Iñaki Antiguedad Auzmendi.

Arrisku globalen harira

2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Izan badira urtero gainbegiratzen ditudan txostenak, nazioarteko erakunde batzuek honetaz edo hartaz eginak, inguru zabalean izaten ari dena jakiteko mina sekula ase ez arren hurbilekoa hobeto ulertzen lagungarri, zoomak angeluhandikoa behar du eta. Hortaz, aurton ere begiratu dut Munduko Ekonomia Foroak, azken hamabi urtean egin legez, arrisku globalen harira argitaratu txostena: The Global Risks Report 2017 (Arrisku Globalak 2017 Txostena), azpi-izenaz Committed to improving the state of the World (Munduaren egoera hobetzeko konprometituak) duena.

Gogoeta egin genezake Foro horretara bilduak zertaz ari diren munduaz eta ekonomiaz ari direnean, mundu asko baitaude planeta honetan, eta ekonomia ulertzeko moduak ere asko eta askotarikoak. Baina arriskuak berak gura ditut hizpide hartu, arrisku globalak. Foro-kideak zerk kezkatzen dituen jakitea interesgarria begitantzen zait, euren kezkak besteontzako aukerak izan daitezkeelako. Urduritasuna dario txostenari, iaz han-hemenka, Estatu batzuetan eta nazioartean ere, statu quo kolokan jarri duten hainbat gertaera arrisku seinale hartuta.

Arriskuak, oso zabaldua den definizioa hartuta, bi kontzeptu biltzen ditu: kaltea ekarri dezakeen zerbait gertatzeko probabilitatea eta kaltegarri den hori gertatzekotan ekarriko lukeen kaltea bera. Hortaz, arriskua gutxitu daiteke bata edota bestea gutxituz. Arriskuak beti izan dira, izango ere, baina asko aldatu dira azken hamarkadetan, kausetan, ondorioetan eta kaltetutako lurralde-eskalan aldatu ere. Arrisku berriak asko eta askotarikoak dira, lehen baino zabalagoak eta larriagoak. Eta hauei erreparatzen diete txostenok.

Txostenak herrialde eta sektore desberdinetako eragileen perspektibak eta pertzepzioak hartzen ditu oinarri; botere-taldeak, enpresariak, sektore publikoa, unibertsitateak, gizarte zibila… izan omen dira galdetuak eta horren emaitzaz 30 arrisku global zerrendatu dira, bost kategoriatan: Ekonomikoak bederatzi, Anbientalak bost, Geopolitikoak sei, Sozialak sei eta Teknologikoak lau. Zerrendatu bakarrik ez, ordenatu ere kontuan izanda gertatzeko probabilitatea eta balizko inpaktua, beti ere modu kualitatiboan hartuta.

Interesgarria begitandu zait txostenek bildutakoa denboraren perspektibatik begiratzea, horretarako 2007tik aurrerakoak hartuta. Hortaz, probabilitateari eta inpaktuari begira arrisku anbientalak dira 2011tik aurrera zerrenda buruan nagusi. Hauen artean uholde-lehorte moduko muturreko gertaerak dira, bestelako «natur hondamen» handiekin batera. Baina deigarria den beste arrisku bat ere bada hor, klima aldaketari aurre egiteko arintze eta egokitze neurrien «hutsegitea». Adierazgarria, oso, aldaketa horrek areagotu egiten duelako aurreko horien eragina.

Ekonomikoetan, ostera, arriskuak galduz joan dira 2012ra arte izandako nagusitasuna. Orduan erregai fosilen prezioen gorabeherak, inflazioa, gorabideko ekonomia handien geldotzea edota ekonomiaren uzkurtze orokorra aurreneko postuetan ziren arren, gerora pisua galdu dute zerrendetan, eta fiskalitate-krisiaren inpaktua hainbatetan ageri bada ere, azken boladan langabe-azpienplegu tasa estruktural handia da kezka nagusia. Hasierako txostenetan gaixotasun kronikoak eta pandemiak ziren aurrean arrisku sozial modura, baina denbora aurrera joan ahala errenta-diferentzia latzak eragindako ezegonkortasun sozial sakona ageri zen goian probabilitatean, eta ur-krisiak inpaktuan. Azken bi urtean, ostera, eskala handiko nahi gabeko migrazioak dira arrisku sozialetan probabilitate handienekoak.

Geopolitika ere bada arrisku sortzaile, eta ez edozelakoa. Lehen, eskualde gatazkatsuen ezegonkortasuna zen, bere horretan, arrisku probable nagusietakoa, baina azken urteotan estatu-arteko gatazkak hartzen ari diren dimentsio erregional zabala ageri da kezka nagusi, gobernantza globalaren «hutsegite»-arekin batera. 2017 urtean, zehazki, eskala handiko eraso terroristak ageri dira lehenengoz goi postuetan. Inpaktuei dagokienez, ordea, azken urteotan suntsipen masiboko armek dute lehentasuna. Azkenik, teknologiak dakartzan arriskuak dira. Azken boladan hasi dira horiek zerrendaren aurrealdean agertzen. Ziber-erasoak dira, funtsean nagusitu direnak.

Txostenek argi adierazten dute arriskuak gero eta elkarlotuagoak direla. Kaskada efektua aipatzen da, hots, arrisku batek beste batzuk aktibatu ditzakeela modu kateatuan. Marasma-sare hori da gogoetan erreferente hartu beharrekoa. Arrisku global kateatuen ondorioz egonkortasun sozialak behera egingo duela iragartzen du txostenak, are gehiago krisiaren laguntzaz. Txostenek ez diote, baina, arriskuen izanari hutsegiteen errudunen izenik jartzen. Statu quo kolokan jartzea dute kezka nagusi. Baina, bestelako estatusa behar da han-hemen arriskuei benetan aurre egiteko.

Arriskuaren Gizartea garela zioen izen handiko soziologo batek, baina hitzon ordena aldatuta ere argigarri. Gizartearen arriskua, indarrean den ekonomiatik hasita. Galderen aroan garen honetan bada zer galdetu, eta erantzun. Geure esparrutik barne politika globala lantzeko konpromisoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.