Ares, gerlaren greziar jainkoa, Homerok dioenez. Haren erresuman bizi gara. Mundua gerlaren bidez banatu izan da, hala nola estatuak eratu, erakundeak, kolonizazioak, diru- eta aberastasun-metaketak. Denek, zuzenean edo zeharka, bortizkeria dute oinarri, arpilaketak direla, giza ustiapen basatiak direla. Bortizkeria da, oro har, botere-banaketaren lehenengo harria. Teoria politikoak ere ohartarazi gaitu: Estatuaren funtsa guztion arteko gerla ekiditea da, bortizkeria monopolizatuz (Hobbes, Weber). Baina, nork monopolizatzen du bortizkeria estatuaren bidez?
Gerlak aurpegi eta aldi desberdinak ditu. Indar-harremanen artean gaude, gerlaren murmurioa beti belarrian, armadek (NATOk), barne-sailek, poliziek egunero gogorarazten diguten bezala. OCDEko estatuek gastu militarra baino hamar aldiz gutxiago erabili dute garapenerako (BERRIA, 2010-11-21). Politika, hain zuzen, gerlaren jarraipena da (M.Faucault), estrategia desberdinez. Politika-aldia gerlaren ondorioak iraunkor egiteko ahalegina da, legitimazio-mekanismoen bidez, zeren legitimitatea norbaitek aitortu behar du: galtzaileek. Jakina, sistemaren jatorri bortitza ezkutatu eta antagonismoak lausotu behar dira horretarako, status quo ezinbestekotzat harrarazi galtzaileei, menpekoei. Gizartea sortzen da.
Behekoen bake-egarria kemen ezaren umea. Irabazleek zilegitasuna lortzeko, hezkuntza eta propaganda-sistemak ez ezik, tresna eraginkorragoak behar dituzte, oroz gain, biziraupen-sena, bizitzaren funtsa bizirik irauteko eta ugaltzeko estrategietan mamitzen denez. Sen horren zordun dira kontsumismoa eta bizitza erdirako zorpetzea. Azkenean, menderatuak uste du nahierara bizi dela. Ni-a (ego) ezin bortxatuzkoa delarik (Freud), behartuta gaude gertatzen denarekin konforme egotera. Gregarismoak ere berebiziko eginkizuna du agintearekin identifikatzeko premia horretan, eta, noski, baita behekoen nekeak, adinak eta ahuleziak ere.
Estatuaren bortizkeria konbentzioetatik kanpo edo konbentzioen barruan bideratu daiteke. Zuzenbide-estatu deritzonean, nahikoa da lege, epaile eta polizia bat etsaiari demokratikoki erasotzeko, norbaitek sortutako diskurtso juridiko baten arabera. Koiunturaren arabera, batzuetan, uste onaren aurkako gehiegikeriak ezkutatzeko premia egoten da —torturak kasu—, orduan gertu izango dira hedabideak eta epaile ulerkorrak, baita ardi otzanak ere, edozer sinesteko prest. Alta, politikaren aldia iragankorra izanik, noizbait gerla-aldi hutsaren itzulera ikusiko dute, Aresen benetako aurpegia, giza abere bortitz hau aseezina denez.
Zernahi gisaz, gerla eratzailea ere bada. Espainia, estatu gehienak bezala, gerlen bidez taxutu da, nazionalismoak ere bai. Euskal Herri politikoaren egitasmoa, kasu, kontzientzia nazional modernoa, karlistaden ondorioz sortu zen, eta, hortaz, Iparraldea gutxi atxiki zitzaion asmoari. Nafarroa, berriz, urrundu zaigu, azken gerlan kontrako alderdian kokatu zenez gero. Frankismoak lagundu du pitzadura handi hori leuntzen, ez nahikoa ordea.
Euskal abertzaletasunak, tipikoa izanik, oinarri erlijiosoa du (nazioaren sentipen transzendentea), kritikoek (Aranzadik, Zulaikak, Juaristik…) azpimarratu dutenez. Muin mitiko-milenarista omen daroa barnean, galdutako urrezko aroa berreskuratzeko itxaropena: Euskadi independente, euskalduna, berdintasunezkoa, askea… Bekatu hori bertutea da ordea, atxikipen sakon guztiek euskarri mitikoa dutelako, bestenaz, nihilismoa dago mitoaren kontrako aldean. Orobat, antzeko oinarri mitikoa dute munduan izan diren askapen-mugimendu ia guztiek. Gandhirenak bezalaxe. Gaur berdintsu gabiltza: betegintzarre eskuraezin baten premiak higiarazten ditu alternatibak (Slavoj Zizek). Erlijio laikoak dira egungo iraultzaileenak.
Frankismoaren garaian, Aranzadik dioenez (El milenarismo vasco) milenarismo berritu bati eskerrak, Ezker Abertzalea izan zen eragile nagusia kontzientzia nazionala hezur-mamitzeko prozesuan. Mesianismoz ere hornitu zen: lidergo transzendentala, sakrifizio-nahia eta heroikotasuna, boterearen aurreko autoafirmazio lotsagabea, desafiatzailea. Horrela, erreferente sinbolikoa bihurtu zen, Euskal Herrian ez ezik, baita Espainiarentzat ere. Halaber, erakutsi zuen euskal gizarteak bazuela bere burua antolatzeko konbikzioa, eta gertu zegoela estatu frankistaren bortizkeria deslegitimatzeko. Frankismoa beharturik egon zen gerla ezkutua agerira jalgitzera. Ezker Abertzaleak legea, agintaritza, ordena… desprestigiatzea lortu zuen. Horrela, paradisuaren bila, Gandhik bezala, bere inguruan bildu zituen sistemaren aurkari gehienak: ekologismoa, asanbleismoa, agintekeriaren aurkariak…
Arrakasta handia izan zuen beraz. Gandhik eta Ezker Abertzaleak asmatu zuten etsaiaren erasoak beraren aurka bihurtzen, oreka galarazi arte, judoan bezala. Ibilbide arrakastatsu horrek borrokaren fase erabakigarrienera heldu arte iraun zuen: negoziazio-aldira. Serrano Izkok dioenez (Bakezale gerlari horiek), negoziazioak estatuaren legitimazio-galera du ezinbesteko, eta Ezker Abertzaleak bere alde zuen hori trantsizioa hasi zenean.
Handik aurrera, ordea, estatuak ondo jakin du Ezker Abertzalearen mugimenduak ustiatzen bere boterea legitimatzeko. Ezker Abertzalea isolaturik geratu da. Arrazoi objektiboak daude tartean, indartsuenak, hala nola antzezpen demokratikoak berez duen gaitasun integratzaile handia eta globalizazio postmodernoaren etorrera (kontsumismoa, indibidualismoa, nartzisizmoa…). Alabaina, bestelako arrazoiak ere ez dira falta, eta jakina, erakunde armatuaren estrategiak ez dio batere lagundu. Bestalde, gobernuan eseri izan diren nazionalistek biziki lagundu dute erakundeak eta ordenamendu juridikoa abertzaleen artean legitimatzen. Ezker Abertzalearen baitan ere gorabehera esanguratsuak nabaritu dira. Hasiera batean lehengo bidetik egin zuen postura, eta hauteskunde orokorrak boikotatu zituen. Ondoren, arian-arian jokabidea aldatu eta sistema parlamentarioan sartu zen, agian abertzaletasunaren berezko sostengu sozialagatik, ez baitzuen bere burua sistema sozio-politikotik kanpoko estrategiekin ikusten.
Horiek horrela, Ezker Abertzaleak bietan jarraitu nahi izan du, ordezkaritza-erakundeetan eta sistemaren deslegitimazioan, miresteko moduko erresistentzia-gaitasun batez. Erronka zaila, kontraesanez betea da erakundeei esku batez harrika hitz egin eta beste eskuaz sostengatzea, irudi baitu erakundeak baliagarriak izan daitezkeela sistema iraultzeko. Bidenabar, eragin mesianikoa galduz joan da, hein batean, postmodernitateak bere gaitasun integratzaile eskerga sentiarazi duelako. Negoziazio serio baterako aukerak, gero eta urriagoak.
Hizkuntza-normalizazioko teknikaria. Roberto Manjon
Aresen erresuman (I)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu