, nire ikuspegia eman nahi dut gai honi buruz, guztiontzat eta norberak erabakia kontzientziaren arabera hartzeko lagungarri izango delakoan.

Apostasiaren kontzeptua zein testuingurutan kokatzen den eta praktikan gauzatzeko era izango dira nire azalpenaren ardatzak. Egia da Eliza Katolikoak —eta argi geldi dadila instituzioari buruz ari naizela, bereizketak eta azpibereizketak egin beharko baikenituzke gaian— historian zehar bere boterea erabili duela eta behin baino gehiago fedea, edo fedearen kontzeptu zehatz bat, inposatu diela pertsonei. Adibide gisa, hainbat eta hainbat lagunek txikiak ginenean fraideen eta mojen ikastetxeetan bizi izandakoa aipa dezakegu: guztiz egia da ikastetxe horietan, salbuespenak salbuespen, ez zirela funtsezko kontzientzia-eskubideak errespetatu eta fede eta erlijioari buruzko ikuspegi bat, Jesusen mezuarekin bat ez zetorrena, inposatu zitzaiela pertsonei, haien askatasuna eta aukeratzeko eskubidea kontuan hartu gabe.

Hau argi eta garbi esan ondoren, inork zalantza izpirik ere izan ez dezan, apostasiaren gaian gaur egun nagusi den ikuspegiak ere kezkatzen nauela adieraziko dut, azken finean, orduko Elizak bezala, ez baitu pertsonen egiazko askatasuna errespetatzen. Argi mintzatuko naiz: pertsona batek, Jainkoarengan sinesten ez duelako, Elizarekin bat ez datorrelako edo hainbat eta hainbat arrazoirengatik, Elizatik atera nahi badu, hots, apostata bihurtu nahi badu, guztiz zilegi iruditzen zait haren erabakia eta Elizak, pertsona guztiok dugun kontzientzia-askatasunari  begirunea zor zaiola kontuan hartuta, prozesua erraztu behar dio pertsona horri, gizakien askatasunari lotutako arazo bat ez dadin burokrazia amaigabe eta aspergarri bihurtu. Horregatik, bat nator apostaten kritikaren zati batekin, prozesu luzea eta korapilatsua dela esaten dutenean. Honaino guztiz ados nago haiekin. Noiz hasten da, ordea, niretzat arazoa? Arazoa kolektiboa omen den aldetik, apostasiaren aldeko kanpainak planteatzen direnean. Argi hitz egingo dut ere puntu honetaz: Elizak, edo Elizaren sektore batek, bere fedea inposatu nahi izan zuenean pertsonen askatasuna kontuan hartu ez zuen era berean, gaur egun apostasia aldarrikatzen duten pertsona edo kolektibo batzuek, ez guztiek, askatasun hori ere kontuan hartzen ez dutela iruditzen zait. Salbuespenak izango dira, dudarik gabe, baina, nik neuk bizi izandako esperientzien arabera esan dezakedanez, kristau fedearen kontrako jarrera itxi eta zurruna da ezker abertzaleari lotutako zenbait girotan gaur egun, eta han sinplekeria errazenean erortzen dira: Eliza beti izaten da herriaren etsaia, fedea beti izaten da atzerakoia eta abar luze bat. Adibide gisa, aipatu dezakegu BERRIAn agertzen diren Oiartzungo Feministen Asanbladak esaten duena, hots, Eliza matxista, patriarkala eta LGTBIQ+foboa dela. Emakumeen asanblada horri errespetu osoz, gaur egun, Euskal Herrian behintzat, Elizako sektore gehienak jarrera atzerakoi eta negargarri horiekin bat ez datozela esango nuke.

Arestian esandakoaren ondoren, apostasiaren aldeko kanpaina kolektiboak ez direla egin behar iruditzen zait. Norberaren kontzientziari dagokion arazoa da fedea eta, horregatik, norberak askatasun osoz hartu behar du erabakia. Pertsona batzuek, bizi izandako esperientzien ondorioz gehienetan, Elizatik atera nahi badute, oso ondo iruditzen zait eta guztiz errespetatzen dut haien hautua, baina garai bateko Eliza Katoliko zapaltzaile batek egin zuena ez lukete ateo edo agnostiko batzuek inolaz ere egin beharko gaur egun. Apostasiari bai, baina askatasun osoz, alde batetik zein bestetik inolako presiorik egin gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.