Beste egun bat genero indarkeriaren aurka

Rafaela Romero Rebeka Ubera
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Gero eta oihartzun handiagoa duen eguna. Egun horretan hainbat eragile sozial, politiko eta norbanako indarkeria zehatz hori salatzera irtengo gara, beste behin. Batzuek artikuluak idaztera jotzen dugu, gure aldarrikapenak plazaratzeko; beste batzuek prentsaurrekoak ematen dituzte, edota jardunaldiak antolatzen dituzte. Dena azaroaren 25aren jirabiran. Denok munduko borondate onenarekin. Baina zer gertatzen da urtarrilaren 1ean edo martxoaren 13an, edota abuztuaren 20an?

Horrenbeste samin laburbiltzen saiatuko gara. Egun horietan, beste hainbatetan bezala, milaka neskatila eta emakume izango dira bortxatuak munduan. Kasu batzuetan bortxaketa gerrarako bitartekoa delako gatazka armatuak dauden tokietan; beste batzuetan beraien askatasun sexuala ez zelako errespetatu eta ezezko bat baiezko odoltsu bilakatu zutelako erasotzaileek; badira ere, bederatzi urterekin tratu txarrak eragingo zizkieten eta bortxatuko zituzten gizonei, beren senarrei, emandako neskak.

Egun horietan guztietan, eta azaroaren 25a ez diren beste hainbat egunetan, antolatutako mafiek pobreziaren feminizazioa probestuko dute pertsonak esplotatzeko eta beren onurarako esklabo sexualen kopurua handitzeko. Gaur, azaroak 25, eta bihar, eta otsailaren 7an edo apirilaren 14an Afganistango emakumeak burkaren iluntasunean ezkutatuko dituzte, etxetik ateratzeko beren senarren baimena behar duten bitartean existitu ez daitezen.

Egun horietan beretan, beste emakume batzuk feminizidioen biktima izango dira, batzuk, Juarez Hirian bezala, aldez aurretik antolatutakoak.

Oraintxe bertan, artikulu hau irakurtzen ari zaren bitartean, emakume batzuek jasango dute, zure etxetik gertu, umiliazioren bat, zaplaztekoren bat, bultzadaren bat, oihuren bat edo labankada bat... edota horietako batzuk, aldi berean.

Horrenbeste min emakume izateagatik. Horrenbeste zoritxar kromosoma desberdin batekin jaiotzeagatik. Horrenbeste desberdintasun, oraindik ere. Gaur bakarrik akordatuko gara emakume horietaz guztiez?

Derrigortuta gaude oroitu baino zerbait gehiago egitera. Onartu beharko dugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko borrokan, benetako berdintasuna hurbil egotetik urruti dagoela. Barneratu beharko dugu genero indarkeriari aurre egitea erakundeen agendan eta agenda politikoan lehentasuna bilakatu behar dela. Emakumeek emakume izateagatik giza eskubideak urratuak izatea esan nahi duelako. Eta hori oso larria da edozein bizikidetza demokratikotan. Beraz, borroka horretan urratsak egin nahi baldin baditugu, konpromisoak ezin du egun bakarrekoa izan, urteko egun guztietakoa baizik.

Salaketatik haratago, ordua da neurri zehatzak har ditzagun egoera hobetzeko, dagoeneko hartuta dauden neurriak areagotuz, berdintasun programak piztuz eta hezkuntzan, formakuntzan eta gure etxeetan indarkeriaren prebentziorako neurriak hartuz; aurrekontu sozialak eta funtsak handituz tratu txarren biktimak diren emakumeek beren laguntzak bermatuta ikus ditzaten; lege aldaketak sustatuz gizonak eta emakumeak, azken horiek beheko aldean egotera derrigortuz, bereizten dituen kristalezko sabaia hautsi ahal izateko. Badago zer hobetu, baina, betiere, indarkeria matxista jasan duten pertsonekin batera.

Batzuek beste batzuen menpe bizi diren gizartean, emakumeen kasuan menpekotasun hori areagotu egiten da: nirea, zurea, heriotzeraino. Egoera hori adin tarte guztietara eta klase sozial guztietara hedatu da. Familia onenetan ere gertatzen da. Indarkeria sexistak ez du familia mota zehatz bat kolpatzen. Indarkeria mota horrek edonor jo dezake, beste indarkeria mota batzuekin gertatzen den bezala. Indarkeriak ezin daitezke mailakatu eta justiziak indar berarekin egin behar die batzuei eta besteei aurre. Onartzen diren neurriak konbikzio berarekin ezarri behar zaizkie indarkeria matxista erabiltzen dutenei.

Ez da erraza ondoan dugunari entzutea, benetan entzutea. Are zailagoa, bakardadean zapaldua, kolpatua denari entzutea, faktore desberdinak direla medio. Baina horrexegatik, ahalegin handiagoa egin behar dugu, bai beraiek, beraien egoera gainditzeko, eta laguntza eskatzeko, eta bai beste aldean daudenek, emakume horiei behar duten laguntza, babesa eskaintzeko sufrimendua gainditu eta beraien bizitza berregituratzeko erarik integralenean (pertsonala, laborala). Baita beren burua zurrunbilo horretan sartuta ikusten duten umeei ere. Umeak ere, kaltetu, biktima bilakatzen direlako. Ahalegin hori zor diegu, pertsonak ez garelako elementu isolatuak, ez garelako objektuak, ez garelako inoren jabegokoak. Denok merezi dugulako, gure berezitasunak berezitasun, duintasunez bizitzea.

Pertsona bakoitzak indarkeria matxista, XXI. mendeko gaitz handietako bat, desagerrarazteko egunerokoan egin dezakeenaz hausnartzea da aurrean daukagun erronka handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.