Umeak ginela, barraketara joaten ginen, eta han amamak-edo emaniko aste-saria erabiltzen genuen gure inozentzia xahutzeko. Batzuetan, auto-txokeetan aritzen ginen elkarren kontra; baina hori bai, beti gerrikoaren irria aurpegian talka eginez gero, elkarri minik ez emateko. Besteetan, tiro egiten genuen tiro-pitxoetan. Horretarako, elkarren arrimuan txintxo-txintxo egoten ziren guk besteko txinbera hartu aurretik, Hungariatik-edo auskalo nondik etorritako gizon aspertuari esaten genion erpurua lagunduta gustuko txinbera emateko: «Ez, hori ez, ezkerrekoa». Gero, gizonaren atzamarren mami lodiek ezkutatzen zituzten balinak mostradoreko zulotxoetatik hartzen genituen. Gure gustuko balinek kopa itxura zuten; besteak baino hobeak ziren, antza. Halarik ere, kopa itxurakoak guk baino nagusiagoek bakarrik erabiltzen zituzten txori gizajoak akabatzeko. Eskopetaren zulotxoan balina behin sartutakoan, ukondoa egurraren gainean ondo pausatu, ezkerreko begia itxi, eta bolatxo beltzari egiten genion tiro. Behin baino gehiagotan bolen atzean zegoen txaparen hotsak jakinarazten zigun egindako okerra, baina inoiz txiripaz bete-betean asmatzen baldin bagenuen, aldez aurretik poltsikoan gordetako begiradatxoa eskaintzen genien guri begira behin baino gehiagotan izan ohi genituen neskatxoei: azken finean, hori baitzen saririk onena, eta ez aukeran izaten genuena. Inoiz giltzatako bat ematen ziguten, zeinak Elcheko edota Rayo Vallecanoko jokalari baten erretratu itsusia zuen; eta inoiz esku-argi bat, non argirik egiten ez zuen. Baina horrekin ez zen bukatzen gurea; egindako balentria goxatu aldera, barruti barruan egoten zen litxarreria kioskora hurbildu, eta karamelu gorriz blaitutako sagarra ez bazen, arto-aleak erosi ohi genituen.
Gero, adinak koskortu gintuen, eta egunerokoak bestelako dimentsioa hartu zuen. Eta orduantxe jabetu ginen herriko jaietan egokitutako gustuko barrakan baino bestelako barraka lehiakor batean bizi izatera behartuko gintuztela. Eta elkarren arrimuan egongo ziren txinberak baino oso ondo lerrotutako politikari (Lopez, Basagoiti, Urkullu...) ezgai batzuek aginduko zutela, nahiz eta gutxieneko nota ateratzeko gai ez izan. Baina notarena bost axola barrakakideei. Badakite elkarren babesean egonda, notarena inor gutxik hartuko duela txartzat. Lehengo egunean, Victor Urrutiak argi eta garbi esan zuen: «Politikariek lortutako nota ez da horren txarra; denbora kontua baino ez da». Bai, horretan arrazoia du; behin herria ohituz gero, errazagoa da azterketa gainditzea. Gainera, politikariek osatutako barraka horren helburua ez da inoiz nota ona izatea, ezta jendea heztea ere. Zertarako formatu jendea, orain arte bezala manipulatzeko aukera baldin badute. Bai, beraiek badakite oso ondo, gainera, eta horretaz baliatzen dira hauteskundeak nola edo hala irabazteko, barrakan agintzeko. Inoiz irudikatu dituzue PSOE-PP-PNV-UPN-PSN... alderdiak legez kanpo, eta barrakakideak espetxean? Ez da barre egitekoa, baina niri barregura ematen dit bakarrik irudikatzeak zer-nolako nota aterako zuten. Baina barrakakideak lasai daude; badakite inoiz ez dutela ikusiko beren burua horrelako egoera batean, barrakaren ziurtagiriak demokrazia du izena, edozein gauza eginda ere bermatzen duelako produktuaren kalitatea. Gainera, gizartean %29 apolitikoak dira, hots, berdin Athleticekoek irabazi zein Levantekoek. %16 liberalak, %7 sozialdemokratak; %5 kontserbadoreak... Eta gainontzekook, auskalo zer garen! Hunkigarria da egun bedeinkatu hauetako barrakaren argazkia, non barrakakide guztiak irribarrez dauden, non Zorionak eta Bakea bihotz oneko herritarrei eskaintzen dieten. Hunkigarria eta polita, benetan.
Dena den, gu Jaurlaritzaren soziometroa, euskobarometroa... (metro asko, baina pauso gutxi) baino askoz lehenago jabetu ginen, sistema honek osatutako barrakakideen ideologia ikusita, ezer gutxi lor genezakeela, ez baldin bada Llorenteren giltzatakoa, Espainiako alkandora jantzita. Guk badakigu oparia bereizten, gustukoa aukeratzen. Guk ilusioa nahi dugu gustukoekin auto-txokeetan talka egiteko, gustukoari irribarre eskaintzeko, bestelako munduan bizi izateko. Guk zuen Barraka ez dugu nahi. Horregatik, hilabete honetan bi data ditugu: bata, gaur, presoen aldekoa; bestea, hilaren 27an, langileen aldekoa. Aukera ditzagun kopa itxurako balinak, eta egin diezaiogun tiro ezkertiar-euskaldun proiektuari, topa egiteko momentuan gero eta gertuago dugu eta.
Barraka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu