Artearengana iristeko gaitasuna

Juan Ramon Alberdi Ibarmia
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Artea da, ziur aski, muga material zein espiritualak bildu eta zeharkatzen dituen kontzeptu bakarrenetakoa. Alabaina, berezko sentsibilitatea, edo jasotako prestakuntza dela medio, arrotzagoa edo ulergarriagoa bilakatzen zaigu, horregatik esan genezake pertsona batzuek gaitasun handiagoa dutela artearen esentzia ulertzeko. Edo beste modu batera adierazita, artearengana iristeko. Alta, artelana ikusgai dagoenaren tokiaren arabera, berarengana heltzeko erraztasuna edo zailtasuna beste parametro batzuetan ulertubehar da. Nik mintzagai dakarkizuedanaren kasuan, gaitasun fisikoa oinarrizkoa bilakatzen da.

Azken hilabeteetan gaurkotasun nabarmena hartu du Hondalea izeneko artelanak. Eta esan genezake arestian aipatutako irisgarritasun mota biak biltzen dituela: batetik, artelan gisa duen esentzia eta balioa, zeintzuek pertsona bakoitzak bere erara ulertuko dituen; eta bestetik, eraiki den parajea (Donostiako Santa Klara uhartea), inolaz ere pertsona ororentzat irisgarria ez dena. Artelan gisa duen balio edo garrantzia epaitzeko zeregina arte kontuetan ni baino jakintsuagoak direnei utziko diet. Irisgarritasun fisikoak, aldiz, bete-betean harrapatzen nau: desgaitua izateaz gain, desgaitasunari buruzko doktore tesia antropologian egiten ari naizelako. Horregatik, esan nezake, gure gizarteak hain garrantzitsutzat duen gaitasunaren imajinario kolektiboan, desgaitasuna dugun pertsonok aparteko orrialde batean kokatuta gaudela.

Ildo horretan, gaitzespen anitz egin dituzte Hondalea ikustera Santa Klara uhartean barrena joan ezin diren kolektiboek: diru publikoarekin eginiko artelan bat publiko mota guztientzat eskuragarri ez dagoelako. Eta eraso beste defentsa Donostiako Udalaren aldetik: tokia bera dela irisgarritasunik gabea, joango direla irisgarritasuna egokitzen... Alabaina, nik esango nuke irisgarritasunaren gaia oso kontuan hartu dutela proiektu hau antolatu dutenek, ezen, erakustokia non dagoenaren aferaz gain, bertaratzeko sortutako diskurtsoa ahaleginean oinarrituta dago. Web orriko bideoan, behin eta berriz, gizartea mugiarazteko jarrera nabarmen agertzen da. Herritar guztientzat eraikitako diskurtso horrek naturaltzat hartzen ditu ekintza asko; alabaina, horiek ez daude pertsona ororen esku.

Donostia eta Santa Klara uhartearen irudien artean, azpititulu gisa, besteak beste, honako esaldiak nabarmentzen dira: txalupa bat hartzeko borondatea izan behar duzu; denbora eskaini hurbiltzeko, atea ireki eta sartzeko; begiratzeko, eskailerak igo eta zerbait gertatzen den itxaron. Begiratzeko eta pentsatzeko leku bat. Naturaren zaintzak duen garrantziaz gogoeta egiteko. Badirudi nahi izatea aski dela edozer aktibitate egin ahal izateko: txalupan ibili, ateak ireki, eskailerak igo, ikusi... Ezarritako premisa bakarra ahaleginarena da, eta ez da saiakera horiek burutzeko gaitasuna zalantzan jartzen. Are okerrago, ahalmen horiek derrigorrezkotzat hartzen dira naturaren zaintzak duen garrantziaz jabetzeko.

Nire esperientzia eta ikerketa kontuan hartuta, iruditzen zait diskurtso horretan dagoela akatsa eta baita gakoa ere. Ahaleginean, eta ahalegin horri suposatzen zaion gaitasunean oinarritutako pentsaera aldatzen ez den bitartean, alferrikakoa izango da irisgarritasunari buruzko afera. Alferrik eraikiko dira arrapalak, egokitu komunak eta garraioa, edo politikoki zuzena den hizkuntzaren mintzaira melenga barreiatu. Ezen beti egongo da gaitasunean eta normaltasunean oinarritutako diskurtsoak alboratutako erpinen bat. Adabakia behar duen zirkunstantzia deserosoren bat, zeinak ustezko gizarte berdin eta harmoniatsua nabarmenki desitxuratuko duen.

Gaitasuna eta normaltasuna sinonimotzat hartzen dituen gizarte normatibo honetan, berarengandik at geratzen garenontzat salbuespen egoera hedatzen da. Eta guk aurre egiten jarraituko dugu diskurtso hori aldatu edo berreraikitzen den artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.