Baso Biziak plataformako kidea

'Basoa Bizi' ez da baso bizia

Edu Zabala Garagartza
2024ko otsailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2022ko urrian Balmasedako mendiak suzko bola bilakatu ziren azken 30 urtetako suterik larrienean; hainbat arrazoi elkartu ziren hondamendirako: haize bero bortitzak, udako lehortea eta inoiz aipatzen ez den hirugarren hanka, pinuen monolaborantza non eta Bizkaiko Diputazioak kudeatzen dituen herri-lurretan.

Erre ziren 500 hektareetatik 426 erabilera publikoko mendietakoak dira, gehienbat espezie pirofiloen monolaborantzak, sutearen tamainarekin zuzenean lotutakoak eta sugarrek aurrera egitea ahalbidetu zutenak. Ekaitz perfektua, beraz. Ezin ditugu arazoak konpondu sortu genituenean bezala pentsatuz, baina Bizkaiko Foru Aldundiak errezeta berarekin jarraitzen du. Gerora begira emaitza errepika daiteke.

Gertatutakoa gertatu zen eta horien harira hara non, iragan astean, prentsan plazaratu duten Basoa Bizi proiektu publiko-pribatua, birlandaketak eta sentsibilizazio soziala bultzatuko omen duena.

Goazen datu publikoetara: nortzuk dira bultzatzaileak? Bizkaiko Diputazioa, Balmasedako Udala, BBK Live eta Basoa Fundazioa. Bi erakunde publiko, bat pribatua eta bestea mistoa. Proiektu honetan, prentsan azaltzen duten moduan, («‘Basoa Bizi’ proiektuarekin biziberrituko dute Balmasedan 2022an erretako basoa» Naiz-2024-02-05 / «Balmaseda une fuerzas para repoblar el bosque incendiado hace un año. La promotora del festival BBK Live invertirá 100.000 euros» El Correo, 2024-02-06)badirudi, Basoa Bizi izango dela erretako baso guztiaren salbatzailea, eta ez da horrela: Balmasedan erretako 426 hektareatik soilik hamazazpi birlandatuko ditu datorren martxoan, hau da, %4; ez da gutxi, baina ez da iradoki nahi dutena.

Bestalde, Bizkaiko Diputazioaren datuek zera diote 2023ko eta 2024ko birlandaketei buruz: 235 hektarea birlandatu dituzte denera (%66 koniferak-itsas pinua, %18,6 hostozabalak, eta geratzen den %15,4 zehaztu gabe). Datu horiek argi erakusten dute diputazioak koniferen egur produkzioarekin jarraitu nahi duela, bertako basoen kontserbazioari uko eginez. Gure ustez, erabaki hori oso larria da; izan ere, erakunde publikoek eredugarriak eta aitzindariak izan behar dute klima larrialdiaren garaiotan, lur publikoetan bederen. Basoen kontserbazioa bultzatu behar dute, ez egurraren produkzioa monolaborantzaren bidez; azken hori egitea Europatik datozen ingurumen irizpideen kontra egitea delako, argi eta garbi.

Basoa Bizi proiektu honetako bultzatzaile nagusiak, hots, BBK Live-k, CO2 bonuak ere saldu nahi dizkigu musika kontzertuko sarrerak balira bezala, denok dakigunean lursail bat produkziorako koniferekin landatzen denean 25 edo 30 urtera mozten dela. Landaketak, mozketak, garraio eta transformazio prozesuek ez dute gutxitzen CO2a, handitzen baizik, argi gera bedi; soilik kontserbaziora zuzendutako baso helduek, autoktonoek, ziurtatzen dute CO2aren saldo positiboa.

Basoa ez da BBK Live-eko kontzertu batek sortzen duen zaborra zuritzeko landatzen dugun zerbait, zazpi konifera eta bi pago, basoa bioaniztasuna da, lurra sortzea da, ura babestea da, janaria da, ekoizpen irregularra da, gure osasun integralerako gunea da eta askoz gehiago. Hori guztia badaki Bizkaiko Diputazioak Basoaren «Zerbitzu ekosistemikoak» goraipatzen dituenean, baina gauza bat da esatea eta bestea egitea.

Ez gaude inoren kutsadura zuritzearen alde, are gutxiago diru eta lur publikoak emanez sektore pribatuari, ezta monolaborantzaren eredu zaharkituarekin jarraitzearen alde ere. Gu baso bizien alde gaude, eta zu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.