Arnasguneak babestu eta bermatu

Aitor Abaroa Cantuariense
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Hizkuntzen kaleko erabilerari buruzko neurketa argitaratu du Soziolinguistika Klusterrak. Euskal Herriko erabilera orokorra bere horretan dago (%12,6), baina eremurik euskaldunenetan jaisten ari da euskararen erabilera: laugarren gune soziolinguistikoan hiru puntu jaitsi da erabilera azken neurralditik, eta hirugarren aldiz jarraian gertatu da jaitsiera—2006ko datuekin konparatuta, sei puntukoa da galera—. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) joan den martxoan aurkeztutako neurketaren emaitzak berretsi egin ditu, hortaz, Euskal Herriko neurketa nagusiak: eremurik euskaldunenean, laugarren gune soziolinguistikoan, atzeraka ari da erabilera; gainerako eremuetan, oro har, nahiko egonkor dago.

Emaitza horiek ez dira ezustekoa izan Uemarentzat. Denbora da horretaz ohartarazten ari garela. Udalerri euskaldunetan aldaketa handiak gertatu dira denbora gutxian, eta ez dira izan euskararen erabilera indartzekoak: biztanle mugimendu handiak gertatu dira, gure herrietako euskaldunen ezaugarriak aldatzen ari dira, erdararen sarbidea areagotu egin da, aldaketa sozialen eragina gero eta handiagoa da... Horrek guztiak zuzeneko eragina du hizkuntza-jardunean.

Urteotako azterketek erakutsi digute euskararen ezagutza jaisten ari dela eremu euskaldunenetan, euskaraz eroso moldatzen diren euskaldunak gutxiago direla, eta etxeko erabilera beherantz ari dela. Beraz, espero izateko argazkia erakutsi du kaleko erabileraren neurketak: hirugarren aldiz, behera jo du.

Jaitsiera horrek, hala ere, ez gaitu etsipenera eta paralisira eraman behar. Kontrakoa: kontziente izan behar dugu esku artean daukagun erronkaz, eta ekin. Horretarako, batetik, ezinbestekoa da egoerari buruzko diagnostiko argia egitea. Ari gara lan horretan. Kaleko neurketak eman digu beste argazki bat, eta aurki izango ditugu Inkesta Soziolinguistikoaren eta zentsuaren datuak ere. Azterketa horien guztien emaitzak xehe aztertuko ditugu, argazki osoa eduki dezagun eta lanerako abiapuntu erreal bat izan daitezen. Uema bera ere ari da lantzen udalerri euskaldunen egoerari buruzko azterketak. Bigarrenik, diagnostiko horren argitan, ekiten jarraitzea dagokigu. Ekiten jarraitzea, eremurik euskaldunenetan ere badaukagulako zertan eragin, urteotan agerian geratu denez. Egoera ez da arrosa kolorekoa, inolaz ere. Ezinbesteko ditugu udalerri euskaldunak kontuan hartuko dituzten hizkuntza-politikak; arnasguneak babestu eta bermatu behar ditugu.

Udalerri Euskaldunen Eguna izan dugu oraintsu Seguran. Elkarlanerako deia egin genuen orduan, eta, kaleko neurketaren emaitzak ikusita, berretsi egin nahi dugu dei hori: elkarrekin aritzeko premia gorria daukagu. Udalerri euskaldun guztiei dei egiten diegu gure udalerrietan hizkuntza-politikak elkarrekin landu ditzagun, herriz herri ari diren elkarteekin, eta Euskal Herriko administrazioekin eta euskalgintzako eragileekin elkarlan estuan. Soilik modu bateratuan jardunez lortuko dugu gizartearen kontzientziazioan eragitea, politika aktibo bezain eraginkorrak sustatzea eta, ondorioz, euskararen hedapena eta biziraupena bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.