Ardura ala axolagabekeria?

Bertha Gaztelumendi Andres Krakenberger
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Giza eskubideen urraketa larrien multzo zabalegia izaten jarraitzen du gaur egun, oraindik, genero-indarkeriak. Are gehiago, baliteke mundu-mailan nahiz gure ingurunerik hurbilenetan egiten diren urraketarik zabalenetako, ezkutuenetako eta zigorgabeetako bat izatea. Eragozten zaila den gaitza da, polifazetikoa izateaz gain, bere sustrai luzeak gizarte-, kultura, ekonomia- eta politika-egituretan sakontzen dituelako. Egitura horien artean ondokoak bezalako fenomenoak babestu eta sustatzen dituzte: emakumeen eskubide zibil, politiko, sozial eta kulturalen -gizonezkoekin parekatuz- legezko eta egiazko ukazioa, emakumeen salerosketa, sexu-indarkeria bikotearen baitan eta horretatik kanpo, bereziki zaurgarri eta sinbolikoa den kasua, hots, emakumeen sexu-atalen mozketa, jazarpena eta abar luze, luzeegia.

Baina, jar dezagun arreta, oraingoz, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkerian. Osasunaren Munduko Erakundearen txostenen arabera, bikotekideen edo bikotekide ohien esku hiltzen dira munduan eraildako emakumeen %70. Honako hau da 16 eta 44 urte bitarteko emakumeen heriotza- eta minusbaliotasun-arrazoi nagusia. Gure gizarte-inguruan ere kezkagarria da egoera. Euskadin zein Nafarroan plazaratu berri diren zifrek argi uzten dute tratu txarrak zigorgabetasun-maila altuekin jasaten dituzten emakumeak daudela eta, bakar-bakarrik oso kasu larrietan edo urte asko iragan ondoren baino ez direla ezagutzen horiek. Emakumeen aurkako indarkeria gehiena ezkutatuta mantentzen da eta, duela gutxi arte, jendartean onartzea ere galarazten zen.

Segurtasun-indarrek atxilotutako emakumeak bortxatu izanaren oso kasu larriak dokumentatu badira ere, genero-indarkeria esparru pribatuan gertatzen da, eta beraz, jokabide-eredu honetan arreta jartzen dugu guztiok, Estatuek ere erantzukizuna badutela ahaztuz. Zentzu honetan oso argia da nazioarteko zuzenbidea. Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak 1993an onartu zuen Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Aldarrikapenean zera eskatzen die Estatuei, «bidezko arduraz joka dezatela, emakumearen aurkako indarkeria-ekintza guztiak prebenitu, ikertu eta, Estatuko legeriaren arabera, zigortzeko, ekintzak Estatuak burututakoak zein partikularrek gauzatutakoak izanda». Beraz, bidezko arduraren kontzeptu nagusia, Estatu batek emakumearen aurkako indarkeriaren kontra egiteko duen betebeharra eraginkortasunez bete duen ala ez ezartzeko irizpidetzat erabil daiteke. Ez da nahikoa emakumeen eskubideei buruzko itun ugari sinatu izana, Beijingo Protokoloak esaterako, edo legeak onartu izana, Estatuak, gainera, indarkeria eraginkortasunez eta efikaziaz galarazteko ahal duen guztia egin behar du, eta arreta berezia, erasotzailearen aurka egiten ohi dena baino haratago joango den prebentzio-ekintzari eskainiz.

Genero Indarkeriaren aurka Oso-osoko Babesa Emateko Neurriei buruzko Lege Organikoa (1/2004 LO), Espainian emakumeen aurkako indarkeriari erakundeen aldetik eman beharreko erantzuna hobetzearen aldeko aurrerapauso garrantzitsutzat jo daiteke.Hala ere, indarrean sartu zenetik ia sei urte iragan ondoren, ez dira egi bihurtu lege honek bermatutako eskubide garrantzitsuak. Legea ez da erabat bete eta ez du behar bezalako eraginkortasunik izan, besteak beste, finantzazio-bide urriengatik, eta giza eskubideen betetzeko estandarrak ezagutzen ez dituen ikuspegi batetik jokatzeagatik, eta baita, bizirik atera diren emakumeen eta beren erakundeen partaidetzarekin ezarritako neurrien ebaluaziorik egin ez delako ere.

Lege Integralean gutxien garatu dena, oro har, prebentzioaren eta hezkuntzaren inguruko guztia izateak adierazten du Estatuak nazioarteko zuzenbideak exijitzen dion bidezkotasunez jokatzen ez duela, esparru horien inguruko neurriak abstraktuan aurreikusi, baina zehaztu edo garatu ez direlako. Betetzeke jarraitzen du, halaber, behar bezalako prestakuntza duten profesionalek emandako osasun-arreta egokia izateko bizirik irten diren emakumeek duten eskubidearen gauzatze eraginkorrak. Laguntza integraleko baliabideak eskuratzeko oztopoak daude oraindik ere, eta bereziki arrisku-arazo gehigarriak dituzten emakumeentzat (drogamenpekotasunak, alkoholismoa, gaixotasun mentalak,...). Emakumearen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiak ezartzeak ez ditu justiziara heltzeko eragozpenak ebatzi. Indarkeria zehatza epaitzen jarraitzen da, ohikoa zigorrik gabe gelditzen dela, eta jarritako salaketen ia erdia behar bezalako ikerketarik gabe artxibatzen dira. Zigor-prozedurara jotzeko eskatzen zaie biktimei, frogak beraiek bildu ostean, eta beste delituetan ez da horrelakorik gertatzen.

Gure inguruan garrantzi berezia duen beste auzi bat biktimen babesarena da. Ez da beti egi bihurtzen, sarritan, arriskuan dauden emakumeak babesteko agindua ukatzen delako, eta onartzen denean, zailtasunak izaten dira erasotzaileek betetzen dutela bermatzeko, behar adina polizia-agente ez dagoelako. Gainera, bereziki kezkagarria da, biktimek honelako delituekiko sentikortasun handi edo txikiagoa duten epaile eta fiskalekin topo egiteko zortea izatearen edo ez izatearen arabera ematen den desberdintasuna.

Gure ingurune hurbilenean kezkagarria da, orobat, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren beraren zifren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan eskatutako babes-aginduen %40 ukatu egiten direla, Estatuko batezbesteko kopurua %30ekoa denean. Beharrezkoa litzateke hori horrela izatea eragiten duten faktoreak aztertzea eta, hala badagokio, behar bezalako neurri zuzentzaileak ezartzea.

Giza Eskubideen aldeko Argituz Elkartearen ustetan, urraketa berberaren aurrean, eskubide berberak ezarri behar dira. Eta eskubide berberez ari garenean, nazioarteko zuzenbidearen araberako egi, justizia eta ordainen esparruko eskubide berberez hitz egiten dugu. Tamalez, eskubide horiek justiziara eramateko eta indarrean dagoen lege-esparruaren eta epaitegien jokaeraren bitartez praktikan aplikatzeko orduan, errealitate dramatiko honetan oso zabalduta egon arren, bereziki lazgarria den arazo bat dago: baliabide ekonomikorik eza. Gauza bera dira paperezko legeak eta ahuntzaren gauerdiko eztula, hiritarrei egiten zaizkien keinuak baino ez, eta gainera, baliabide materialik eta giza baliabiderik gabe egiten badira, frustrazio handiagoa eragiten dute eta legearen aurrean denok berdin izate hori paperean gelditzen da.Kausa handien sustapen sinbolikoak lege-proiektuak ez ezik, egiazko bultzada ere behar du, eta legearen xede den arloa seriotasunez hartzen dela frogatzeko, lehentasuna izan behar du aurrekontuetan eta zorroztasunez ebaluatu behar da. Hori da «bidezko ardurak» eskatzen duena hainbeste emakumeren bizitza arriskuan dagoenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.