Beti irabazi beharraren galerak

Pako Aristi
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Bilduren eta PNVren arteko bileraren argazkia daukat begien aurrean lerro hauek idazten hasi naizen unean, eta aitortu behar dut sentipen triste bat sortu duela irudiak nire baitan. Hizketan utzi diot nire barruari, izaki zentzudun eta arretatsu horri, diplomaziatik aske mantendu den azken argi izpi horri.

Galdera bat egin dit inozo-inozo: «Zergatik daude aurrez aurre, elkarri neurria hartzen bezala, etsaiak balira bezala, hauteskundeak irabazi dituzten bi alderdi abertzaleak?». Eta jarraitu du: «Halako gehiengo tzarra lortuta, elkarrekin ia-ia erakunde guztiak bereganatzeko moduan, ez al lukete biek mahaiaren alde berean egon behar, soberania aldarrikatzen, independentzia ezartzen eta merkatuak lasaitzen?».

Nork bere burua aske uzteak konpromiso hauek dakartza. Utzidazu itzulinguru bat egiten, erantzun diot. Duela 2000 urte, Jesus deitutako gizon batek, garai hartan predikatzaile kaskar bat besterik ez zenak, baina gerora sekulako sona hartuko zuenak egun txar bat eduki zuen. Bere lan teoriko-intelektual guztia pikutara joan zen esaldi famatua bota zuenean: «Ni naiz bidea, ni naiz egia, niri jarraitzen didana salbatu egingo da». Hori dioena oso gauza grabea ari baita esaten: «Zu oker zaude, zu gezurra zara, kondenatua zaude, nik salbatuko zaitut nire mende jartzen bazara».

Haren mezu errukitsuak ez zuen halako diskriminaziorik merezi, baina ongi demostratu zuen serio ari zela: gurutzean hiltzera zihoala, ondoan zeukan lapurrari, damutu zelakoz geroztik «lapur ona» deitua izan den horri zerua eskaini izon. Beste lapurra han utzi zuen, zintzilik. «Ez ezazue inor epaitu» esan zuenak ederki epaitu zituen bi gizarajo haiek.

Geroztik kristautasunaren zeregin nagusia izan da mundua bitan banatzea, jendea epaitzea eta esaten duenaren kontrakoa egitea, zehatz-mehatz Jesusek erakutsi zien bezala. «Ni naiz bidea, ni naiz egia» lemapean, hortik kanpo zeuden guztiak artalderatzeari ekin zion sutsu Elizak, beti armen laguntzarekin, hilketa, izua eta biolentzia erabiliz, beti inperioren baten babesean. Eta helburu bakarra gogoan: Beti irabazi beharra. Inposatu beharra. Nire iritziak, nire dogmak, nire debekuak. Musulmanek baino kide gehiago eduki nahi, erregeek baino botere gehiago, aristokraziak baino etxe eta lur gehiago.

Baina odol isuria elizgizonak berak izutzerainokoa bihurtu zenean, bide berri bat aurkitu zuen Elizak espantsiorako: hezkuntza. Bai baitzekiten haurrari sei urte baino lehen buruan sartzen zaion programazioak bizitza osoa iraungo diola, eta lanak izango dituela hori desegiten, desikasten.

Hor harrapatu gintuzten gu, eta mendebaleko gizarte osoa. Gaur jendeak oso aske bizi dela uste arren, nik etengabe sumatzen ditut kristautasunaren ajeak euren jarreretan, hitzetan, sentimenduetan. Inposizioa oinarri duen gizarte horren gainean eraiki zuten kapitalismo basatia, munduak inoiz ezagutu duen sistemarik errukigabeena, inposizio berriak ekarri dituena: merkatuarena, diruarena, indibidualismoarena… berriro ere, kosta ahala kosta irabazi beharra.

Bizitza komunitarioagoa zen garaian ezer ezingo zukeen osagarri batek hartu dio gaina bizitzaren aurreko gure jarrerari: Egoak. Gure jabe bihurturik, egoak bere ikusmoldeari arrazoia emango diona soilik maite du. Horregatik ez diogu entzuten inori. Ez teoria berririk, ez ohitura berririk, tradizioa mantentzea bihurtu dugu helburuen gailur. Ez dugu errealitatea ezagutu ere egiten, gure «Ni» txiki horren karratuan zepotuta, segurtasuna amets bakar. Globalizatua eta hiper-informatua omen den mundu honetan «Ni» txiki baten erredukzionismo beldurtia aplikatzen dugu etengabe.

«Ni» horrek beti irabaztea du helburu bakar. Munduari buruz dauzkagun lau ideia pobreekin epaitzen dugu guztia, eta zerbait interesgarria esateko daukanari ez diogu entzun ere egiten; edo okerrago: erdeinatzen dugu ezberdina den oro, deskalifikatzen dugu ulertzen ez dugun oro, egoak gure garuna programatu duelako dauzkagun idealak kolokan jarriko dituzten hitz, egoera eta jarrera oro suntsitzeko. Burmuin defentsiboa daukagu, intolerantea, harroa, inpermeablea.

Irabazleak miresten ditugu, kiroletan, sukaldaritzan, enpresetan. Txikitatik ezartzen diegu gure umeei irabazlearen lilura, irabazi beharraren presioa, baita auzoko futbito txapelketa ziztrinenean ere. Galtzaileak ez ditugu ikusi ere egin nahi. Miresmen estetiko bat baino ez dugu haiekiko, pelikuletan eta agertzen direlako.

Politika ez da besterik: erlijioaren eta psikologiaren nahasketa bat. Erlijioa da, buruzagiak daudelako esanez «ni naiz bidea», jarraitzaileei obedientzia exijitzen dieten bitartean. Haiek esango dizute AHTa sostengatu behar duzun ala ukatu. Eta psikologia da, bere ideologiaren ego erraldoiak gobernatzen duelako alderdi bakoitza. Ez dago dialogo aberasgarririk politikoen artean, auto-erreferentzialak bihurtu direlako.

«Ni» horrez betetako gizakiak «nire alderdiaren» baitan babesten dira. Irabaztea da nahi bakarra, berdin dio etengo diren promesen kopurua edo doilorkeriak estaliko dituen diskurtsoaren elegantzia. Eta alderdiek ez dute inor gehiago gorroto, ezta beste alderdietakoak ere, botoa ematen ez duena baino.

Panorama horretan euskaldunok beste gaitz bat bizi dugu: ez gara geure sistema politikoan ari jokoan, Espainiarenean baizik. Ez da posible politika soberanista bat, hemen ez baitago botere borrokarik. Botere propiorik gabe, zer dugu eskura? Kudeaketaren banaketa besterik ez. Horregatik ezinezkoa da abertzaleen gehiengo hau aktibatzea: estatu propio bat ukatzen duen sistemaren barruko jokalari direla jakitun, ez dutelako pribilegioen onura galdu nahi per seculam seculorum, amen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.