Bazen behin... Legution

Joxemari Carrere Zabala
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mintzamenaren sortzea agian izaki humanoak izan duen eboluziorik garrantzitsuenetakoa izango da. Elkarren arteko komunikazioa pentsamenduaren gauzatze fisikora ekarri zuen aldaketa geroagoko gizateriaren eboluzioa markatu du ezbairik gabe. Handik aurrera, hizkuntzak izan dira elkarren arteko komunikazio bide; baina funtsean komunikazioaren beharra, kontatzeko beharra, pertsonaren izaeraren konplexuaren alde garrantzitsua izan da. Kontatu behar horretatik sortu ziren ipuinak, istorioak, kondairak, eta horiek guztiak etengabeko eboluzioan dauden kulturen ezaugarri nabarmena bilakatu ziren.

XIX. mendean, batez ere, Europan hasi zen ipuin zaharrak biltzeko mugimendua. Tokian tokiko kulturaren oinarrietako gisa hartu zen. Jakina, jendartearen zati handi bat analfabetoa izanik, ahoz ahoko kultur transmisioa nagusi zen, zer esanik hizkuntza ez-ofizialen hiztunen artean. Euskal Herrian ere ipuin bilketak hasi ziren egiten, Iparraldean lehenengo (Cerquand, W. Webster…), Hegoaldean geroago (Azkue, Barandiaran…). Herri baten kulturan ipuinek duten garrantzia ez dago besterik gabe haien balio literario edo linguistikoetan; izan ere, horietan agertzen diren eta transmititzen diren munduaren ikuspegiak, balioak, ezagutzak, kultura horren ezaugarriak eta eboluzioa ulertzeko bideak ematen ditu. Baina ipuinak kontatzea bada jardun artistikoa ere; alegia, mintzamena modu sortzailean eta ederrean erabiltzea, esan gabe esatea, entzulearekin jolastea, irudimenaren eremuetan barneratzea. Jendarte tradizionalean ipuin kontaketaren balioa eboluzionatzen joan da, jakina, jendarte berarekin batera, baina istorio bat entzuteko une garrantzitsu horren balioa galdu gabe. Diote Jainkoak pertsonak egin zituela istorioak entzun nahi zituelako, hain baita berezia jardun hori. Agian horregatik beti egon izan dira pertsona batzuk jardun hori ofizio bihurtu izan dutenak, herriz herri istorioak eskaintzen, ez bakarrik kultur transmisio gisa, baina baita lanbide gisa ere, artista sortzaile moduan; antzerkian, kantuan edo margolaritzan bezala.

Egungo gure jendarte modernoan, bere aurrerapen teknologiko guztiekin, gezurra badirudi ere, mintzoaren garrantzia ez da galdu. Jendeak istorioak entzun nahi ditu; nahi du norbait entzun kondaira harrigarriak kontatzen. Egunerokotasunaren abiaduratik at, arnasa hartzeko astia hartu eta bere irudimena ipuin liluragarri batean galdu. Izan ere, bestearen ahotsetik kontakizun eder bat jasotzeak, agian, gure izaera humanoaren kontzientziaekarriko digu. Beharbada,horretan dago ahoz gora emandako ipuin baten balioa. Eta tradiziotik datorkigun jardun honekbadu segida egun. Jende askok haurren kontua dela pentsatu arren, gero eta gehiago diraipuin kontaketak helduentzat egiten diren espazioak. Ipuinen zabalkundea folkloristen eskuetatik kontalarien ahora pasa da. Kontalaritza sutondotik eszenara pasa da eta arte eszenikoen mundura salto egin du. Eta Europan orain bi hamarkadatik gorazabaltzen ari den ipuin kontalaritza mugimenduaren bidetik ari gara euskal kontalariok. Hasieran arrunt gutxi ziren, bizpahiru baino ez, baina gaur egun ipuinkontalariak Euskal Herriko hainbat liburutegi, kultur etxe eta antzokitan ikus daitezke. Gure mugetatik kanpo ere euskal kontalaritzak badu presentzia, Europan barrena ibili ez ezik beste kontinenteetara jauzi eginez, euskal tradizioko ipuinak zein berriak eramanaz.

Horren guztiaren errealitatea euskal jendartera eraman nahian, orain sei urte Euskal Kontalarion Festa antolatzen hasi zen Kontalariak Elkartea. Hitzaren festa herriz herri eraman kontalariek euren istorioak eskainiz.Aurten Legutioko txokoetan ariko gara, Araban, ipuinak kontatzea aspaldiko ohitura izan dela ez ezik gaur egun ere bizirik dirauela erakusteko. Ipuinak adin guztietako pertsonentzat direla frogatzeko. Izaera humanoak istorioak gustukoak dituelako, baina batez ere beharrezkoa duelako bestearen ahotik gertaera liluragarriak entzutea. Legutio ipuin konta- tuaren hiriburua izango da aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.