Hala Bedi-ko 'Hizpidea' irratsaioko esataria

Beldurraren hiria

Julen Mendizabal Elezkano
2024ko apirilaren 10a
05:00
Entzun

Gasteiz, 1937ko martxoaren 31. Espainiar faxistek hamasei preso politiko atera dituzte hiriko espetxe batetik eskuak lotuta. Kamioian sartu, Azazetako mendatera eraman eta bertan tiroz hil dituzte, inpunitate osoz. Gasteizen alderdiek ez dute protestarik egin, alderdiak jada legez kanpo daudelako. Hiria Europako diktadura faxista luzeena izango denaren putzu sakonean ondoratuta dago jada. Isiltasuna.

Gasteiz, 2024ko martxoaren 31. Igandeko ordu txikiak, polizia autonomikoak dozenaka gazte sozialista basaki jipoitu ditu kameren aurrean. Odola, oihuak, hezur hautsiak. Poliziaren eraso larriak 70 gazte zauritu ditu, haietarik bost ospitalean artatu dituzte. Gasteizko alderdiek ez dute protestarik egin, isiltasuna. Espainiar diktadura faxistan bezala.

Okupatu berri den etxe hutsa arrakastaz hustu nahiko lukeen poliziak ez luke ordu horietan jardungo, denbora hartu eta egun argiz saiatuko litzateke emantzipatzerik ez duten gazteei etxea kentzen, etxe hutsa berriz ere hautsari eta arratoiei emateko. Ahalik eta gazte gehien jipoitzea helburu duen poliziak, ordea, igandeko ordu txikietan egingo luke. Inolako zalantzarik gabe. Polizia autonomikoa jakitun da elkarri besarkatuta bakean baina tinko dauden gazte sozialistei gupidarik gabe eraso diezaiekeela, jipoitu eta zauritu, alderdien isiltasuna lagun, espainiar justizia, lumadun txakur eta kazetari koldarren babesa dutelako.

1976ko martxoaren 3an bezala, Gasteiz polizia-zigorgabetasunaren hiria da. Aurtengo martxoaren 3an odola, oihuak eta hezur hautsiak izan dira berriz ere. Polizia autonomikoak badaki espainiar poliziak eraildako bost langileen oroimenezko manifestazioari kameren aurrean eraso diezaiokeela, manifestariak zauritu eta atxilotu, ezein alderdik ez baitu erasoa gaitzetsiko, espainiar epaitegiek ez baitute poliziak identifikatu, epaitu eta zigortzea aginduko.

Zabaldu dezagun hiriko mapa. Gasteizen oraindik hiru tortura zentro daude: espainiar poliziaren komisaria Olagibel kalean, Guardia Zibilaren kaserna Santsomendi auzoan eta polizia autonomikoaren egoitza Arkautin. Tortura zentro hauetan aritutako polizia bakarra ere ez dute atxilotu, polizia bakar batek ez du zigor aipagarririk jaso. Hiru zentro hauetako espainiar poliziek badakite inpunitate osoz torturatu dezaketela, diktadura faxistapean bezala, Espainiapean torturatzeak ez baitu inongo ondoriorik, saritu egiten baita. Aski dute torturatuak bere burua zauritu duela esatea, baita hil arte torturatu badute ere.

Gasteizen bada inpunitatez jarduten duen polizia gehiago. Maite dudan kide batek ohartarazi ninduen: «Udal polizia espainiar polizia bezalakoa da». Udal poliziak badaki patinetean doan adingabe bat jipoitu dezakeela, alderdiek ez baitute gaitzetsiko, eta inork ez dituelako behin-behinean bada ere erasotzaileak kaleetatik aterako. Nahiz eta poliziak gezurretan harrapatu, nahiz eta jipoia filmatuta izan. Udal poliziak badaki Gaztetxean sartu eta soinu teknikaria ostiaka atera dezaketela, alderdiek ez dutelako deus esango.

Ez dezagun ahaztu espainiar gobernu militarraren egoitza eta Arakako kuartela, non espainiar militarrek zernahi egiteko txeke zuriarekin jarraitzen duten. Agindu soil bat aski dute duela 87 urte inpunitate osoz egin zutena berriz errepikatzeko.

Iragan martxoan, Gasteizko alderdiak udaletxe parean agertu ziren, uniformedun espainiar militar, polizia eta elizaren ordezkari batekin batera. Herriaren aurrean berriz ere txuri-beltzeko irudi bera: indar armatuak, eliza eta politikariak elkarrekin, espainiar diktadura faxistan bezala.

Gasteizen poliziak inpunitate osoz jazarri, zauriak egin eta erasotzen die arrazializaturiko pertsonei, gaztetxeroei, gazte sozialistei, nerabeei edota langileei. Poliziaren 600 bideokameraren begiradapean, Gasteiz beldurraren hiria da, polizia-operazio iraunkor bat.

Herritarrok ezin dugu babesgabe jarraitu. Polizia guztien gainetik, guztiok babestuko gaituen Euskal Errepublika (gehitu jarraian nahi dituzun -ista guztiak) eraikitzea presazkoa da. Askatasun antsia daukagu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.