Frankismoaren osteko testuinguruan, Ezker Abertzalearen patua blokeo soziala eta minorizazioa zen arren, hein handi batean itzuri egin dio bigarrenari. Baina gobernuek antzeman dute Ezker Abertzalearen giltzarria: batetik, erkidego moduko bat dela, bestetik, erkidego horrek instituzionalizazio-asmo handia duela, hein batean maioritarismora daroan ideologia liberal-demokratikoari atxikia. Ordutik aurrera estatuaren ekimenak xede bitara zuzendu dira: erkidego abertzalea kolpatzera eta erakundeetatik eraztera. Zuzenbide-estatuan hiru tresna behar dira: legea, epailea eta polizia.
Estrategia eragingarria izan da. Nabaria denez, Ezker Abertzalea gogotik bilatzen ari da erakundeen jokora itzultzeko modua. Aukera bi zeuzkan, bata, legez kanpoko egoera abagunetzat hartzea estatua deslegitimatzen jarraitzeko, bestea, makurtu eta ordezkaritza-erakundeak herritarren ordezkari direlako irudipenari men egin. Bigarrena hautatu du, antza denez, erakundeetan nagusitasuna lorturik Euskadi Espainiaren aurrez aurre jartzera heltzeko asmoz: konfrontazioa. Beraz, erdiko bidea jorratu nahian dabil berriro ere, inguru latzago batean ordea.
Itzultzeko irrika hori erakundeen endekatze argi baten unean (Manjon, Uztaro 74) gertatzen ari da. Botereak herritarrengandik urrunduz doaz korporazio barreiatu eta kontrolaezin batzuetara. Ekonomia politikatik kanpo kokaturik, erakundeak haren administrari huts bihurtzen ari dira. Barruko arropa nabari zaio demokraziari. Alderdiak desagertzen ari dira beraz. Politika aienatu ahala, sasi-alderdiek lehiatu egiten dute, enpresen eredura, herri-erakundeak kudeatzeko merkatua banatzearren. Sistemak despolitizazioa behar du: eragile politiko eta sozial batzuei zilegitasuna aitorturik, haien arteko lehia antolatzen da, arau batzuen arabera, gobernuan txandakatzeko. Zerbait irauli nahi duenak, ostera, normalitatetik irten behar du.
Hortaz, hona galdera: Ezker Abertzalea noraino integratuko da sistema horretan? Zein neurritan bizkar egingo dio askatasunaren narrazio mitiko-milenaristari? Testuinguru berrian, ziur aski, orain arte lozorroan egon diren kontraesanak itzartuko dira, zeren integrazio-bideak galerak eta irabaziak ekarriko baititu. Aukera izan dezake indar abertzale zentzudun eta ondo hezitako batzuekin elkartuta hainbat kudeaketa-arlo bereganatzeko, beharbada sektore batzuk asebetetzeko lain, eta bidenabar baliteke abertzaleen artean egitasmo bateraezinak azaleratzea. Izan ere, Gandhi hil behar zuen unean hil zen, independentziaren osteko Indian ez baitzuen etxerik aurkituko.
Nolabaiteko idealismo transzendentala ezinbestekoa du. Hori gabe ateak zabaltzen zaizkie aro honetan hedatuz doan bizitzaren erabateko komertzializazioari, kultur hibridazio globalizatuari, identitate partzialei, aldakor eta merkaturatuei, fetitxismo teknologikoari, nartzisismoari, konformismo sasi matxinoari, indibidualismo estandarizatuari… Hona hemen modako eldarnioa: nork bere bizitza bizi, bere estiloa garatu, nahiz eta gero denok gauza bera egin, baina bakartasunetik. Kasualitatea ote da Udalbiltzaren epaiketa dela-eta Bilbon egindako manifestazioaren amaieran sinbologia abertzalearen ordez hip-hopak protagonismoa hartzea? Erkidego abertzalea barrutik hustu daiteke, edukiz gabetu eta desegin, postmodernitatearen lakioetan harrapatuta.
Globalizazioaren aparatu kontzeptual soziopolitikoa da beste segada bat. Ideologia neoliberalak gatazkak badaudela onartzen du, baina arazo partikulartzat jota, izaera orokorrik gabeak, sistemari eragiteko ez gai. Gatazkari izaera politikoa eman nahi diona mehatxu da. Haren irudiko, adituek arazo oro konpon dezakete; orobat, gatazkak bideratu daitezke eztabaiden bidez. Interes indibidual guztiak zilegi omen dira. Beti dago gobernuz kanpoko erakunde bat eta diskriminazio positiboren bat arazo partikularra garbitzeko. Ez dago testuinguru politikoa —kapitalismo globala— aldatzeko arrazoirik. Aldarrikapen abstraktuen laguntzaz —giza eskubideak— tokian tokiko zapalkuntzak zuritzen ditu. Identitateak ere onak izan daitezke, noski, baldin eta partikularrak badira, tipikoak, autentikoak, eta orobat, aniztasunari irekiak, toleranteak, kultur aniztasunaren printzipio berdintzaileari atxikiak, hots, merkatu- eta komunikabide-sare globalekin bateratzeko modukoak. Aitzitik, identitate nazionalak arazo orokor bihurtzen dira.
Halatan, Ezker Abertzalea ataka batean dago jada, indar zentripeto biren artean: globalizazio soziopolitiko eta soziokulturalaren artean hain zuzen, eta, agian, ezinezko Euskal Herri bat aurrean ere bai, aldaketa demografikoek eta iritzi publikoaren arlokoek erakusten dutenez (Jakin 165). Hori guztia, gero eta inguru bortitzago batean. Mundu osoan kohesio soziala galdu ahala, arpilatzeak ziurtatu beharrez, kapitalismoak kontrol sendoago eta zabalagoak ezartzeko premia du, eta indarkeria gehiago erabili gehituz doazen mehatxuen aurka: terrorismo globala eta etxekoa, antiglobalizazio-mugimenduak, nazionalismoak, delinkuentzia, indiziplinak…
Hitz zuriak alboratuta, ekonomia botere zibilaren —politikaren— mendean jarriko bada, erkidego sendoa berreraiki beharra dago, eta orduan ezinbestekoa zaigu erkidegoaren lotura transzendentala (Durkheim) —erlijio laikoa— eta oinarri mitikodun ideologia eraldatzailea. Bolo-bolo dabil nazio eta nazionalismoak irudipenak baizik ez direla, inorenak batez ere. Nazioa soilik? Bi mila eta bostehun urte gabiltza eztabaidatzen ia guztia irudipena ez ote den. Irudipena bagara, geurea izan dezagun, bizitzeko behar dugun erakoa. Hasteko, gure mitoez —geure buruz— harrotu behar dugu, eta behar izanez gero, gaurkotu. Aurrerantzean ere, sustraiak eta naturak alternatibaren ezinbesteko erreferentzia izaten jarraituko dutenez, narrazioen (mitoen) bermea arnasa bezain beharrezko izango dugu: Ama Lurra, Ama aberria, Ama Euskal Herria.
Hizkuntza-normalizazioko teknikaria. Roberto Manjon
Aresen erresuman (eta II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu