Egunotan arrazakeria eta xenofobia-jarrerak —zein ekintzak— gora doazela inoiz baino gehiago ari gara entzuten. Orain arte bazirudien Euskal Herrian bestelako arazoak genituela eta xenofobia edota bereizkeria, oro har, beste lekuetan, ez gure artean, jazotzen zirela. Aspaldi honetan, ordea, etorkinak presentago daude gure plaza publikoan, beraiei ematen omen zaizkien laguntzak edo mezkitak zabaltzeko aukera aitzaki ari dira bilakatzen «gure» eta «haien» arteko dinamika elikatzeko. Arartekoak berak, aurkeztu berri duen bere azkeneko txostenean honen guztiaren gaineko kezka azpimarratzen zuen, alarma-deia eginez. Teoriaz egunen batean izan beharko genukeen kultur arteko elkarrizketa, eguneroko bizitzara heldu da, sortzen diren gatazken aurrean hiritar batzuk erantzun desegokiak, baztertzaileak eta, batzuetan, deliktiboak ere ematen hasiak direlarik. Horra hor, esaterako, azken aldi honetan iritzi publikoa astindu duen gaia: alegia, diskoteketara sartzeko debeku diskriminatzaileena, SOS Arrazakeria Gobernuz Kanpoko Erakundeak egin duen lan bikainari esker denok ezagutzeko aukera izan duguna.
Ziurrenik inor gutxik jakingo du, Zigor Kodeak bere 512. artikuluan horrelako jarduera aurreikusten duela. Merezi du xedapen penal horren idazkera erreproduzitzea: «Norbaitzuek, lanbide edo enpresa jarduerak gauzatzean, pertsona bati prestazio bat emateari uko egiten badiote, beraren ideologia, erlijio, sinesmen, etnia, arraza edo nazio, sexu, sexu-joera, familia-egoera, gaixotasun edo elbarritasunaren zioz, eta pertsona horrek prestazio horretarako eskubidea izanik, orduan, halakoei lanbidea, ogibidea, industria edo merkataritzan aritzeko desgaikuntza berezia ezarriko zaie, urtebetetik lau artekoa». Hortaz, diskoteketara sartzen uzten ez duena beltzak edo musulmanak edo latinoak direlako, zigor penala eduki dezake, lanbidea galtzekoa eta, nik dakidanez, Fiskaltzak ez du inolako eginbiderik hasi.
Hiritarrok ez jakitea hori delitu dela ulertzekoa da, hainbeste lege penal aldaketen artean. Baina epaileek, fiskalek eta poliziek hori ez jakitea larria da. Larria ez ezik, arazoaren zati bat.
Zigor Kode berria indarrean sartu zenean, 1996ko maiatzean hain zuzen ere, bereizkeriaren aurka borroka egiteko hamabi xedapen penal baino gehiago onartu ziren, gehienak estreinakoz: halan holan, delituak zio arrazista edota xenofobo zigortzeko astungarri bat (22.4 artikulua); bereizkeriarako probokazio-delitua (510 art.); bereizkeria-jarduerak debekatzea bai zerbitzu publikoetan (511 art.), bai lan-esparruan (314 art.), bai —arestian aipatu bezala— lanbide edo enpresako esparru pribatuetan ere (512 art.); genozidioaren-apologiaren debekua (607.2 art.), eta abar. Harrez geroztik, ia 15 urte pasatu ondoren, aitzitik, lege penalok ez dira behar bezala ezagutzen ezta ezartzen. Askotan, poliziek, delituzko bereizkeriak gertatzen direnean, kontsumo-bulegoetara jotzeko moduko «huskeriak» direla uste dute eta horren arabera ere biktimak jarduteko aholkatzen dute. Interneten bitartez edota egunkarietako foroetan botatzen diren diskurtso faxista, diskriminatzaile, iraingarri eta gorrotoz beteak ez du ematen Segurtasunezko Gorputz eta Indarren eginkizuna direnik. Fiskaltzak, Bartzelonako kasu eredugarri bezain txalogarria salbu, ez dute unitate berezirik delitu hauetaz arduratzeko. Pentsa dezagun, esaterako, nola den posible, Madril bezalako hirian, xenofobiaren aurka borrokatzeko Fiskaltza berezi bat ez edukitzea, bertan ultra-eskuindarren presentzia eta jarduera-zabalera ikaragarria kontuan harturik.
Poliziek eta fiskalek errealitatea antzematen ez badute ez da Justizia-Administraziora iristen, ez behintzat bere benetako existentziaren neurrian. Gainera, zigorgabetasunaren zirkulua erabat ixteko, Estatu espainiarra bada Europan bakarrenetarikoa, delitu xenofoboen errolda estatistikoa ez duena. Europako zein Nazio Batuko giza eskubideen erakunde ofizialek behin baino gehiagotan Espainiako Erreinuari exijitu arren, ez da inongo informazio sistematiko eta fidagarririk gaur egun dauden hilketa, jipoi, lesio, mehatxu, irain edota bereizkeria-ekintza delituzkoei buruz. Ia ezinezkoa da jakitea indarkeria-arazo larri honen intentsitate-maila eta, hortaz, nekez estrategia aurrezaintzagile egokia zirriborra liteke, bai hezkuntza, bai gizarte-politikak bai zuzenbide-arlotakoak barne hartu beharko lituzkeena.
Konparaketak gorrotagarriak dira, baina pentsa dezagun zelakoa izan zitekeen erreakzioa diskoteketara sartzen ez uzteko arrazoiak ideologikoak izan balira, demagun, euskal arazoa izenekoarekin zerikusi dituenetakoak kasu edo katalan-hizkuntza kontuekin esaterako. Konparaketarekin jarraiturik, gogora dezagun mehatxu terrorista internetez edota apologia-delitua, terrorismo-kasuetan, zein grinaz eta eragingarritasunez begipean eduki, pertsegitu eta zigortzen diren.
Justiziak, izena merezi ahal izateko, berdintasun-printzipioz eta, inoiz ez hobeto esanda, bereizkeriarik gabe jardun behar du, bai jarduera deliktiboak ikertu, bai pertsegitu, bai zigortzeko orduan. Argi dago, ordea, hori ez dela gertatzen ari, eta ez bakar-bakarrik xenofobia eta diskriminazio-delituen kasuan. Baina esparru honetan beste alde batera begiratzea bereziki zabarra da eta, kaltetu gehienak, ahulak direnez gero, alegia, gizarte-posizio oso ahuletan kokaturik daudenez, botere-bitarteko ohikoetatik at, zigorgabetasuna gainditzeko are zailago gertatzen da.
Xenofobia, euskal gizartean ere, ez da atzo goizeko arazoa. Ez da azkenaldikoa. Baina lurpean eta ikusezin mantentzen dugu, horretan lehenik eta behin Justizia-administrazioak, Fiskaltzak eta poliziek lehenengo erantzukizuna dutelarik. Haiek esku hartzen ez badute, arazoa handiagotu besterik ez da egingo. Momentuz, ordea, salatu beharra dago: ez dago itsuagorik ikusi nahi ez duena baino!
Arrazakeria eta xenofobia. Zer ari da gertatzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu