Bilgune Feministak hogei urte! Eztandak dardara gaitzala

Naia Torrealdai Mandaluniz, Alazne Beltran de Lubiano Riaño, Elene Lopetegi Olea eta Ainhoa Olaso Sopelana
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Feminista batzuek, 2000ko hamarkadan, erreferente feminista nazionalaren gabezia sentitu genuen. Garai berean, Mugimendu Feministaren sakabanaketa eta atomizazioa gertatzen ari zen, eta emakume* ugarik Euskal Herriarentzat proiektu politiko osoa garatzeko gogoa genuen. Hori dela eta, 2001eko martxoaren 8an, Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria sortzera goaz adierazpenarekin irten ginen hainbat esparru sozialetako berrehun emakume abertzale inguru.

Urte bereko abenduan, lelo berari eutsiz, Emakume Abertzaleon I. Topaketa Feministak egin genituen Leitzan. Hemen, emakume abertzale feministen sarea osatzeko beharra azaleratu zen, eta, ondorioz, 2002ko apirilaren 20an aurkeztu genuen Euskal Herriko Bilgune Feminista jendaurrean.

Sare moduan antolatu ginen estrategikotzat hartzen genituen lau arloren inguruan: sozioekonomia, hezkuntza, hedabideak eta kultura. Arlo bakoitzak bere lana planifikatu zuen, koordinazio horizontala eta hierarkiarik gabeko harremanak bultzatzen dituen egitura osatuz. Hau da, sare horren parte izateak militatzeko beste modu batzuetarako aukera ematen zuen. Pixkanaka, sare feminista hori elikatuz joan gara eragile feminista eta hausnarketa berriekin.

Bilgune Feministaren sorreratik sexu-genero, klase eta nazio zapalkuntzek eragindako errealitateak eta bizipenak mahaigaineratu ditugu: matxismoa; gure herriak bizi duen ukazioa; gure kulturak, ondare naturalak edota hizkuntzak pairatzen dituzten erasoak... Azpiratze mekanismo horiek gure lurralde, gorputz eta bizitzak zeharkatzen dituzte, horrela, gure nortasun politikoa eraikiz.

Formula amaitu gabeak eta aldakorrak baliatu ditugu. Etenik izan ez duen egokitze ariketa honek, hainbat gaitan sakontzera eraman gaitu: boterearen inguruko eztabaidak; aniztasunaren kudeaketa; abertzaletasunaren ulerkera; kultura politiko edo bizi ibilbide desberdinetako emakumeak saretzeko moduak birpentsatzea... Gure bizitza pertsonal eta politikoa uztartuz, heterosexualitatearen derrigorrezkotasuna ezbaian jarri dugu gure egunerokoan, Euskal Herrian izan diren paktu patriarkal kolonialak bistaratu ditugu, eta ardura hartzeko konpromisoan berretsi gara… Finean, continuum bat da Bilgune Feministarentzat errealitate anitz ulertzeko tresna teoriko eta praktikoak garatzea, aurrera egiteko, gure herrian, trantsizio feminista bat eragiteko, Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.

Burujabetza feminista dugu ipar. Eta burujabetza, bizi nahi dugun bizitzaren inguruan erabakiak hartzeko ahalmenari deritzogu. Kapitalaren metaketa lehenesten duen sistema baten aurrean, bizitza duinak nahi ditugu, eta horiek definitzeko eztabaida soziala sustatu behar dugu. Dagoeneko eztabaida horretan baditugu zenbait ideia argi:

1.- Bizitza duinak denontzat eskuragarri izatea. Betiere, bizitzaren mugak aintzat hartuz eta buruaskitasunaren engainutik aldenduz.

2.- Lurraldearen burujabetzaz ari gara, baina baita gure gorputzen burujabe izateaz ere, lurraldearen burujabetzak ez dituelako bere horretan gure bizitzak duinagoak egingo.

3.- Euskaraz eta euskaratik abiatzen dugun proposamen eta prozesua da burujabetza feminista. Hizkuntza gutxituen duintasunetik. Euskaraz bizitzeko eskubidea baina baita euskara guztiontzako eskuragarri izateko eskubidea aldarri izanda ere.

4.- Burujabetza feminista gauzatzeko, beharrezkoak ditugun bizibideen kontrola izan behar dugu, materialetatik afektiboetara; enplegutik jaso daitezkeen baliabideetatik, komunitatean eraikitzen diren sareetan jaso daitezkeenetara.

Eta honetarako ez dago errezeta bakarra; dominazio anitzeko sistema bada, alternatibak ere anitz izango dira.

Hogei urte hauetan Euskal Herriaren burujabetza feministara bidean pintzelkadak ematen joan gara, teoria eta praktika uztartuz antolakuntzaren bidez. Herrietan eta beste hainbat eragilerekin batera, elkarri begiratuz eta elkarrekin ahaldunduz, urratsak eman ditugu, iraultza txiki handiak.

Datozen hilabeteetan, herri eta auzoetan antolatuko gara, burujabetza feministaren edukietan sakondu eta hausnarketa berriei leku emateko. Urteurren honetan, proiektu politikoan sakondu nahi dugu, baina sarea indartzeko erronka ere badugu. Horretarako, ospakizunari ere tarte handia emango diogu. Horretarako baterajotzea antolatuko dugu: ekainaren 11n eta 12an topagune feministan elkartuko baikara. Asteburu horretan, mahai inguruak, orotariko tailerrak, herri bazkariak, aisialdirako eskaintza, azoka eta festarako aukera egongo da.

Paradisuak erretzen jarraitzen dugu. Eztandak dardara gaitzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.