Bidaia baten kronika

Aitor Gorostiza
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Urtarrilak 21: Ostiralero bezala, Etxerat-en elkarretaratzea Albian (Bilbo). Sei eta erdiak dira eta Etxerat-en autobusa ateratzear dago. Oraingoan Puerto III-raino, 900 km baino gehiago. Egia da, sakabanaketak estatu espainoleko geografia osoa ikusteko aukera ematen dizu: Topas, Ocaña, Sevilla... Geografia azterketa bat eginez gero, euskal herritarrok notarik onena aterako genuke. Txoko gehienak iltzatuta dauzkagu bihotz nahiz erraietan.

Autobusean batzuk ezagunak; beste batzuk, ordea, elkar ezagutzen hasiak. Eguna hotza bada ere, jendearen berotasunak gorputza epeltzen dizu.

Lehenengo geldialdia, afaltzeko. Lehena jaisten izan arren, azkenetarikoa zerbitzuguneko jatetxean sartzen, ez baitakit norekin eseri.

Hala ere, sartu orduko senide batek azaldu dit zelan doan self-service-a. Hiru dira, gasteiztarrak, eta haiekin afaldu dut. Ondoko mahaikoa Arbizukoa, atzealdean daudenak donostiarrak... Egia da, sakabanaketak Euskal Herriko txoko guztietako jendea ezagutzeko abagunea ematen dizu.

Afalostean, lotara.

Urtarrilak 22: Sevillara ailegatu gara eta lehenengo taldeak utzi gaitu. Neure helmuga Puerto; jo, mutil, Espainiako ipurdia! Loak hartu ezean, ordu asko dituzu hausnartzeko, ondorioztatzeko maite dugunarekin 40 minutuz egoteko honelako bidaia bat egiten badugu zer ez ote genukeen egingo Euskal Herriaren alde, independentziaren alde. Puertora heldu ostean, gosaltzera joan gara, korrika (badakizue, txizalarriari ezin eutsi). Berehala sentitzen zara kuadrillarekin egongo bazina bezala; galdetzen dizute nongoa zaren, nor bisitatuko duzun. Askok, gainera, goraintziak ematen dizkizute, itzela.

Bisita 17:30ean izango dudanez, eguneko plana egin beharko dut, zortziak aldera heldu bainaiz. Berehala talde bat osatu dugu eta Jerezera joan gara egun-pasa. Bisita egiteko unea heldu ahala, gero eta artegago nago. Eskema bat egiten saiatzen zara, baina alferrik. Nirekin batera, Inma (donostiarra), Aida (bilbotarra), Arbizun bizi den bilbotarra (izena ez dut gogoratzen)... asko gara, eta badakite, guri begira egoten direlako, pentsatzen zergatik egiten dugun egiten duguna, baina ez dute inoiz ulertuko, gizajoak! Bisitaren ostean, barruan gertatutakoa neuretzat bakarrik, autobusera. Bisita hauek eskertzen dizkizute ezer esan barik, esaten dute aurpegia arimaren ispilua dela, eta askotan egia da.

Urtarrilak 23: Lotan etorri naiz, eskerrak! Atarramendu handiko asteburua, Txemak minutu batzuez kartzelatik alde egin baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.