‘Theoria’ aldizkariko editorea

Azurmendirekin filosofian bidaiatzen

Andoni Ibarra
2025eko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joxe Azurmendik 2011n erretiroa hartu zuenetik, hamarkada horretako urte guztietan, pandemia agertu zen arte, zuzenbideko eta filosofiako lau irakaslek txango bat egiten genuen Nafarroako geografian. Urteroko txangoak, aldi bakoitzean desberdina, Azurmendi unibertsitatean, EHUn, mantentzea zuen helburu, besteak beste.
Txango baten jardueren artean, garai hartan erromanikoa izan zitekeen eliza baten sarrerako ateraino iristen ginenean, gu eskultura motiboekin txundituta geunden bitartean, Joxek haietan irudikatutako istorioa adierazten zigun. Eliz atarian irudikatutako santuen irudiek, zegokion santua identifikatzeaz gain, metaforikoki, haren bizitzaren, mezuaren edo legatuaren alderdiak nabarmentzen zituzten. Horrela, San Jeronimoren esku zegoen Biblia jakituriarekin, ezagutzarekin eta irakaskuntzarekin lotzen zen. Horrela pentsatzen zuen Azurmendik: metaforikoki, ez kontzeptualki. Eta haren pentsamendua historian sakonki ainguratua zen.

Azurmendiren filosofiak ez du ia garrantzirik filosofia akademikoan —eta ez bakarrik euskaraz egina izatearen zailtasunagatik—. Gaur egungo filosofia akademikoan zorroztasun kontzeptuala funtsezko bertutetzat hartzen da. Eta Azurmendi ez doa hortik. Azurmendirena historian oinarritutako filosofia da, historia intelektualaren sakonetik elikatzen den filosofia alegia. Horregatik, Azurmendiren harrera beste diziplina batzuetan gertatu ohi da, hala nola politikan edo, berriki, ikasketa feministetan. Baina ez dugu saiakerarik Azurmendiren filosofiarekin sistematikoki konektatzeko. Filosofia hori ez da zalantzarik gabeko baieztapenez edo unibertsalki baliozkoak diren azalpenez arduratzen, baizik eta gizakiek beren arazoak konpontzeko ahaleginetan izandako esperientzien balio etiko edo epistemologikoaz.

Azurmendiren filosofia historikoak perspektiba sistematikora murrizteari egiten dio erronka. Hala, antropologia filosofikoko bere lanik handienak, Azken egunak Gandiagarekin (2009) izenekoak, ez du gizakiaren definizio bat eskaintzen, baizik eta askotariko elementuak eraikitzeko saiakerak, sarritan bere jarrera teorikoarekiko mesfidantza kezkagarriarekin batera.

Zeren gizakia ez da definitzen: «gizaberea» bezala irudikatzen da, animalia txiki bat besterik ez. Euskara «herri gogo» (Volkgeist) gisa beste irudikapen metaforiko bat da. Irudikapen horiek bereziki oparoak dira Azurmendiren baitan. Azurmendik gizaberea eta herri gogoaren historia semantiko luzea, birformulazioz betea, zorrotz aztertzen du. Bi irudikapen horiek beren erabileraren azpian dagoen konexio sistema adierazten dute (gizakia «gizaberetxo» gisa irudikatzeak ordena komunitario baten sakoneko metafora adierazten du, adibidez). Azurmendiren filosofia metafora konplexu horiek gizarte testuinguru funtzionaletan txertatzera bideratzen da. Bertan, testuinguru horietan, pentsamendu eta praktika formetan metaforek duten sortze ahalmena erakusten dute. Euskarak, herri gogoa den aldetik, eragin orientatzailea eta katalizatzailea du pentsamenduan, hizketan eta ekintzan. Komunitate organikoaren gogoa den heinean indar normatiboa garatu eta, azken batean, ekintza bideratzen du. Horrela ulerturik, Azurmendik 1967an egindako galderari erantzuten laguntzen digu euskarak: «zertarako euskaldun?».

Galdera horrek Azurmendiren ondare filosofikoaren etorkizunaz interpelatzen gaitu. Pentsalari euskaldun gutxik jaso dute hainbeste arreta eta errekonozimendu azken urteotan. Baina filosofo baten egiazko estimua ez datza laudorio hutsak egitean, ezpada bere tesien irismen historikoarekiko konpromiso aktiboan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.