Antoni Segura i Mas.

Beldurra

2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Estatu Islamikoak (EI, Daex) joan den azaroaren 13an Parisen eginiko erasoek beldurra hedatu dute Frantziako eta Europako biztanleengan, eta EIren mehatxuari erantzuteko premia planteatu du. Beldurra, izan ere, terrorismo konfesional eta nihilista bati aurre egiteko babesik gabe sentitzen den gizarte baten ondorio da, zeinak apenas ulertzen dituen haren motiboak; erantzuteko premia, berriz, sistema demokratiko baten betebeharretako bat da herritarren beldurrei aurpegi eman ahal izateko. Komeni da, beraz, burua hotz edukitzea erantzuna eraginkorra izan dadin eta, batik bat, ibilbide politikoa izan dezan etorkizunean. Azken batean, iraganeko hutsegiteetatik ikastea, berriro ere erantzun okerrik ekar ez dezaten eta inolako atzerakadarik gerta ez dadin askatasun eta balio demokratikoetan.

Jokaleku hirukoitz bat dugu aurrez aurre. Lehenengoan, benetako gerra bat dugu, non egunero ehunka pertsona hiltzen baitira Baxar al-Assaden erregimenaren, EIren eta hainbat herrialdetako bonbardaketetako indarkeriaren pean. Indarkeria horrek lau milioi iheslari egotziak ditu Siriatik, zeintzuen helburua baita Europako Batasuneko herrialdeetako segurtasuna erdiestea —batik bat, Alemanian—, baina EBk zikoitz jokatu du hitzemanda errefuxiatu horietatik urtean 200.000 baino gutxiago hartuko dituela. Gerrak horrek, halaber, baditu beste fronte batzuk ere: Afganistan, Yemen, Libia, Somalia, Nigeria… Eta komeni da gogoraraztea Mendebaldeak Ekialde Hurbilean egin izan dituen esku sartze negargarrien ondorio dela gerra hori. Afganistanen eta Iraken inbasio eta okupazioak eta Libiaren kontrako bonbardaketek hautsi egin dute herrialde horietako egoera; Iraken lehen ministro bat finkatu zuten, Nuri al-Maliki (2006-2014), zeinak komunitate sunitaren kontrako politika sektario bat egin baitzuen, eta horrek bultzatu ditu EI babestera hainbat buruzagi erlijioso eta tribu sunitetakoak eta Saddam Husseimen armadako militar izandakoak ere. Antzeko zerbait gertatu da Sirian, non irtenbiderik gabeko gerra itsu batera bideratu baititu Al-Assaden erregimenak Udaberri Arabiarren saialdiei emandako erantzun basak eta AEBen, Errusiaren, EBren, Turkiaren, Saudi Arabiaren, Qatarren, Iranen eta beste hainbaten arteko desadostasun estrategikoek. Esku hartze militarrek, halaber, sinesgarritasuna ematen diote diskurtso fundamentalistari, eta hark mehatxu, okupazio eta bazterkeria andana baten ondoriotzat dauka iragana, guztiak arerio ezinago ahaltsu batek (Mendebaldeak) egindakoak, zeinak islama amaitzeko asmoz herrialde musulmanei eraso egiten baitie armen indarra erabiliz eta hark immoraltzat jotzen dituen balio eta bizimoduak baliatuz.

Beste frontea, bigarrena, Parisen agertu zen basaki, lehendik 2001ean, 2004an eta 2005ean gertatu zen bezala. Kontua da terrorea sozializatzea, demokraziak ere kalteberak direla erakustea, beldurra eta ziurgabetasuna hedatzea. Horrek indarberritu egiten du eztabaida faltsu eta perbertso bat, askatasunak segurtasunarekin trukatzeari buruzkoa. Kontua da azken helburua erdiestea: askatasun murriztuko demokrazia armatuak, eta halakoek gure balio politiko eta kulturaletatik aldenduko gintuzkete. Fronte honetan, inork ezin du bermatu segurtasun absolutua —hain zuzen, Frantziako zerbitzu sekretuek bazekiten EI atentatu bat prestatzen ari zela, eta ezin izan zuten eragotzi—, eta elkarlan handiagoan jardun besterik ez dago Europako indar politikoen, segurtasunekoen eta judizialen artean.

Eta bada beste fronte bat ere, hirugarrena, islamaren barrenekoa dena hein batean, non modu eraginkorrean ekin behar baitzaio honako eztabaida honi: zer esan nahi duen modernitateak, eta zer esan nahi duen botere banaketak, eta erlijioaren eta politikaren arteko bereizketak. Hala ere, eztabaida horretan sakontzen ez du batere laguntzen bedeinkazioa eman izanak herrialde musulmanetan esku hartze militarrak egiteari, Egipton estatu kolpea emateari, Bahreingo errebolta zapaltzeari, balio demokratikoetan baino gehiago interes materialetan oinarrituriko aliantzei… Geure buruari galdetu beharko genioke, halaber, zer dela-eta porrot egin duten Europan identitate askotarikoak batzeko ahaleginek, Frantzian banlieu aldirietan 2005ean izandako erreboltek iragarri zuten moduan. Eta hona hemen arazoetako bat: tradizio musulmaneko —edo ez-musulmaneko— gazteak, erabat europar sentitzen ez direnak (lan bila dabiltzala, deiturak gogorarazten dizkie krisiak) baina arbasoen sorterriarekin ere identifikatzen ez direnak, zeina ez baitute maiz ezagutu ere egiten, eta EIren islam apokrifoan identitate unibertsal bat aurkitzen dutenak euskarri.

Ondorioz, eta argi eta garbi azaldu zuenez Cecile Duflotek —Frantziako Asanblea Nazionalaren talde ekologistako lehendakarikidea eta Parisko XI. Barrutiko diputatua (azaroaren 13ko hilketen gertalekuetako bat da hori)—, ezker alternatiboaren erantzunak berekin dakar bat eginik aurre egitea terroreari, zuzenbide estatua sendotzea, alegia, demokraziaren balioak sustraitzea eta buruargi jokatzea EIren erronkari aurpegi emateko.

Egiazki, beldurrak erasan egin die Europako gizarteei, baina eragotzi egin behar dugu beldur horrek ibilirik gabeko konponbideak harraraz diezazkigun, I-11ren ostean gertatu zen bezala, halakoek areagotu baino ez baitute egiten mehatxua, estatu eta herriak suntsitzen, eta terrorea hedatzen atzerritarren okupazioaren edo EIren izugarrikeriaren mende dauden milioika pertsonarengan. Eta, batik bat, eragotzi egin behar dugu erantzun kontserbadoreak beldur hori erabil dezan askatasunak are gehiago murrizteko, 2001eko Patriot Act harekin gertatu zen bezala, zeinak oraindik ere indarrean baitirau hamalau urteren ondoren, Barack Obamaren promesak promes.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.