Aukera leihoak

2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Diskurtso politikoan aukera leihoa terminoa sartu dute azken urteotan. Entzun dudanaren arabera, ingelesetik dator. Azken finean, aukerak aprobetxatzeaz beti erran denaren bezalakoxea da bere erranahia. Hots, deus berririk ez eguzkipean. Hori bai, modu jasoagoan erranda, leihoaren horrek puntua ematen baitio.

Zehatzagora joz, erran ohi da bizi dugun krisi sistemiko honetan ere (klimatikoa, belikoa, ekonomikoa, pandemikoa) hobekuntza progresistak erdiesteko posibilitateak daudela. Horrela, adierazten da PSOE-UP gaurko gobernua eratzeko Kongresuan «aurrerabidearen blokeak» eman zuen botoak (aldeko botoa: Más País, EAJ, Compromis, BNG, Nueva Canaria, Teruel Existe; abstentzioa: ERC eta EH Bildu) balio izan zuela aukera leiho bat irekitzeko, geroago zenbait lege eta aurrekontu orokor onestearekin gauzatu zena.

Hasteko, ez dut uste jende askorik dagoenik bere proiektuen aldeko aukerak aprobetxatzearen aurka (besteren ahuleziak, aldeko abaguneak...). Aurrekoari muzin egin eta guda handi eta heroikoen aldeko apustu egitea bakarrik, itxurakerian gelditzen ahal da. Hori horrela, egia da ere aukerak bilatzeari gehiegizko maitasuna hartzeak oportunismo hutsera eramaten ahal duela; hau da, zure aldaketarako estrategia andeatzera eta taktika hutsa bilakatzera, eraldatu nahi duzun sistemak onargarri dituen mugen mende paratuta.

Espainiako Kongresuan zenbait adibide paratzen ahal dira PSOE-UP gaurko gobernua sostengatzen duen aurrerabidearen blokea eratzen duten taldeen aldetik. Usu, alderdiek justifikatu ohi dute gobernuaren proiektuei azaldutako aldeko jarrera, honelako esaldiekin: «Hau ez bada ere gure taldeak eginen zukeen legea, bere testuan zuzenketa sorta bat sartu dugu, jendearen bizimodua hobetzeko balioko dutenak», eta, segituan, haien negoziazioei eta erdiesteko bertuteei esker lortutako garaipenak zehaztera iragan dira.

Baina mintza gaitezen kasu zehatzei buruz. Adibidez, Estatuko Aurrekontu Orokorrak. 2020, 2021, 2022 eta 2023koei dagokienez, botazioa horrela izan da: 188/189 aldeko boto (gobernuko taldeak, ERC, EAJ, EH Bildu, Más País, Compromis...), 160 kontrako (PP, Vox, Cs, Junts, CUP...) eta 0/1 abstentzio (BNG). Erran nahi baita, aurrerabidearen blokeko alderdi batzuen botoak ez ziren beharrezkoak aurrekontuek aurrera egiteko. Abstentziora joan izan balira, edo, are, kontrako botoak izan balira, aurrekontuak onetsiak izanen ziratekeen. Horrela bada, «kontra azaldu edo abstenitu izan banintz, makurragoa zatekeen» aitzakiak ez du balio.

Zehatzago oraindik. 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak «historiako sozialenak» izendatu ditu gobernuak. Izen hantustea izanik ere, kontu-sail militarrak %25 handitu dira, eta hori aurreko urteetan izandako %60ko gehikuntzari erantsi behar zaio. Orobat «soziala» irudi du Polizia eta Guardia Zibilarendako soldata igoerak, %38koa. Eta zer esanik ez, funtzionarioendako (2,7 milioi pertsona) soldata igoeraz, %2,5-%3,5ekoa izanen dena. Hauen erosteko ahalmenaren galerari %15a gehitu behar zaio, aurreko urteetan metatua. Edo pentsioena (9 milioi pertsona). Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak salatu duenaren arabera, aurreikusitako %8,5eko igoerarekin ez dute berreskuratuko azken bi urteotan galdutakoa; aitzitik, galera finkatuko da. Osasuneko kontu-sailak ere ez dira oso ongi atera, estatuko geografian barna egiten ari diren mobilizazio sanitarioek salatzen duten gisara.

Bertze aldetik, aukera leihoez hitz egiten denean, maiz ahazten da eraikin horretako ate eta balkoiekin zer gertatzen den erratea. Zeren eta, haietaraino (bigarren eta hirugarren pisuak) gora eginez igo behar baldin bada eskubide txiki batzuk erdiesteko, badira ateak zabal-zabalik dituztenak dena harrapatzeko. Banka, elektrizitate, energia oligopolioen eta banaketa kate handien kasua da. Benetako mafiak dira eta haiendako joko zikina kirol hutsa da. Haien DNAn dute saihesten jakitea gobernu honenkataplasma, tirita eta parazetamoleko politika sozio-liberala. Pandemia eta gerra iritsi eta, hasi da jokoa!: sei banku handiek iragarri dituzte 21.849 milioiko mozkinak, azken urteotako handienak; IBEX-35eko gainerakoak ez dira oso urruti gelditu. Bitartean, zerga erreformaz mintzatzeasakrilegio hutsa da.

Begi bistakoa da, egun, erosteko ahalmena berreskuratzen ez duen soldata edo pentsioen igoera izatea hobe dela deus ez izatea baino, edo ez horren txarra, behinik behin. Baina modu honetan, urteak pasa ahala, lortzen dena da bizi maila erdi duinetik estu batera iragatea, hortik eskasiara eta, azkenean, erabateko pobrezian bukatzea, hori bai, historiako aurrekontu sozialenetik eroritako prestazioren baterako eskubideaz edo izugarri igotako erosketetan BEZaren puntu batzuk beheititurik. Inork ez du, hortaz, zalantzan paratzen 5a 4a baino handiagoa dela, edo 4a 3a baino handiagoa eta hori 2a baino handiagoa... Baina hori zero absolutura eramaten ahal duen estrategia baino ez da.

Legealdia bukatzen ari bada ere, mahai gainean oraindik badira jokatu beharreko partida garrantzizkoak. Bertzeak bertze, Mozal legea edo Pentsioena (Sekretu Ofizialenaz hobe atzendu, nonbait), gibelaldean prestatzen ari direnak. Dena den, hauteskundeen bezperan gaudenez, itxurakeriaren politikak eta esaldi hanpatuek dena betetzen dute. Inork ez daki ongi zer dagoen hitzen eta doinuen gibelean, ezta haiekin batera doazen keinuen gibelean ere. Hori dela eta, nire desira da leiho bat baino, ateak eta balkoiak zabal daitezela. Korrontea egin eta eraikina haizatu dadila, kiratsa baitario.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.