Gaur, maiatzak 24, Bakearen eta Armagabetzearen Aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Efemeridea aipatzean, Greenham Common-en (Erresuma Batua) 1981. urtetik 2000. urtera misil nuklearren aurka kanpaturik egon ziren emakume bakezaleen mobilizazio luze bezain harrigarria gogoratzen da. Feminismo antimilitaristaren oinarrizko eredua izan zen Greenham Common-ekoa, eta hainbat lekutara zabaldu zen; baita Euskal Herrira ere, non 80etako hamarkadan gori-gorian ziren NATOn sartzearen afera eta soldaduskan parte hartzearena.
Ez zen emakumeen mugimendua militarismoaren eta gerraren aurka jartzen zen lehenengo aldia. Jada 1915ean, Lehen Mundu Gerra hasirik, Hagan (Herbehereak), hamabi herrialdetatik joandako mila emakumek baino gehiagok eskatu zuten sarraski hiltzailea gelditzeko, bitartekaritza neutrala saiatzeko eta bake iraunkorra lortzeko pausoak. Emakume feministek eta sozialistek bakearen alde egin zuten, eta zenbaitek gogor ordaindu ere. Rosa Luxemburg-ek epaiketarik gabeko kartzelaldia jasan zuen gerra bukatu arte, Alemaniak dirua gerrarako ematearen kontra lan egiteagatik. Kartzelatik atera eta hilabete gutxira eraila izan zen.
Euskal Herrian 80ko hamarkadan feministok luze eztabaidatu genuen militarismoaz, eta adostasun zabala erakutsi genuen gure berdintasun eredua ez zetorrela bat emakumeak ejertzitoan sartzearekin.
90etan Balkanetako gerrak eta mende hasieran Irakeko inbasioak jendartea eta emakumeen mugimendua inarrosi gintuzten, eta gerraren gaia kalera atera zen, baina hortik aurrera gaiak gero eta garrantzi gutxiago izan du eztabaida publikoan.
Azkeneko urteetan oso talde gutxik eta minoritariok jarraitu dugu gerrak eta armagintza salatzen, eta testuinguru horretan etorri zaizkigu Ukrainako gerra eta horren inguruan Europan eta Espainiako Estatuan hartu diren erabaki politiko-militarrak. Gerren errealitatetik urrunduak, konformismoa nagusi, gizartea lozorro astun batean harrapatu du gerrak. Inolako erreflexiorik gabe, eromen belizistari lotu zaio gehiengoa, komunikabideek eta politikari gehienek saltzen diguten gaizto eta onen diskurtso xinpleari jarraikiz, gerrak espektakulu bat, film bat edo bideo-joko bat bailiran, kontuan izan gabe gerrek heriotza eta suntsidura dakartela; hangoek —ukrainar eta errusiarrek jartzen dituztela hildakoak eta arriskuan jartzen ez direnek ateratzen dituztela mozkin eta etekinak.
Egia da feminismoaren mundutik gerra salatzeko oso manifestu interesgarria argitaratu dela, baina oraingoz, gutxienez, ia inolako eraginkortasunik ez du izan, ez kalean ez iritzi publikoan. Alta, beren buruak feministatzat dituzten zenbait emakume boteredun, bai estatu mailan bai Europan, gerraren alde sutsuki agertu dira, eta gerra luzatzeko eta indartzeko erabakiak hartzen ari dira, era aktiboan. Tamalgarria da oso, hainbeste borrokatu garen berdintasunaren izenean botere politikora iritsitako emakumeok patriarkatuaren ikur laidogarriena den gerra bultzatzen ikustea. Eta ez da erraz ulertzen emakumeen kontrako indarkeria amaitu nahi izatea eta, aldi berean, indarkeria antolatua, gerra alegia, hauspotzea.
Eta zaila da ere ulertzea bakea eta demokrazia babesteko bidea aliantza militarrak indartzea izatea, armadako aurrekontuak handitzea, armagintzari gehiago laguntzea eta gero eta arma eraginkorragoak bidaltzea guda-zelaira. Norgehiagoka ero honek auzo lotsa eragiten du. Arma nuklearrak dituzten potentziak tartean direla, izu-laborria. Noraino eraman nahi dute gatazka bi aldeek?
Historiagile eta antropologo feministek patriarkatuaren eta gerraren arteko loturaz ohartarazi digute. Horrela, Marylene Patou-Mathis arkeologo ospetsuak dio Paleolito eta Neolito tartean aldaketa handiak gertatu zirela, ingurugirokoak, sozialak, ekonomikoak eta sinesmenen arlokoak. Horien artean, landare eta animalien etxekotzea, patriarkatuaren sorrera edo indarkeriarekin lotutakojainko arren ugaritzea, ugaltasunarekin loturiko jainkosa emeen kaltetan. Testuinguru horretan kokatzen du ikerlariak gatazka hilkorren ugaritzea eta gerren sorrera.
Gure espezieak historia luzea izan du. Patriarkatuak, berriz, 10.000 urte ere ez ditu, eta kapitalismoak, askoz gutxiago. Denbora motz horretan gizateria amildegiaren bazterrera eraman gaituzte. Gerrak, baliabide naturalen espoliazioa eta suntsiketa, klima aldaketa... Eta horrekin batera miseria eta pobreziaren hedatzea, diferentzia sozial gero eta sakonagoak, migrazio bortxatuak...
Argi da sistema honek ez gaituela defendatzen, ez gaituela babesten, ez gaituela zaintzen. Hondamendira garamatza, eta ahalik eta lasterrena planto egin behar diogu. Gizateria eta planeta larrialdi egoeran dira. Eta lehenengo pausoa da gerrak gelditzea eta armagintza deuseztatzea, arma nuklearretatik hasita.
Gerra hemendik gelditzen da, gerra hemen hasten delako. Euskal Herrian dugu arma industria zikina, besteen odolarekin irabaziak lortzen dituena, instituzioek eta banketxeek lagundua. Gure erantzukizuna da armagintza salatzea eta deuseztatzea. Lehenbailehen ekin beharreko lana da.
Feministok eta gure aliatuak kalean egongo gara bakea eta armagabetzearen alde gaur, maiatzaren 24an, 19:30ean, Bilbon Arriaga plazan eta Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazan. Etorri, lan handia dugu-eta hau dena iraultzen.
Armak beheititu, gerra gelditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu