Lurrean etzan eta zerurantz begiratu dut. Haize bolada txiki batek hostoak ferekatu ditu bat-batean eta handik eta hemendik txoriren baten doinu fina entzuten da. Nonbait erreka txiki baten abestia eta... isiltasuna. Basoan murgildu naizen heinean denbora lausotu dela dirudi. Sakelekoa etxean ahaztu zait gaur. Despistea izan da, edo, agian, beharrak bultzatutako nahi gabeko erabakia. Hemen eta orain ez dago aukerarik denboraren erritmo naturala gailuek eragindako beharrizanek eteteko. Ez mezurik, ez deirik, ez momentuan begiratu beharreko inolako atentzio xurgatzaile digitalik. Eta, horrela, errazagoa da une hau bere osotasunean bizitzea, denboraren benetako izaeraz jabetzea eta gure presentzialtasunari dagokion garrantzia ematea.
Gailuek lana hainbeste errazten omen digute, aurrerantzean betebehar asko bere eskuetan egongo direla iragarri dute jada. Guztia azkarrago eta errazago egingo omen dugu, ondoren, benetan garrantzitsua den horretarako, gure lanean zein aisialdian, denbora gehiago izan dezagun. Horrela, adibidez, pazienteei aurrez aurreko kalitatezko denbora gehiago eskaini ahal izango omen diegu, baita ikasleen beharrizan bereziei erantzuteko aukera gehiago izan ere.
Basoko erritmoan murgilduta, hostoen artean iragazten diren argi izpiek gai honen inguruan ditudan zalantzak pizten dituzte. Ez daukat argi, benetan, eskainitako abantaila horien atzean noren interesak dauden eta zein modutan erabakitako lehentasunei erantzuten dieten. Tresna hauek guztiak gure eskuetan jartzen dituzten goi-goiko enpresa teknologikoetako arduradunek ez dute gizakien ongizatea eta eskubideak babestea helburu. Ia konturatu gabe guztiok eskuratu ditugun gailuen eta horien aplikazioen diseinu adiktiboen ondorio kaltegarriak ikusgarri dira jada osasunean zein ongizate sozio-emozionalean.
Tresna hauen erabilera gero eta aurreratuagoek ez digute basoko erritmo geldoa berreskuratzen lagunduko. Nire hiru semeak inguruan ditut makila, hosto eta harriekin jolasten. Ez zaie asko falta nahi eta nahiezko ibilbide honetan sartu eta eguneko gizarte digitalizatu honen presa eta berehalakotasunean murgiltzeko. Goizegi eta benetan behar izan gabe gertatuko da, haien izatea eraikitzen ari den garai batean. Eta begirada lainotzen zaidan arren, egungo oztopoen gainetik nire etxeko txikien, eta gainontzeko haur eta nerabeen, ongizatea bermatzeko grina inoiz baino gehiago pizten da nigan. Nahitaezko gurpil honen abiadura mantsotzeko beharra.
Hainbat ikerketek frogatu dute naturan denbora igarotzeak gizakion ongizatean duen garrantzia, bereziki txikienengan eta eskaintzen duen jolas librerako aukeran. Erosotasun eta anestesia digitaletik atera, eta saia gaitetzen presentzialtasuna eta naturarekin kontaktua berreskuratzen. Jar diezaizkiegun mugak gure ohitura digitalei eta izan gaitetzen eredu txikienentzat. Altxa dezagun burua eta zergatik ez, berreskura dezagun natura!