Atzo, gaur eta beti, euskaldunak euskal selekzioan

Iñigo Santxo Uriarte, eta Martxel Toledo Garmendia
2017ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Hamasei urte laster beteko badira ere, atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzen dugu ESAITek antolatuta Hossegorren irailaren 22an egindako ekimen arrakastatsu hura, besteak beste, eragile gisa Iparraldean antolatzen genuen lehenetariko ekimena izanik, ez genekielako deialdiak zaleen eta herritarren aldetik nolako oihartzuna izango zuen. Are gutxiago, frantziar poliziaren erantzuna nolakoa izango zen, batik bat, Espainiak Parisen zuen enbaxadoreak Frantziako Kirol ministroari euskal selekzioari Europako txapelketan parte hartzen ez uzteko eskatu ziolako; debeku horrek guregan izan zitzakeen ondorio guztiekin. Baina tira, zorionez, ia guztia aurreikusten genuen modura atera zen; ekimen arrakastatsua eta baketsua izateaz gain, Iparraldean euskal selekzioaren afera mahai gainean jartzeko balio izan zuelako. Eta helburu nagusia, alegia, euskaldunak bere selekzio propioarekin lehiatzea izan eta zoritxarrez hori ez lortu arren, uste dugu ekimenak berak merezi izan zuela, besteak beste, aldarrikapenak, Espainia eta Frantziarekin lehiatu ziren surflari askoren babesa izan zuelako.

Hamasei urte hauetan, euskal herritarrek bultzatuta, euskal selekzioaren aldarrikapenak bere bidea egin du, eta oihartzun handia lortu arren, salbuespen batzuk kenduta, (areto futbola, borroka arloko wushu kung-fua, kenpo key, itsas arloko surf kaiak, herri kiroletako sega eta sokatira edo eta bote luzeko euskal pilotan...), euskal kirolariei,beraienak sentitzen ez dituzten koloreak ordezkatzea eta defendatzea beste aukerarik ez zaie gelditzen nazioarteko txapelketa ofizialetan aritu nahi badute. Eta zoritxarrez, euskal surflariak ere egoera berean aurkitzen dira, alegia, espainiar eta frantziar federazioek geure selekzioaren aurka jarritako harresi lotsagarri hori gainditu ezinean, eta, ondorioz, olatu handiak menperatu arren, aipatu selekzio arrotz horiekin lehiatu beharrean.

Euskal Herriko Surf Federazioa (EHSF), ofizialki, Europako Surf Federazioaren sortzaileetako bat da, eta bertako kide izan da hasieratik. Baina irregulartasunez osatutako prozedura ilun baten ondoren, 2000.ean Jerseyn egindako batzar batean, Espainiako Federazioak atzeko atetik Europako Federazioan sartzea eta bazkide izatea lortu zuen, EHSF kanporatuta. Gero, epaiketa batzuen ondorioz, demostratu zen Espainiako surf federazioaren sorrera legez kanpokoa izan zela, eta hantxe ireki zen aukera berriro ere EHSFren sarrera eskuratzeko. Garai hartako agintari federatibo eta autonomikoek, baina, nahiago izan zuten horretan utzi, eta horrela gaur egun Espainiako Federazioak Europako Surf Federazioko, ISAko kide (International Surf Asociation) kide gisan segitzen du, Euskal Herriko Surf Federazioa (EHSF), aldiz, ISA erakundetik kanpo dago, ulertezina den egoera batean.

Miarritzen larunbatean —gaur— hasiko den herrialdeen arteko munduko surf txapelketan euskaldunek ofizialki bere selekzioarekin parte hartzeko duten asmoa azalduz Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) ISA (International Surf Asociation ) erakundeari gutun bat bidali diotela irakurri dugu egunkari batean. Ez dakigu erantzuna zein izango den, baina ikusita orain arte gertatutakoa eta Espainia eta Frantziaren jarrera maltzurra, itxaropen handirik ezin eduki.

Hori dela eta, larunbat honetan, Miarritzeko Hondartza Handian, euskal herriko surflari talde batek antolatuta, Euskaldunak Euskal Herrian, noski baietz! lelopean, ekimen baten deialdia dago, etabertan, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, trikitilariekin, txalapartariekin... jai giroanondo pasatzeko aukera izangoda.

Esan gabe doa, bat egiten dugula deialdiarekin, besteak beste, argi baitugu euskaldunok euskal selekzioarekin aritzeko eskubidea dutela, atzo, gaur eta beti. Noski baietz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.