Arnasguneetatik normalizaziora

2014ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Biharko egunez, 2014ko euskararen nazioarteko egunean, euskararen aldeko hautua egin duten herritarrak zoriondu nahi ditu UEMAk. Administrazioa euskalduntzen aitzindari izan diren Udalak, eta baita euskararen normalizazioa lortzeko lanean ari den euskalgintza ere. Finean, euskararen alde lanean diharduten instituzio, eragile eta herritarrak zoriondu nahi ditugu. Beraien ekarpenik gabe, ez legoke euskara bizirik, eta guztion arteko elkarlanik gabe ez dugu lortuko euskara normalizatzerik.

Euskararen egunean, udalerri euskaldunetan, euskararen arnasguneetan jarri nahi dugu begirada. Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik. Eta beste hainbat tokitan ez bezala, nagusi da euskara. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako hizkuntza naturalki erabiltzen dugu eguneroko bizitzan.

Udalerri euskaldunak baditugu Euskal Herriko sei herrialdetan, eta hori herritarrek bermatu duten lorpen bat izan da. Hainbat herritan, euskaraz bizitzea lehenetsi dugu eta euskararen bizitasuna mantendu dugu. Gurean babes sozial zabala dauka euskarak. Oraindik, ordea, badira osotasunez euskaraz bizitzea eragozten diguten hainbat hutsune (lan muduan, administrazioan...). Eta hutsune horiek gainditzeko lan egin nahi dugu.

Udalerri euskaldunetako herritarrek bezala, bertako udalek ere euskararen aldeko hautua egina dute. Lan handia egin dugu udala euskalduntzeko, eta UEMAko udalak erreferentzia bilakatu gara euskararen erabilerari dagokionez.

Udalerri euskaldunen eginkizuna garrantzi handikoa da euskararen normalkuntza prozesuan. Euskara nagusi den gutxieneko lurralde hori ezinbestekoa da edozein hizkuntza aurrera ateratzeko. Euskara biziko bada,nagusi izango den lurgunea behar du. Edozein hizkuntzaknagusi den esparruak behar ditu. Arnasgune horietan, bilatu beharko du biziberritu nahi den hizkuntzak heldulekua; bai belaunaldiz belaunaldiko transmisioari, bai hizkuntzaren funtzio komunikatiboari, bai hizkuntzaren balio erreferentzialari dagokionez. Euskararen arnasgune horiek zaindu, sortu eta, hala balitz hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro.

Horregatik, UEMA eta bertako kide garen udalok euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzeko lanean dihardugu. Izan ere, administrazioaren ardura ere bada gune hauek zaindu eta sendotu daitezen politikak martxan jartzea. Iruditzen zaigu UEMAko udalerriek badaukatela profila euskararen normalizazioan eredu izateko, eta hori, baliatu nahi dugu euskararen hedapena bultzatzeko.

Euskal Herria euskalduna dugu helburu. Eta norabide horretan, euskararenarnasguneetatik ekarpen garrantzitsua egin dezakegu. Udalerri euskaldunetako Udalak, eragileak eta herritarrak elkarlanean, euskararen normalizazioan euskararen hedatzaile papera jokatu behar dugu. Horrela, euskararen arnasguneak zabaldu eta hedatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.