Jose Mari Esparza Zabalegi.

Arrazoi genuen

2014ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Orain dela zazpi urte justu, Escándalo monumental izeneko artikulu bat argitaratu zen prentsan: bertan, salatzen zen herrien ondasunen inmatrikulazio masiboa egiten ari zela artzapezpikutza, isil-gordean, oso modu susmagarrian. «Legearen mozorroa jantzitako moralgabekeria bat», esan genuen orduan, eta etorkizuneko ondorioez ohartarazi.

Artzapezpikuaren erantzuna erabatekoa izan zen: esan zuen tenpluak bereak zirela, legearen arabera jokatzen ari zirela, eta manipulazioa egitea leporatu zigun, demagogia, zorroztasun historikorik ez izatea... Egun batzuk geroago, Sebastian apezpikuak trikornioa jantzi zuen Uxueko erromerian —oraingo honetan zentzu metaforikoan—, eta istiluen kontrako polizia baten tankeran oldartu zitzaigun «bizitzetatik Erlijioa erauzi nahi genienoi». Egia bakarra esan zuen: «tenpluak herriarenak dira», baina ez zuen argitu zergatik egon behar duten orduan Artzapezpikutzaren izenean. Parrokoren bat edo beste kexaka eta espantuka hasi zen, eta gogotik larrutu gintuen. Hemen ginen berriz ere gorriak, apaiz-jaleak, eliza-erretzaileak. Lehenbiziko fede autoa pasaturik, ez zuten argudio gehiagorik izan sua bizitzeko; batez ere, jakin zenean ondasun mota asko zeudela tartean, nola inmatrikulatu zituzten, nola saldu, nola alokatu: zekenkeria, helburu goren bihurtua. Eta erabaki zuten isilik geratzea, lehenbiziko erantzuna baino ere susmagarriagoa zen isiltasun batez. (Eta, gaizki hezitakoen burgoikeriaz, oraingo artzapezpikuak iradoki zuen liburu gehiago saltzeko antolatu genuela hau guztia; zeinek bera nolako, besteak uste halako.)

Gainerakoa ondo jakina da: Nafarroako berrehun udal, Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataforma sostengatuz; hitzarmenak erkidegoetako legebiltzarretan; eztabaidak Senatuan; oihartzuna prentsan, baita nazioartekoan ere; gaia pil-pilean Estatu guztian; eskandalu ikaragarriak Kordobako meskitan, Sevillan, Valentzian... Eta denetan bitxiena: sinestunen sektore batzuk sumindu dira gehien Elizaren pilatu behar horrekin, haren doktrinaren hain kontrakoa.

Europako hauteskundeen atarian, PPk bazekien bai PSOEk eta bai IUk berriro helduko ziotela gaiari. Gainera, legelariek esana zuten Konstituzioarekin ez zetorrela inola ere bat apezpikuak jabetza erregistroetan ibiltzea, San Joan Ebanjelaria erregistratzaileen patroia izango balitz bezala, nahi zuten guztia beren izenean jartzen. Hala, modu sibilinoan, Hipoteka Legea moldatzeko legegai zirriborroaren bitartez, PPk indargabetu egin du bonba gero eta handiago hori, iragarri du bukatu dela artzapezpikuen festa, ez du aipatu ere egin aurreko legearen konstituzionaltasun auzia, eta, errematerako, beste urtebete eman die, ahal duten guztia harrapa dezaten bizkor-bizkor, lasterka ihes joan aurretik.

Plataforman, bi baino ez ziren gure manamendu xumeak: bata, apezpikuek ezin zutela egin egiten ari zirena; bestea, modu horretan inmatrikulaturiko guztia lehenera itzuli behar zela. Zazpi urte geroago, PP arrazoia ematen hasi zaigu. Galdera hau biblikoa ere bada: aitortzen bada ondasun publikoen jabetze itzel hori ez zela modu egokian egin (bekatuan egin zela, esan dezagun), nola absolbitu apezpikuak, ondasunak itzultzen ez badituzte?

Orain, inoiz baino arrazoi sendoagoz, aholku emango diegu gure artzain galduei, sartu diren deskredituaren infernutik nola atera. Aurrena, egia esan dezatela: herritarrek lehenbailehen jakin dezatela, Nafarroan jakin zuten bezala, zer inmatrikulatu den abantailazko sistema horren bitartez. Gero, Zesarrentzat Zesarrena: itzul diezazkietela ondasun horiek herriei, haiek sostenga ditzaten, zabal diezazkioten jendeari eta, ondo jakina denez, kultu kristauari. Iparraldean gertatzen den bezala. Alderantzizkoak auzia betikotzea ekarriko du; deskreditua iraunkortzea. Iritsiko da eguna Plataformako dozenaka Udalek espedienteak irekiko dizkietena hondatzeko zorian dauden «Artzapezpikutzaren» eraikin guztiei, eta orduan ez ditu kiebratik gordeko ezein limosnariren otarretxok. Zergatik tematu, bada, mantendu ezin duten Ondare baten titulartasunean? Ez al da logikoago, eta espiritualago, Elizak kultua berma dezan halakorik eskatzen dion arimarik bada, eta utz dezan herrien esku jabetza mundutarra haiek eraikia bada?

Eta burgoikeriaren kontra, apaltasuna: Artzapezpikuak entzun eta negoziatu egin beharko luke hainbeste herriren ordezkari den Plataforma horrekin. Eta lehen urrats gisa, bihoakio gure gonbita Jardunaldietan parte har dezan, gaiaz eztabaidatzeko antolatuak baititugu egunotarako Iruñean. Batzuen batzuek baieztatu dutenez, Jesus Nazaretekoak ez zukeen sekula huts egingo eztabaida horretan.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.