Bai euskal estatu independenteari

Fco. Jose Ramada Estevez
2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eten ez den ilusio bat Euskal Herriko eskualdeetan eta herrietan zabaltzen ari da. Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketen bidez, ahalduntze ariketaz gure etorkizuna erabakitzen ari gara. Izan ere, erabakitzeko eskubidea, beti amestu duguna, gure herrietan gauzatzen ari dela ikustean, ilusioz eta itxaropenez betetzen ari dira leku guztiak, eta baita gure barne muinak ere. Gure geroa erabaki ahal izateko ariketa ziegetaraino zuzen-zuzenean datorkigun ilusioa da, eta zuekin batera kutsaturik gauzkana.

Udaberri atarian, martxoaren 19an, Gipuzkoako Oiartzualdeko eta Tolosaldeko eskualdeetan 127.542 biztanleek erabakitzeko eskubidearen alde gauzatuko duten herri galdeketaren ariketak erakusten du gure herriak demokrazia gosea duela, eta bere etorkizuna erabaki nahi duela inoren zain egon gabe. Ariketa demokratiko honek, historikoki oztopoa baino ez du jasan izan kolore desberdinetako gobernuen aldetik (PSOE, PP). Ariketa demokratikoa oztopatu ez ezik, beren bermerako aurpegia eta jarrera politikoa azaleratu ere egin dute, sasi justizian oinarrituta eta laguntzailez inguratuta gure herriaren ahotsa isilarazteko. Aspaldidanik garbi dagoena zera da: Espainiako demokrazia neofrankistak Estatuaren barruan dauden nazioei beren aldarrikapen demokratikoa aitortzea eragozten diela, eta, ondorioz, praktika politiko demokratikoa gauzatzeko erabateko ezintasuna dutela. Horren lekuko dira, gaur egun, Katalunia eta Euskal Herria.

Ia 40 urte daramatzagu espainiar sasi demokrazian. Gure herrian, haiek ezarritako konstituzioa onartu ez zen arren, neofrankistek inposatzen jarraitzen dute, eta, ondoren, inoiz osorik bete ez den Autonomi Estatutua onartu zen, betiere, Madrilgo gobernuaren interesak kudeatzeko eta Sabin Etxeko jauntxoak aberasteko. Denbora horretan guztian, euskal preso eta iheslariok, gure herriarentzako autodeterminazio eta demokraziaren alde borrokatzeagatik, espetxea eta erbestea pairatzen ari gara. Gainera, Euskal Herriaren aldeko gure tinkotasuna eta borroka gogortasun handiarekin ordainarazten ari zaizkigu: torturak, sakabanaketa, salbuespeneko lege ankerra, gerra zikina (BVE-GAL), deportazioak, estradizioak eta heriotzak ere jasaterainoko egoerak bizitzen ari gara. Hala eta guztiz ere, demokratak garelako, demokraziaren aldeko gure konpromisoa indartu egin da. Badakigu demokrazia hitza oso desitxuratuta dagoela ere, eta hitzaren bueltan demagogia handi bat irekita dagoela; izan ere, demokraziaren izenean Espainiako Gobernuak faxismoan oinarritutako aurpegia azaleratzen du. Ondorioz, herri zapalduen ahotsa isilarazten ari da etengabe, eta isilarazi nahi du. Horregatik, gaur egun, Euskal Herriaren alde demokrazia ozenki aldarrikatzeak izugarrizko balioa du, geure buruaren jabe izateko giltza gure esku baitago.

Ariketa demokratiko horrekin, Euskal Herriaren etorkizuna erabaki ahal izateko lehen harria jartzen ari gara. Izan ere, Euskal Estatu berri eta justuago bat: ongizatean, berdintasunean, justizia sozialean eta demokrazian oinarrituta irekitzeko aukera aparta dugu. Badakit Frantziako eta Espainiako bi gobernuek ez gaituztela herri gisa onartuko, eta ez dutela aitortuko ere, eta hitza ere ukatu egiten digutela! Horrexegatik, aldebakartasunez, inoren zain egon gabe, lana egitea eta eraikuntzan saiatzea da geratzen zaigun bide bakarra. Euskal Herrian bizi diren guztiak dira beharrezkoak; berdin dio non jaioak eta nondik etorriak diren; zein hizkuntzatan hitz egiten duten edo zein erlijiori otoitz egiten dioten! Denon artean errealitate bihurtu behar dugu Euskal Herria burujabe bilakatzeko ametsa. Horretarako, 2014an Durango eta Iruñea giza katearen bidez elkarrekin lotu genituenetik, itxaropen olatua Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu zen, eta, 2017an ere, orduko ilusioa eta itxaropena lortzea dagokigu, tsunami handi bat bilakatzeraino, hain zuzen!

Udaberri honetan, Gipuzkoako eskualde garrantzitsuenetan, itxaropena berriz indartuko da, Aiako Harritik Uzturreraino ilusioz betetako loreak hamaika kolorez jantziko dira. Eta baita gure mendiak, ibaiak, kaleak eta kartzeletako ziegak ere; izan ere, hainbeste aldiz amestu dugun eguna inoiz baino hurbilago dago. Egun horretan, gatibu gauzkaten hormak erauzi egingo dira, eta, Estatu berri baten eraikuntzan lana egiteko, kalean izango gara. Beraz, herrietan erabakitzeko eskubidearen alde jarritako hautetsontziak euskal estatu independenteari baiezkoa emanez bete behar ditugu. Abagune historiko batean gaude. Katalunian sortutako indarra eta aldeko haizea Euskal Herrian indartu behar dugu. Herria mobilizatu, bildu eta gure indarretan sinetsi behar dugu; izan ere, burujabetzaren aldeko prozesua bururaino eramateko gakoa herrian eta herritarrengan dago. Herri kontsultek gobernuak, alderdi politikoak eta instituzioak mugiarazteko izan behar dute. Gure Esku Dago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.