Biolentzia armatuaren esklabo?

2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Batzuetan errealitateak fikzioa gainditu egiten du. Anderson Jauna enpresa bateko langile lasaia da. Ordura arte barneratutako bizitzaren inguruko ikuskerak huts egingo dio Morfeoren adierazpenak entzundakoan: «Bizi duzuna amets bat baino ez da, errealitate birtualean oinarritutako ametsa». Morfeok azaldu ere egiten dio gizakiok, lozorro horretan, «pila organikoak» bezala erabiliak izaten ari garela. Horrela, giza arraza esklabotza-aldian murgilduta egoteaz gain, horren kontzientziarik ez dauka, Matrix-ek programatutako «bizimodu normalean» bizi garen sentsazioa duelarik.

Pelikulan badira bi eszena, ene ustez, argi erakusten dutenak giza arrazaren esklabotza-aldiaren gakoak. Lehenengo eszena pilula gorria eta urdinarena da. Bertan, Morfeok Anderson Jaunari biak aukeran ematen dizkio, eta jarraian jakinaren gainean jartzen du: «Urdina aukeratzekotan, ez da ezer gertatuko, gaur lotaratu eta bihar ez duzu ezer gogoratuko, zure bizitzak orain arte bezalakoa izaten jarraituko du. Gorria aukeratzen baduzu, aldiz, jasoko duzun ezagutzaren ondorioz, inoiz ezin izango zara egungo egoerara bueltatu, zure bizitza erabat eraldatu eginen da eta». Bigarren eszena pilula gorria aukeratu izanaren ondorioz suertatzen da. Protagonistak oso pasadizo txundigarria bizitzen du, mingarria eta erabat ulertezina suertatzen zaiona. Soilik gerora ulertu ahal izango du bizi izandakoa: Pilula gorriaren aukeraketak ekarritako ezagutza mingarria suertatu zitzaion oso, ordurako egiatzat eta benetakotzat hartutako sinesmenen galkortasunari aurrez aurre begiratu ahal izan zionean.

Munduan, Amnesty Internationalen ikerketen arabera, minuturo pertsona bat hil egiten da biolentzia armatuaren eraginez eta milaka pertsona gehiagok zauriak eta abusuak pairatzen dituzte. 1989. urtetik, 131 gatazka armatuk heriotza eragin dute, gutxienez 250.000 pertsona urtero. Ehunka mila gehiago desplazatuak, zaurituak edo txirotuak suertatzen dira. Guztiz kezkagarriak dira soldadutarako erabiliak izaten diren umeak. 2011. urtean, armamentu merkatuak 310.000 milioi euroko gastua suposatu zuen.

Europako herrialde «garatuetatik» ikusita, pentsa genezake armen negozioa herrialde «azpigaratuen» kontua beharko lukeela soilik izan, hemen jada gizarte demokratiko sendotuetan antolatuak baikaude eta giza eskubideen bermatzea lehentasunezkoa baita… errealitatetik ezin urrunago. Arma esportatzaile nagusien artean AEBek, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Alemania daude. Ondotik, Italiak, Suediak eta Espainiak jarraitzen diete, besteak beste. Saudi Arabia (Islamiar Estatuaren bultzatzaile eta hornitzaile nagusietako bat) armamentuan gehien gastatzen duen munduko hirugarren estatua da, eta bere militar-makineria gehiena AEBei, Erresuma Batuari eta Frantziari erosia die.

Horiek horrela, Europako gizartean Matrix pelikulako Anderson Jaunaren tesitura berean gaudela esango nuke. Ene ustez, pilula urdina hartzeko joera handia daukagu, horretarako hazi eta hezi egin baikaituzte. Pilula urdinak babestuak bizi izatearen sentsazioa sorrarazten digu. Gainera, pilula gorria aukeratzeak bertigo handia ematen du: Nolako ezagutza jasoko ote dut? Ezagutza horrek norainoko eragina izanen du ene eguneroko bizimoduan? Eta ingurukoak… prest al daude ezagutza hori jasotzeko? Nolako aldaketa lekarke gure ohiko funtzionamenduan? Bai, hala da, ezjakintasuna eta ziurgabetasuna oso nabarmenak bilakatzen dira pilula gorria hautatuz gero. Eta Matrix-ek hori ederki daki. Horregatik, gizakiok esklabo mantendu ahal izateko, premiazkoa du segurtasun sentsazioa sorrarazten dizkiguten gauzak eta harreman motak eskaintzea. Gure denbora eta energia guztia egonkortasuna bilatzeari dedikatzen diogun bitartean, Matrix lasai dago. Lasai dago nahi adina armamenturen bitartez negozio egiteko eta munduan zehar milaka bizi hausteko.

Tamalez, eta sistema horren baitan kokatuta gauden heinean, gure egonkortasunaren bilaketa honetan, pilula urdinaren aukeraketa honetan, Matrix-en izaera biolentoaz ere kutsatu egiten gara, bakea jorratu ahal izateko barne askatasuna ezinbestekoa baitugu, eta ikusi dugun bezala, gu esklabo gaude… ala ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.