Baionako bestak, txokolatea, errugbia, xingarra. Atharratzeko inauteriak, Zuberoako mendiak, pastoralak. Baionan Xingar Feria, Atharratzen Bekaturos. Hots, 2025eko apirileko asteburu batez besta egiteko bi eredu parez pare azaldu dira Euskal Herriko Iparraldean.
Hirian, jendetza, masa, urte guztietako hitz ordua. Beñatek bere kuadrillarekin jatetxean bazkalduko du. Beti bezala, Parisko, Bordeleko ezagutzak etorriko dira eta bazkarian arno botoilak irentsi ondotik, tabernaz taberna joango dira tragoak edatera. Haien eta beste 80.000 pertsonaren ohitura da, tradizioa da. Horrela jaia egiten da Xingar ferian. Honen gogoa du Beñatek, nahasteko eta deskubritzeko gogoa.
Baserrian, Amaiak badaki hirugarren urtea dela Bekaturos, Queer gertakaria antolatzen eta sendotzen ari dela. Bi lagunekin joango dira, ezezagun bitxiekin partekatzeko eta trukatzeko. Pixka bat lotsatua da bere burua goraipatzea, baina badaki Euskal Herriko eta kanpoko arraroekin eta haien lagunekin ezagutza egiteko aukera izango dela. Honen gogoa du Amaiak, nahasteko eta deskubritzeko gogoa.
Baionan 400 urte baino gehiagoko tradizioa ospatuko da. Txerria ospatuko da. Beñatek irri egiten du «hori ez da begano edo musulmanen besta, dudarik ez!». Egia erran, Beñatek eta lagunek ez dute txerriki asko janen, helburua ez baita Baionako xingar hoberena dastatzea baina ligatzea eta zintzurra bustia mantentzea. Haien kamiseta arrosa berriak jantzi dituzte, gainean Pinard – saucisse idatzia da, mezua sotila izan dadin. Egia da arrosa homosexualen kolorea dela, baina, hor feriaren uniformea janzten dute, horrela da, denek hori egiten dute. Kideekin ostatuko barran Ricarrak eta garagardoak edaten dituzte. Neskak politak dira hemen.
Atharratzen, Amaiak galtza beltza eta beroki gorria eman ditu. Asko dudatu du, aski diskretua da normalean eta ongi sentitu nahi du bere jantzietan. Bere lagunak, aldiz, inspiratuagoak izan dira. Mikelek kolore guztietako arropa jantzi du eta Haizek ileak urdindu ditu gertaldiarentzat. Batzuek urre kolorea, girgileriak, zapata erraldoiak jantzi dituzte. Amaiak pentsatzen du bere ametsetako film bat begiratzen ari dela. Xoko batean, makillajea bada eta nahi duenak ezartzen ahal du. Begien gainean arrosa eta zilar kolorea eman dizkio Haizek. Uniformearen mugak irudimena eta gogoa dira. Neskak politak dira hemen.
Beñat mozkortzen hasten da eta adiskideekin haien aktibitate gogokoena hasi dute: nesken ipurdiak ebaluatzen ari dira. Azken horiek nota ona baldin badute, esku bat hartzeko parada paregabekoa ukaiten dute. Neska batzuk harrituak edo lotsatuak dira, baina gehien maite dituztenak kexatzen direnak dira. Haiei «puta» oihukatzen diete karkailaz. Jaia mozkorraldia bilakatzen da, tradizioa folklorea, folklorea lotsa.
Amaiak, beste guztiek bezala, harrotasunen desfilean parte hartzen du. Lehen aldia da horrelako mugimendu batera doala eta bere burua den bezala onartzen duela. Jendeak dantzatzen, kantatzen eta irri egiten du. Batzuk mozkortzen hasten dira, baina harritua da, ez da agresibitaterik, giroa alaia da. Hura kalakan ari da eta eskuan duen garagardoaren xortak ezezagun baten gainera isurtzen ditu. Barkamenak eskatu ondotik, musikari eta joaldunen artean elkarrizketan hasten dira. Jaia kultura bilakatzen da, bitxikeria lotura, lotura babesgunea.
Lapurdiko hiriburuan, astelehenean buruko minaren momentua iritsi da, bestondoa da. Bortxaketa bat salatua izan da, baina zenbat ez dira inoiz ezagutuko? Ebasketak eta auto istripuak, hamarnaka, ehunka izan dira. Borrokak karrika bazter guztietan agertu dira. Ospitaleak koma etilikoz eta sudur hautsiz bete dira. Ehunka agresio, ehunka borroka, urte guztiz bezala. Alkoholak berriz ere jarrera sexistak, arrazistak, maskulinistak ahalbidetu ditu. Baiona patriarkatuaren bortizkeriaren aitzakia, gorputzen kontsumoa eta indarkeriaren antzeztokia izan da berritz ere. Baina arazoa non ote da? Horrela besta egiten dute norman sartuak direnek.
Zuberoako herrian ere astelehenean aspirina behar da bestondoaren buruko minari aurre egiteko. Gaualdia zenbatetan bukatu ote da? Bietan? Seietan? Zenbat dantza kilometro metatu ote dira? Zenbat izerdi litro bota ote dituzte bekatu egileek musika soinuen gainean? Inork ez du jakinen. Baina jakin da maitasun asko izan dela. Egiazko maitasuna, alaia, mintzen ez duena. Lagunen, buraso eta haurren arteko maitasuna, belaunaldi, kultura desberdinen eta ezezagunen artekoa. Bekaturosek Ipar Euskal Herriari behar zuena eskaini dio: arnasgune bat. Berezitasuna, desberdintasuna indargune bat dela adierazi du. Atharratze bide berrien aukera eta faxismoaren kontrako agertokia izan da.
Asteburu honetan, bide berriak marraztu dira autopista zaharkituaren parean. Besta. Alkohola. Bi ibilbide. Nagusia, agresiboa, zikina, elkorra, berekoia. Eta… bestalde… Sasi artekoa, bekatua, anormala, berezia, duina, elkartua eta alaia.
Bekatuan uros.