Nekane San Miguel.

Babestu?

2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Zigor Prozedura Legeko 416 artikulua ezbai eta eztabaida sutsuen iturri da 1/2004 legea indarrean sartu zenetik. Irakurleak badaki 2004ko lege hori bikotekide edo bikotekide-ohiak jasandako biolentziari erantzuna emateko asmoz idatzi eta indarrean sartu zela; jakina da ere bai prozesu penalean lekuko orok deklaratu eta egia esateko obligazioa duela, baina salatuarekin familia-harremana duen lekukoak isilik geratzeko aukera ahalbideratzen du aipaturiko 416ak. Aukera hori duena ez da edozein familia-arteko, bai emazte edo bikotekide-ohi, besteak beste.

Salbuespen-aukeraren xedea familiaren intimitatea eta senideen-arteko konfiantza gordetzea izanik, ez da erraz ulertu erasoa jasan duena andrea bera edo bere umeak izan direnean, nolatan mantentzen den isilik geratzeko aukera hori.

Afera honetan auzitegietako ebazpenak zentzu ezberdinetan joanohi dira, Gorenak duela urte gutxi (389/2020 sententzian) erabaki zuen arte emakumea prozesuaren akusazio moduan aritu izan bada, ezin duela gerora 416ak ematen dion aukeraz baliatu, eta kontatzeari uko egin. Deklaratu behar eta egia esan.

Aurrena salatu, prozesua martxan jarri, eta gero atzera egiten duten emakumeei buruz hainbat kalifikazio entzun ditugu: ez omen dakite zer nahi duten (ganorabako hutsak); ez dira fidagarriak; sistema bere mesedetan erabili nahi dute (aurrena legeak ahalbideratzen dizkien onurak atera salaketarekin, eta gero, agur); Fiskala (eta Estatua) frogarik gabe uzten dute, euren lekukotzarik gabe ezin baita zigortu erasotzailerik. Edo horrela jokatzearen arrazoi nagusia tratu-txar egileari dien beldurra dela diote ahots hauek, eta salaketarik gabe instituzioek ezin babestu, erasotzaileen aurka neurririk hartu ezinean uzten baitituzte. Eta gero larriena gertatzen bada, errua ez da sistemarena. Hala diotenek ez dute dudarik egiten, ganorabako, fidagaitz, beldurti horrek du erruaren zama, estereotipoez haratago joan behar dugula dioten bitartean.

Pertsona bakoitza mundu bat dela erakutsi digu bizitzak eta soluzio bera ez dela baleko guztientzat. Emakumeei atzera egite horren motiboez galdetu ohi zaienean ere hamaika arrazoi diferente. Erantzun askori desilusio usaina darie, zeren alde guztietatik salatzera bultzatuak izanik, beste modu eta sustantzien esperoan abiatu zuten salaketaren bidea eta; ezin aurreikusi polizia, psikologo eta gizarte-langileen aurrean euren burua eta bizitza biluzten aurkituko zirenik bat-batean; ez zekiten hedabide guztietan iragartzen diren babes-neurriak nahi ala ez jarriko zizkietela, poliziek baloratutako «arrisku-mailaren» arabera. Ezin jakin babes moduek euren ohiturak goitik behera aldatuko zituztela, eta ez onerako beti, neurri horiek beldurra areagotu eta urduritasun eta segurtasun ezaren sentipena gehitzen baitiesarritan. Askok diote ez dutela euren umeen aita kartzelan ikusi nahi; edo ez dute gogoko erasotzaileen atzaparretatik gizarte-zerbitzuen besoetan ikustea euren burua, ihes egin nahi zuten kontrol-modu batetik beste kontrol mota batera pasarazten dituzten sentsazioa dutela diotenean. Sarritan, erasotzailea baino fuerteago sentitzen direnez, pena izugarria hartzen dute tonto hori, bakarrik, inolako errekurtsorik gabe geratu delako bizitzari bere kabuz aurre egiteko. Zer esan prozesu judizialaren denbora eta erritmoez, emakume salatzailearekin ezin uztartzeko eginak dirudite, eta horrelako izapidetan sartzen direnean, arazoak, minak, beldurrak, inoren eskura pasatzen dira. Beste batzuek erabakiko dute euren ordez.

Arinkeriaz eta uniformitatez aztertzen direnean arazo larriak, nekez soluzio egokirik. Ezin uka gizon eta emakumeon arteko betidanik izan den ezberdintasuna zutabetariko bat dela gure kontrako eraso orotan, baina ez osagai bakarra, erasoen artean mailak diren moduan, eta erasoek emakume bakoitzarengan ondorio diferenteak uzten dituzten legez, baina sistemak ez du ñabardurarako astirik, eta kasu hauetarako aukera bakarra: salaketa; aldentze-neurriak; epaiketa eta zigorra. Ez dago tartekorik, ezin zigorrik ez den beste erantzunik.

Ia hogei urte pasa dira 1/2004 legearen egileek emakumeak gertukoengandik jasotako tratu txarrekin bukatuko zutela agindu zigutenetik. Itxaropena eman ziguten beste medio batzuk martxan jartzeko asmoa iragartzen zutelako, bide penalaz gain, gaitz horrekin bukatzeko. Xedapenetariko batean, legearen emaitzak aztertzea aurreikusten da ea biolentzia gainditze bidean eraginkorrak diren indarrean jarritakoak, baina badirudi analisi hori zenbakiak ematera mugatu dela, aldiro ohartaraziz salaketa kopurua gehituz doala, eta zenbaki horien azpian hainbat ezkutuko kasu direla gogoraraziz. Delituaren zergatia delitugileekin hitz eginda ere jakin behar zela esaten ziguten gaztetan, baina numeroetatik aparte kontu gutxi oraingoan.

Sexu erasoak ekidin edo gutxitzeko beharrez onartutako 10/22 lege organikoarekin norabide aldaketatxo bat etor zitekeela zirudien. 1/2004 legean babesa da ardatz, eta horretarako, ezinbesteko, salaketa; lege berria, aldiz, laguntzaz ari da. Bada aldea: ahula, zaurgarria, bere kabuz ezin duena babesten da, gutxiespen punttua du kontzeptuak. Lagun hitza, aitzitik, ederra: lagun pertsona hitza baino zaharragoa omen gure hizkuntzan, eta gertukoa, parekoa dakarkigu gogora. Laguntzea ondoan jartzea da, zu zeu moduko horrek behar zaitu baina gai izango da egoera txar bati buelta emateko. Horretarako, kokatzen laguntzeaz gain, informazioa eman eta jaso, hausnartu eta gero erabakitzeko aukera ahalbideratzen duela dio 10/2022 legeak. Ez dela derrigorrezko lehen unetik salaketa penala jartzea laguntza zabala jasotzeko, baina indarrean dirauen hilabete gutxi hauetan azaleratu diren erantzunek lehengo lepotik dutela burua dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.