Bakerako hezkuntza edo «klonen borroka»

2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Egungo Eusko Jaurlaritzak unitate didaktiko «berriak» aurkeztu zituen aurreko astean, horien bitartez terrorismo-biktimen lekukotzak eskoletara eramateko xedez. Ekimen hori, ordea, taxuzkoak ez diren informazioz beterik ari da azaltzen, eta halabeharrezkoa deritzogu hori guztia argitzeari, gure eskoletako irakasle orok baita gizarte osoak ere erabaki dezan, erantzukizunez, aipatu unitateak erabiltzekoak edo alboratzekoak izan behar ote diren.

Ibarretxeren aurreko Gobernuak Euskadiko Hezkuntza-Sisteman biktimak present egoteko gai korapilatsuari aurre egin omen zion bi Unitate Didaktiko (Dando pasos hacia la paz. Bakerako Urratsak eta Historias que nos marcan) mahai gainean jarriz. Gaurko gobernuko erantzuleek hori diote. Eta esandakoa esanda, bi unitate horiek «birmoldatu» egin dituzte, baita prentsa aurrean aurkeztu ere, Elkarbizitza demokratikoaren eta Indarkeriaren deslegitimazioaren Plan «birformulatuaren» barruan, hain justu ere.

Historias que nos marcan Unitate Didaktikoa, ordea, aurreko Euskal Gobernuak ez du sekula bultzatu izan. Hasiera batetik baztertua izan zen, biktimen inguruko edukiak alde bakarrekoak izateagatik eta, batez ere, hezkuntza-sisteman sartzeko landu barik eta garatu barik egoteagatik. Hain zuzen ere, bere ikuspegi partziala izan zen Unitate Didaktiko berri bat sortarazi zuena. Unitate Didaktiko berri horrek hiru urte behar izan zituen jaiotzeko, eta hori lan gogorraren, irakasleen prestakuntzaren, ebaluazio zorrotzen eta borondatez parte hartu zuten ikastetxe batzuekin izandako esperientzia pilotuen ondorioz. Horrek guztiak gauzatu zuen Unitate Didaktiko sendoa, orekatua, denon artean negoziatua eta proposamen anitzez josia. Ikastetxeek, beraien erantzukizunez eta konpromisoaz, Euskadin bake-hezkuntza eta giza-eskubideak lan zitzaten, «lanabes-kutxa» eskaintzea izan zen bere bokazioa, erronka zail horretan eskua luzatuz, baina Hezkuntza-komunitatearekiko eta beren profesionalekiko errespetuz eta konfiantzaz.

Unitate horrek idatzizko testigantzak lehenetsi bazituen ere, ez zuen baztertzen zuzeneko lekukotza eskoletara bertaratzea, beti ere ikastetxeen autonomiaren barruan, haiek metodologia eta eduki zehatzak erabaki beharko zituztela. Erabaki hori bai gida ziur batek lagunduta: alegia, esku-hartzearen markoa biktimak ez, baizik eta Nazio Batuek bermatutako Giza Eskubideena eta beraien printzipioena izango zen (alegia, giza eskubideen unibertsaltasuna, zatiezintasuna eta horien guztien arteko menpekotasuna).

Pasa den astean, aldiz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-Sailak berriro aurkeztu zuen baztertua izan zen «birformulatutako» Historias que nos marcan Unitate Didaktikoa eta, Bakerako eta Giza Eskubideetarako Euskal Hezkuntza-Planarekin lehenago egina zuen moduan, «klon» berri bat sortu du, hau da, tresna zientifikoak eta homologatuak erabiliz eta geletan finduz, aurretik landutako Unitate Didaktiko hura, orain, Dando pasos hacia la paz. Bakerako Urratsak denak «birlandatze-ebakuntza» jasan du. Berri bat eta ezberdina ateratzeko ahaleginak ere ez ditu egin Hezkuntza Sailak: birformulatutako deslegitimazio-planean idatzitakoari egokitzapena ziurtatzeko behar zituen gutxiengo aldaketa sinbolikoak eta kosmetikoak besterik ez ditu egin. Aldaketa horiek, beste aldetik, ez dute zerikusirik irizpide pedagogikoekin, eta bai, ordea, irizpide politiko hutsekin, jatorrizko unitateak zuen potentzial prepolitiko eta apartidarioa guztiz suntsiturik suertatzen delarik.

Egin diren aldaketen adibide asko jar ditzakegu. Hala nola tortura edo bibliografia «susmagarria» desagerrarazteko egin dituzten aldaketak edota «arriskutsuak» diren erakundeen aipamen edo egitasmoak kentzekoak (horra hor, adibidez, Baketik —Arantzazu-ingurukoak—). Garaiko PSOE-gobernuaren inplikazioarekin hain zuzen ere, Jose Ignazio Zabala eta Jose Antonio Lasaren tortura eta erailketak gertatu zireneko lekukotza (Arantza Lasak emandakoa) kendu egin dute. Bibliografia susmagarria ezezik, beste hainbatkultur-aipamen ere ezabatu dituzte: Athletic edo Realarenak, Everesteko gailurrera euskaldunak heltzearena, Tejerorena, langileen protestaldienak, Euskal Rockarenak… Poliziaren indarkeriaren ondorioz Mikel Salegi biktima izan zenaren arrebak ere emana zuen lekukotza: hori ere desagertu da oraingoan, Santi Brouard edo Josu Muguruzaren ingurukoak bezalaxe. Aurreko Unitate Didaktikoak lantzeko eta inpartzialtasuna lortze aldera eginiko ebaluazio zientifikoak ez daude: Euskal Herriko Unibertsitateak egindakoak, hain justu ere, materialok alderdikeriaren aurrean babesteko. Eta horien ordez eta lehen tentu handiz aukeratua izan zenaren gainean, ugari sartu dituzte ETAren biktimen eta beraien erakundeen mota askotako literatura eta bibliografia, baina, oraingo honetan, mugarik gabe: orotariko estilo zein edukietakoak, batzuk arrazonagarriak, beste batzuk, ordea, desegokiak guztiz, iraingarriak, borroka politikorako moldeetakoak. Eduki horiek, ETAren biktimen testigantza amaigabeak baita Audientzia Nazionalaren epai penal batek eta guzti (egia judiziala eta egia soziala nahastuz), besteen artean, unitatearen oreka eta nortasuna guztiz apurtu dute. Horregatik, hori ikasgeletara eraman nahi izatea ez da inolaz ere bidezkoa edota aproposa, are gutxiago Hezkuntza-komunitatea, beste behin batean, iritzia emateko aukeratik at, bazterturik, utzi dutenean.

Uste dugu, egiaren izenean, Dando pasos hacia la paz. Bakerako Urratsak unitate didaktikoarenizenburua bera aldatu beharko luketela, nahastea eta manipulazioa gerta ez daitezen, egindako aldaketek, gehienetan kosmetikoak eta sinbolikoak, tresna pedagogiko hori desorekatu eta desitxuratu egiten dute-eta. Aldaketok, beste hitzetan, Unitatearen arima, zentzu eta oinarrien atzera eragin ezinezko aldaketa ekarri dute, bestelako unitate bat, «klon» bat, sortuz. Bake-hezkuntzan aurrera egin beharrean, adiskidetzea prestatzekotan, zoritxarrez, gure aurrean duguna, metafora bati helduz, hurrengo era honetara izenda genezake: unitateen arteko talka, «Klonen borroka».

Iritzi hau honakoek idatzi dute: Jon Mirena Landa (Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetarako Zuzendari ohia), Marije Apodaka (Psikologoa), Gotzon Quintana (Filosofia Irakaslea), Beatriz Ugarte (Bigarren Hezkuntzako aholkularia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.