Bazegoen zirku bat... AHT izenekoa

Jokin Eraso García eta Jesus Mari Etxarri Sotes
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trena den elefante zuri handi hori une honetako zirkurik kolosalena bihurtu da. Amaitzen ez den krisi-kateatze honek kolpatutako gizartearen oinarrizko beharrizanak asetzeko erabili beharko liratekeen funts guztiak irensten ari da.

Elefante zuriaren zirku handiaren aktore nagusien artean, Bernardo Ziriza Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesioko berritsua nabarmentzen da, zeinak iragartzen baitigu Castejon eta Campanas «hiri jendetsuak» elkartuko direla 60 kilometroko AHT TxuTxuaren bidez, Europako funtsek erreskatatuta. Beste 200 milioi euro gehiago, lehen xahututakoei gehitzeko, denona den itsulapikotik lapurtuak. Lurralde bat kohesionatzeko modu polita!

Andoni Ortuzar ile-hazle saltzaile handia ere badugu, alimaleko dirutza inbertitu arren AHTa bidegorri bat besterik ez dela iragartzen diguna, baina prestidigitaziozko alarde batean Gasteiz eta Bilboko sarrerak lurperatzeko beste 1.600 milioi euro lortu dituena, adreiluaren negozio espekulatiboarekin jarraitu ahal izateko.

Era berean, Glasgowtik iritsi berri diren Maria Txibite eta Arantxa Tapia pailazoak ere baditugu, CO2 isurketarik gabeko AHT berdearekin engainatzen gaituztenak; halaber, ezin ziren falta, magiaz, eraikuntza-enpresen poltsikoak betetzeko diru-kutxa publikoak husten dituzten politikari prestidigitatzaile horiek guztiak; eta, jakina, AHTaren eta beste makroproiektuen aurkariak isunez itotzen dituzten isun-jaurtitzaile handiak.

Baina zirkuak baditu bigarren mailako aktoreak ere, AHTaren elefante txuri handia elikatzen jarraitzera behartuta daudenak. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: osasun, hezkuntza, pentsiodun eta langabezia alorretako funanbulistak, etengabe soka ahul baten gainean dabiltzanak, murrizketen amildegian; eta akrobata eta malabaristen segizio handi bat ere bai, besteak beste, gazteak, migratzaileak, etxegabetuak, artearen eta kulturaren mundua, euskara, tokiko ekonomia, LGTBI+ kolektiboak... Sektore horiek guztiek malabareak egin behar izaten dituzte hilaren amaierara iristeko, aurrekontu-partida justuak lortzeko, edo akrobazia fisiko eta psikikoak egin behar izaten dituzte etxe duina eskuratzeko.

Halaber, baditugu emakume indartsuak, emakume langile horiek guztiak (etxetik kanpo zein barruan lan egiten dutenak), egoitzetako langileak eta, oro har, zaintzan diharduten emakumeak. Beren bizkar daude lanik astunenak, garrantzitsuenak baina gutxien aitortzen direnak. Elefante zuri handiari bizkar gainean eusten diotenetakoak dira.

Eta, azkenik, jauzilari handiak, ekologistak eta azpiegitura handien aurkakoak daude, lurraren defentsan jauzi hilgarriak egin behar dituztenak.

Zirku gehiagorik ez, mesedez! AHTaren elefante zuriaren zirku kolosal hau berehala eta behin betiko gelditzeko eskatzen dugu. Funts horiek, behingoz, herritar guztientzako bizi-baldintza duinak bermatzera bideratzeko eskatzen dugu, enplegua, osasuna, irakaskuntza, pentsioak, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak eta kalitatezko zaintzak ziurtatzeko. Azken batean, bizitza politikaren erdigunean jar dadila. AHTaren dirua, gastu sozialetarako!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.