Bakea bidea da

2016ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Erresilientzia une gogorretatik eta egoera latzetatik irteteko gaitasuna da. Boris Cyrulnik neurologoak eta psikiatrak ederki adierazten du liburu batean kolpe emozional gogor baten ondoren abiatu beharreko bidea: «Gainditzea lortu nuen»... Horixe da erresilientzia ezagutu dutenek harriturik esaten dutena, zauri baten ondoren berriz bizitzen ikastea lortzen dutenean. Dena dela, iluntasunetik argitaranzko pauso horrek, hots, sototik ihes egin ahal izateak edota hilobiaren uzteak bizi berri bat bizitzen ikastea suposatzen dute. Heriotzak alde egiten duenean, bizia ez da berehala itzultzen. Haren bila irten behar da, berriz arnasa hartzen ikasiz, berriz ibiltzen ikasiz, berriz gizarteratzen ikasiz... Berak ederki ezagutzen du erresilientziaren bidea, 6 urte zituenean nazien kontzentrazio-esparru batera eraman eta hantxe familia osoa galdu baitzuen.

Ukatzerik ez dago euskal gizarteak, urtetan, oso une latzak bizi izan dituela biolentzia politikoaren eraginez. Urteetako giza eskubide urraketa basatiaren ondorioz, zauri sakon ugari dago oraindik orbaindu gabe, eta ziurrenik denbora dexente beharko dugu kolpatutako gorputz sozial minberatua erabat osatzeko.

Bakea bidea da planteamendutik abiatuta, Johan Galtung soziologo norvegiarrak honako hau azpimarratu egin du: su-etena, garrantzitsua bada ere, berez ez da nahikoa. Are gehiago, engainagarri suerta daiteke «biolentziaren ondorengoa» erraz bilaka baitaiteke «biolentzia berri baten aurrekoan»... ez badugu argi ulertzen biolentzia ikusgarria eta zuzenaren «azpitik» beti direla erraz desagertzen ez diren biolentzia estruktural bat (gatazka, injustizia, kontraesana) eta biolentziaren kultura bat; horiek, oharkabean, hurrengo baterako ageriko biolentzia elikatzen jarrai dezakete. Horrela, Galtungek biolentziaren hiru atal nagusiak lantzeko beharra azpimarratu egin du behin baino gehiagotan:

1) Biolentzia zuzena: pertsonen arteko elkarrekintza da non euren jokabideek, nahita, mehatxuak edota min larriak (fisikoak, sexualak zein psikologikoak) sortzen dituzten besteengan (indibiduoak edota taldeak), euren egungo zein etorkizuneko ahalmenak murriztuz.

2) Biolentzia estruktural horizontala gertatzen da talde baten egitura hertsiegia denean, edota polarizatuegia dagoenean beste talde batzuekiko edo bere partaideen artean. Biolentzia estruktural bertikala gertatzen da talde bateko partaideak interes propioetarako erabiltzen direnean edota horretarako hertsadura erabiltzen denean.

3) Biolentzia kultura: Biolentzia zuzena justifikatzeko balio duten mito eta balio guztien multzoa da (garaile-galtzaile ikuspegia, nagusitasun-gutxiagotasun kontzeptua, eta abar). Hiru atalen artean, hau da, dudarik gabe, antzemanezinena eta barneratuagoa duguna; beraz... eraldatzeko konplexua bezain beharrezkoa.

Dario Paez, Nekane Basabe, Carlos Martin Beristain, J.L. Gonzalez eta J. De Rivera ikertzaileen lanari esker, egun jakin dezakegu (hainbat ikerketak egiaztaturik) biolentzia kolektiboaren eta gerraren aldeko jarrera balio zehatz batzuetan oinarritua dagoela: esaterako, balio materialistak, indibidualistak, hedonistak, kontserbazionistak, hierarkiakoak eta boterea bilatzen dutenak. Tamalez, taldeen arteko liskarrek, Galtungen hitzetan «talde-tuberkulosiek», identitate kolektiboa errazten dute eta ohikoak izaten diren galderei erantzuteko aukera ematen dute: Nor naiz ni?, Norantz noa? Gudek talde-kohesioa dakartzate eta gizakiaren alderdi onak garatzen laguntzen dute: Bete-beteko arduraldia, sakrifizioa, elkartasuna, diziplina eta elkarlana. Horrela, kanpo-taldearekiko erasoak barne-taldearekiko kohesioa dakar. Kanpo-taldearen deshumanizazioarekin sentitzeko eta emozionatzeko gaitasuna ukatu egiten zaio, horrek erasoari laguntzen diolarik.

Bakearen bidean, Galtungek aurretik aipatutako biolentziaren hiru atalekin lotuta dauden beste hiru prozesu osagarri jorratzeko beharra azpimarratzen du:

1) Biolentzia zuzena ekidin; biolentziarik eza dela medio, birgaitzea bide eta berreraikitzea helburu. Gandhiren esanetan: «Ez dago bakeranzko biderik, bakea bera da bidea». Horrela, alde bakoitzaren eta harremana beraren hobetzea bihurtzen da lehentasun. Kaltetutako gizartearen zein pertsonen birgaitzea ezinbestekoa suertatzen da orduan, hasieran aipatutako erresilientzia prozesua erraztea funtsezkoa delarik, maitasunez eta errespetuz. Aldi berean, berreraiki ahal izateko gizabanakoen eta taldeen garapena sustatu behar da, aniztasuna, askatasuna eta elkartasuna oinarritzat hartuz.

2) Biolentzia estrukturala ekidin; sormena dela medio, berregituratzea bide eta ebazpena helburu. Sormena pentsamendu originala da, irudimen eraikitzailea, ezberdina den pentsamendu sortzailea. Ideia zein kontzeptu berrien sorkuntza da, emaitza originalak ematen dituena. Berregituraketan, indibidualitatea sustatu; ez, ordea, indibidualismoa. Talde mailan, kohesioa eta integrazioa, ez polarizazioa, dominazioa edo hertsadura. Hezkuntza eta osasuna biztanleen beharretara egokituz ebazpena lortuko litzateke.

3) Biolentzia kulturala ekidin; enpatia dela medio, birkulturizazioa bide eta adiskidetzea helburu. Jarrera bakegilea jorratzeko ezinbestekoak dira: Autoestimua, autokontrola, entzuteko eta komunikatzeko gaitasuna, enpatia, soziabilitatea, sentikortasun soziala, asertibitatea, autokritika, sormena eta ulerkortasuna. Birkulturizazioak balio zehatz batzuen barneratzea eskatzen du: aldaketarako prestasuna, ontasuna eta unibertsaltasuna. Izaki guztiok aire bera arnasten dugula eta eguzki berak berotzen gaituela ohartzen ez garen bitartean, batzuek besteon gainean jartzeko joera elikatzen jarraituko dugu, eta adiskidetzea ezinezkoa izanen zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.