Bigarren Gerra Hotza

2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundearen 75. urteurrenean bezperan, 2020ko udazkenean, Trump histrioiak Xi-Jinping Txinako presidenteari bilo barik leporatu zion koronabirusa mundutik hedatu izanaren erantzukizuna. NBEk ospakizunerako zuen asmoak, multilateralismoa suspertzekoa zenak, zoruan hautsitako ardo kopa bezala amaitu zuen.

Munduko bi superpotentzien arteko lehia gatazka politiko-komertzialaren mailara igo zen 2018an, eta oraindik dago indarrean, AEBetako Gobernuak Huawey multinazional txinatarrari ziberespioitza egitea leporatu zionetik aurrera. Eta Wuhanen sorburu izan zuen pandemiak are erregai gehiago isuri zion AEBen eta Txinaren arteko suteari.

Alabaina, AEBen eta Txinaren arteko areriotasunaren lagin horiek ez omen ziren «gerra hotzaren» zantzu, «eremu griseko gatazkarenak» baizik; eremu griseko gatazka kontzeptua gerra hotzaren muga lausoetan sortua bazen ere. Gerretan aditua den Lauren Fish Small Wars Journal-eko kazetariak dioenez, eremu griseko gatazkak «gerraren» definizio argiarekin bat ez datozen eraso maila txikiagoko ekintzak dira. Ekintza horiek, halere, ez dira nahastu behar kontrako bi estatu-nazioren arteko «intentsitate txikiko» gatazken metodo tradizionalekin; alegia, eremu griseko gatazkak nazioarteko gatazkatzat jo gabeko ekintzak dira, estatuen arteko borroka-egoera aitortua ez duen ikuspegi anbiguoarekin dihardutenak.

Berez, «eremu grisa» gerraren eta bakearen arteko egoeraren metafora da, beltza eta zuria gerra eta bakearen ikur direlako uste mendebaldarrean errotua. Egoera «gris» horretan, aurkari batek eraso militar batekin lotuta dauden irabazkin politikoak edo lurraldekoak lortu nahi ditu, baina gerra irekiaren muga gainditu gabe. Izan ere, horixe da eremu griseko gatazken ezaugarri nagusia: gertaera guztiak erantzun militarra justifikatuko lukeen atalasearen azpitik neurtzea. Hortaz, ekintza zoliak dira beti, aurkariaren bizi-interesak mehatxatzen ez dituztenak eta erantzun bortitza ez eragiteko nahikoak, Gerra Hotzaren kasuan ez bezala.

Edonola ere, eremu griseko gatazkek, hilgarri ez diruditen arren, arerioaren zaurgarritasuna eta ahulezia bilatzen dituzte eta, xede horrekin, «salami taktikaz» baliatzen dira, hau da, aurkariaren baitako osagaien segmentazioa «xerraz xerra», Julio Cesar eta Napoleonen Divide et Imperaren (banandu eta garaitu) pop bertsioa izango balitz bezala. Era berean, estrategia horri sarritan eransten zaio egozgarritasunaren falta, esaterako aipatu potentzien aurkako zibererasoen edo desinformazio-kanpainak abiarazten direnean, non ia ezinezkoa den asmatzea oldar horien egiletza.

Ukrainako auziak, ordea, argi erakusten ditu Gerra Hotzaren tresnak, hau da, NATOren aurreratze progresiboa, indarkeria estruktural ageria hala nola artilleria-hornidura; tropen mobilizazioa, nora eta Errusiako atera bertara. Kubako misilen krisiaren antzera, 60. urteko efemeride makabro bat ospatu nahi bailitzan, gerra hotzetik berora pasatzen ari gara.

Harry S. Trumanek, Hiroshimaren ondoren Japonia erabat suntsitzeko mehatxua egin zuenak, 1947an gurutzada antikomunista aldarrikatu zuen, hurrengo berrogei urteetan kanpo-politika estatubatuarra baldintzatuko zuena. Marshall Planaren bidez lau urteko epean (1948-1952) mendebaldeko Europa berreraikitzeko eta ekonomia suspertzeko laguntza-programa estrategikoa Estatu Batuek ziurtatu zuten beren aliatu komertzial eta politikoak ekonomikoki egonkortu egingo zirela eta euren mugen barruan zein kanpoan eragin komunista neutralizatuko zutela. Gero, salamia bezala, Sobietar Batasuna xerratan desegin zen eta ordudanik NATO joan da xerra horiek banan-banan bereganatuz. Ukrainara arte.

Txinarekiko estrategia kontuan hartuta, bazirudien alferrikakoak zirela indar erakustaldi arranditsuak edo elkarren aurkako armamentu-norgehiagoka. Ematen zuen gaur egun aurkaria menderatzeko amarruak gero eta zoliago eta engainagarriagoak zirela. Baina Errusiako ateko dei hau jauzi kualitatiboa da.

Beharbada, NBEk aldarrikatzen duen «multilateralismoa» gauzatu egingo da, baina ez mundu erakundeak nahiko lukeen legez, baizik eta estrategikoki erabilitako lateralismo ugari gisara, azken finean, eta historian beti gertatu denez, bakar batek ondo asko dakigu nork gainontzeko guztiak garai ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.