Askotan hitz egiten da (dugu) banketxeen inguruan, kritika askoren jopuntuan jarriz behin baino gehiagotan. Inor gutxi ezagutzen dut banketxeei buruz zerbait txarra esan ez duenik… baina, era berean, inor gutxi ezagutzen dut banketxeen zerbitzurik erabiltzen ez duenik, haien bezero ez denik…
Izan ere, aitortu beharrekoa da gure eguneroko errealitatean ezinbesteko eragile direla. Hainbat zerbitzu estrategiko eskaintzen dituzten heinean: diruaren zainketa (gordailu edo kontu korronteak), maileguak, kreditu txartelak, banka elektronikoa, aseguruak… Guztiak ere beharrezko bilakatu zaizkigunak gaur egungo gizartean.
Era berean, banketxeei buruzko esaldi tipikoak ere guztioi zaizkigu ezagunak: «bankak beti irabazten du», «dirudunak gero eta dirudunago, eta txiroak [zein klase ertaina deitua] gero eta txiroago»… Topikotzat hartu arren batzuek, egia gordinetik ere asko dutenak, zoritxarrez. Denaren errua ezin baitiezaiekegu banketxeei egotzi; baina ezta errealitatea ezkutatu edota banketxe askoren jarrera desegokien aurrean begiak tapatu ere.
Honi guztiari buruz idatzi nahiko nuke, nagusiki datu objektiboetan oinarrituz.
Banketxeen mozkinak
2023. urtea historikoa izan zen estatu zein Euskal Herriko banketxeentzat, inoizko mozkinik handienak lortu baitzituzten: Banco Santander 11.076 milioi euro (2022an baino %15 gehiago), BBVA 8.019 milioi (2022an baino %26 gehiago), Caixabank 4.816 milioi (2022an baino %54 gehiago), Kutxabank 510,7 milioi (2022an baino %55 gehiago), Laboral Kutxa 222,7 milioi (2022an baino %48 gehiago).
Baina hara non, 2024. urtea are eta hobeago izan zen eurentzat, 2023ko datuak hobetuz eta mozkin errekorrak erdietsita, emaitza historikoak lortuz: Banco Santander 12.574 milioi euro (2023an baino %14 gehiago), BBVA 10.054 milioi (2023an baino %25 gehiago), Caixabank 5.787 milioi (2023an baino %20 gehiago), Sabadell 1.827 milioi (2023an baino %37 gehiago). Horiez gain, Kutxabank-ek 535,8 milioiren mozkinak izan zituen (2023koak baino %5 gehiago) eta Laboral Kutxak 274 milioirenak (2023an baino %23 gehiago).
Izugarrizko zenbatekoak dira. Ez sinisteko modukoak. Hala ere, banketxe guztiek altxa zuten ahotsa estatuko gobernuak bankuei ezarritako ezohiko zergaren aurka…
Banketxeen ustezko ezinak
Itzelezko mozkin hauek badute, ordea, euren itzala. Mozkinak izan arren (edo agian juxtu horiek lortzeko), banketxeen ustezko ezinen B aldea:
Bulego eta sukurtsal itxierak: Gero eta bulego gutxiago. Hego Euskal Herrian, azken 15 urteotan (2008-2023 artean) sukurtsalen ia erdiak (%49) galdu dira. 2008an zeuden 2.673 sukurtsaletatik soilik 1.374 mantentzen baitziren 2023an. Urtero, batez beste 86 sukurtsal itxi ziren, beraz. Horren ondorioz, Hego Euskal Herriko 21 udalerrik zituzten sukurtsal guztiak galdu zituzten, sukurtsalik gabe geratuz (bereziki herri txikiei zein landa eremukoei eraginez). Hala, Nafarroako herrien %54k ez dute sukurtsalik, eta Arabako %43k, Bizkaiko %43k eta Gipuzkoako %39k ere ez. Bulego itxieren afera ez da Euskal Herrian soilik ematen: estatu mailan sukurtsalen galera %61ekoa izan zen, eta Danimarkan, esaterako, %60koa.
Zerbitzu mugatuak: Gero eta langile gutxiago zein zerbitzu urriagoak. Bada aurreko puntuari zuzenean lotutako beste arazo bat ere: zeren eta irekita mantentzen diren sukurtsal horietatik zenbatetan dago jendaurreko arreta eta zenbat dira soilik makinez hornituak? Eta jendaurreko arreta duten bulego gero eta apurragoetan ere, eskaintzen diren zerbitzuak eta atentzio ordutegiak gero eta murritzagoak dira, hainbat eragiketa egiteko soilik egun eta ordu zehatzak finkatuz, edota modu elektronikoan bakarrik egiteko aukera eskainiz (horrekin, adineko pertsona ugari zerbitzu gabe utziz).
Bankuen kontzentrazioa: Gero eta banku-kontzentrazio handiagoa eta euren arteko lehia txikiagoa. Fusio edo bateratze prozesuak ugaritu egin dira azken hamarkadetan, eta, ondorioz, gero eta banku desberdin gutxiago (eta gero eta handiagoak) daude, eta, noski, elkarren arteko lehia gutxiago, oligopolio egoera bat bailitzan. Estatu mailan, 2009an 55 banku desberdin zeuden, eta 2024an soilik 10, %82 gutxituz banku desberdinen kopurua. Hego Euskal Herrian, 2015ean 40 banku desberdin zeuden, eta 2024an soilik 27 (%33 gutxituz banku kopurua). Bertako sukurtsalen %80, ordea, bost bankurenak dira (BBVA, Kutxabank, Caixabank, Laboral Kutxa eta Caja Rural Navarra).
Horiez gain, Euriborra oso baxu egon zen urteetan kontu korrontean dirua izateagatik ezer kobratu ez eta gainera komisioak ordaindu beharra ere aipatu genezake; edo maileguetan kobratzen dituzten interes tasa altuak; edo gizarte ekintzak izandako beheranzko bilakaera; edo oso ongi funtzionatzen zuten aurrezki kutxak banku bilakatzera behartu izana (Kutxabank kasurako); edo bankuak erreskatatzeko diru publikoa erabili izana (mozkinak pribatuak dira, baina galerak publikoak); edo banku askok arma industrian egiten dituzten inbertsio handiak (sortzen diren armen %75 ezingo lirateke ekoiztu bankuen inbertsiorik gabe), gerra krimenak edota genozidioak posible eginez.
Banketxeak beharrezkoak direnik ez du inork zalantzan jartzen. Baina zein motatako banketxeak behar ditugu? Zein banka eredu izan nahi dugu? Mozkinek soilik gidaturikoak ala gizarteari eta herritar orori (adinekoak edota herri txikietakoak barne) zerbitzu ematean oinarritutakoak? Izan ere, herritarrok banketxeak behar ditugun modu berean, banketxeek ere herritarrak behar dituzte (banketxeei azken zati hori batzuetan ahaztu egiten zaiela dirudien arren). Eta gizarteko parte diren heinean, eta euren irabaziak herritarron diruarekin lortzen dituztelarik, gizarteari ere ekarpena egingo dioten banketxeak sustatu beharko genituzke, herritarron beharrei erantzungo dietenak edota irabazien zati bat gizartean berrinbertituko luketenak, guztion onurako proiektuetan. Eta gizartetik jasotako dirua, ekimen etiko eta jasangarrietan inbertituko dutenak, gerrak posible egiten dituzten armagintza enpresetan inbertitu ordez.
Sarri gure eragin esparrutik kanpoko gai serio eta konplexua iruditu arren, gure esku ere badago gure dirua (apurra izanagatik) non gorde eta zertan inbertitu erabakitzea, eta horrela, zein banketxe mota eta banka sistema izan definitzea…