Euskal Herriaren zeruertzak zabaltzeko gogotik lan egindako hiru pertsona hil dira uda honetan; estimutan nituen hirurak: Arantza Arruti militantea, Joxe Azurmendi filosofoa eta Mirentxu Loiarte zinegilea. Bilgune Feministak antolatutako mahai-inguru batean txunditu ninduen lehendabiziko aldiz Arrutik; euskal pentsamendu kritikoari buruzko graduondoko batean hitz egin zidaten Azurmendiz, eta Loiarte bera Kursaaleko pantaila handi batean ezagutu nuen beste zinegile bati esker, orain hamar urte kasik.
Zuetako batzuei ere antzeko zerbait gertatuko zitzaizuen agian: Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak dokumentalaren bitartez izango zenuten, akaso, estreinako aldiz Loiarteren berri, eta beharbada zeuek ere galdetuko zenuten, zeuen kautan edo lagunartean, «baina nola da posible orain arte ez ezagutu izana pertsona hau, euskal zinemagintzaren korronte berritzaile bateko kide hau, Irrintzi pieza aitzindariaren egilea?». Egia esan, mundua eta munduari eusten dioten sistemak zer-nolakoak diren aintzat hartuta, erraz asko ulertzen da nola izan den zehazki posible halako zerbait gertatzea —hainbat aldiz gertatzea—, jende askok esplikatu du, baina, laburtzearren, esan dezagun honetan guztian faktore guztiz erabakigarriak direla generoa eta Euskal Herriaren iragan mendeko historia. Bai eta, modu zabalagoan, autorearen kategoria ere —auteur frantsesez zein ingelesez—, beste arlo batzuetan jeinuaren edo maisuaren kategoria dei geniezaiokeen moduko zerbait.
Loiarte gogoan, kategoria hori zalantzan jarri nahi nuke gaur, eta beste batzuen hitzak ekarriko ditut horretarako.
Uztailaren erdialdean, Gasteizko Artiumen, Chantal Akermanen lanei buruzko atzera begirako erakusketaren harira, mintegi publiko bat prestatu zuten Arantza Santestebanek eta Andoni Imazek. —Ni, egiari zor, langile xehea nintzen han: interprete aritu ginen, kabinan, Amaia Orbe eta biok; baina badakizue zer dioten batzuek: itzultzaileak omen gara irakurlerik erneenak—. Edonola ere, «Chantal Akermanen bidez pentsatzea: Genealogia bat abian» izena zuen mintegiak, eta ez da hutsala datu hori: bestela esanda, ez zen Akermani buruzko intentsibo bat. Santestebanek eta Imazek, esate baterako, euskal zinemaren genealogia baterako oharrak eman zituzten, eta, besteak beste, Loiarteren lana eta mugimendu feministak Ipar Euskal Herrian egindako filmak —«nola da posible orain arte horien berririk izan ez izana?»— aipatu zituzten.

Are gehiago: Erika Balsom zinema-kritikari eta -ikertzaileak, bere hitzaldian, Akermanetik harago egiteko proposamena luzatu zien entzuleei. Edo, zehatzago esanda, Akermanen heriotzaz geroztik haren obraren harrera taxutu duen aparatu kritiko eta historiografikotik harago jotzekoa.
Balsomen hitzetan, fikziozko film luzeak dira, gaur egun, hegemonia. Hau da: zinegile gisa, halakorik egin ezean ez zaituzte autoretzat hartuko merkatuaren logikan. Adibide bat: Alice Diop zuzendariak zortzi dokumental (zortzi!) —horietako zenbait luzeak— eginak zituen Saint Omer (2022) estreinatu orduko, baina, hala eta guztiz ere, epaiketa batean kokatutako drama hori Diopen debut gisa hartu izan zuten hainbatek.
Fikziozko film luzeak esku-hartze feministarako gune nabarmenak izan arren, Balsomi funtsezkoa iruditzen zaio arlo horretatik harago begiratzea. Zinemaren historia feminista modu feministan idatzi nahi bada, batez ere.
«Nolakoa izango litzateke, emakumeek zinemaren historiari egindako ekarpen askotarikoak arakatu asmoz, ez erreparatzea soil-soilik fikziozko filmak egiten dituzten aparteko figura apurrei, baizik eta aintzat hartzea orobat bideo-aktibismoa, abangoardiako esperimentuak, saiakera-filmak, dokufikzioak eta behaketa-dokumentalak? Normalean, arreta kritiko eta akademiko gehien jasotzen duten emakume zuzendariak gutxi batzuk izaten dira: hain zuzen, industrian ibilbide iraunkorrak eraikitzea lortu dutenak —hala korronte nagusi komertzialean nola, maizago izaten den bezala, nazioarteko arte-zineman—. Baina emakume zinemagile mordoxka batek ez du aukerarik edo gogorik izan fikziozko film luzerik egiteko. Edo, izatekotan ere, ez du aukerarik edo gogorik izan [fikziozko film luze] asko eta asko egiteko. Fikziozko zinema-zuzendari ospetsu gutxi batzuei bakarrik erreparatzeak berekin dakar jada existitzen diren prestigio- eta balio-hierarkia batzuk sendotzeko arriskua. […] Esango nuke emakume gutxi batzuk sistema baztertzaile batean sartzea baino zerbait gehiago eskatu behar duela kritika zinematografiko feministak».
Zinemari buruz ari da Balsom, baina aldarriak —irrintziak— oihartzun egiten du, eta ozen, beste eremu askotan.