Bidegabekeriaren aurka

2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Hunkituta darrai Zornotzak. Bilbon ostiral gauez gertatutako zorigaiztoko eraso batek 43 urteko Ibon Urrengoetxea Urren bizilaguna hil zuen. Ustez 18 urteko bi gaztek lapurreta saiakera egin, eta bertan kolpeka akabatu zuten zornotzarra, Bilboko Areatzako zubitik metro eskasera. Hiltzaileak ihesean dira eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak herritarren laguntza eskatu du, goizaldeko 04:15ean gertatutakoa argitze aldera. Euskal zein espainiar hedabideetan ere albiste izan da.

Udalerri bizkaitarrak irmo erantzun dio gupidagabeko hilketa horri. Iragan asteartean Ibonen hileta elizkizunari elkarretaratze jendetsu batek segitu zion. Futbol jokalari aski ezaguna zen Ibon. Herriko taldeko kapitain lez jardun zuen luzaroan. Bidelagun izan dituen adiskide, jokalari, entrenatzaile eta klub ohiek akorduan dute Urren; eta halaxe, euren doluminik bizienak helarazi zizkieten sare sozialen bitartez senide eta lagunei. Futbolean jorratutako ibilbideagatik zetorkion ospea: Amorebieta, Lemoa, Gernika eta Bermeo klubetan jardundakoa zen, brontzezko mailan. Espainiako Futbol Federakundeak ere heriotza deitoratu zuen, hilketaren bihozgabetasunari buruz hitzik esan gabe.

Gauez etxerako bidea hartu eta lapurreta aitzakia hartuta jipoitua izatea krudela da. Krudelkeria horrek izen-abizen zehatzetan oinarritutako zuzeneko egilerik baduelako, batez ere. Eta autoretza horrek urrundu egiten du jazoera ezbehar hutsetik. Ez gara heriotza batez ari, hilketa batez mintzo gara. Hortaz, arranguraz harago doan ariketa publiko bat eskatzen da: bizitzeko eskubidearen kontra burutu den ankerkeriaren aurkako gaitzespen adierazpena.

Kuriosoa da, hala ere, ostiral gaueko erasoa nola desitxuratu den handik eta hemendik. Udalerriko tabernetan hedatu da hilketari buruzko kezka, eta behin baino gehiagotan aipatu da hilketa gauzatu zuten ustezko 18 urteko gazteak ez zirela «Mendatan» jaiotakoak izan, hor nonbait. Inplizituki kutsu identitarioa duen esandako horrek eztabaida publikoaren barrenak jaten ditu. Ikuskera horren arabera, «hemengoa» ez den norbaitek erail du biktima, egitate zein funtsik gabeko aurresuposizio batek elikatuta. Bertokoa ez izateak arduraz salbuetsiko gaituelakoan, beharbada. Ez gaitezen engainatu, ordea, erasotzailea hemengoa izatea ere gerta daitekeelako. Biktimak Ibon ez beste izen bat izatea suerta zekigukeen era berean: Maialen, Aitor, Leila, Abdoul.

Identitatearen muga gunean eroso jostatzen direnek kezkatu beharko gintuzkete. Jaioterriak ez gaitu eraso baten zuzeneko erantzule bihurtzen, eta identitatearen auziak ezin dezake ekintza bortitz baten narratiba «bertokoak eta kanpotarrak» dialektikara mugatu. Mezua eta irakaspena bestelakoak izan beharko lirateke. Haatik, debate publikoa bideratzen duten ideiek honako printzipio hauek irudikatu behar dituzte ezinbestean: biktimaren hurkoekiko laguntasuna eta babesa adierazteko dolua, alde batetik, eta bizitzeko eskubidearen aurka egindako eraso bidegabearen kontrako gaitzespen publikoa, bestetik. Justiziaren aitortza hein handi batean aginte publikoen esku geratu ohi da. Baina gizarte zibil gisa errealitate gordin honi aurre egitea nahi bada, elkarkidetasuna adierazi eta bidegabetasuna salatzea besterik ez dugu, aurreiritzietatik libre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.