Biologia oinarri

2013ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Edward O. Wilson, soziobiologiaren gurasoa,gure garaiko biologorik ospetsuenetakoa da.Inurrietan aditua, Wilsonek azken ondorioetaraino eramandu darwinismoa. Giza natura ulertzeko era aldatu duten lan ausarten egilea da.

Nondik gatoz? Zer gara? Nora goaz? izenburu filosofiko hori ipini zion Paul Gauguin margolariak Tahitin egin zuen koadro ezagun bati (frantsesez, jakina). Wilsonek dioen bezala, luzaroan gizakiek erlijioan edo filosofian bilatu dituzte galdera horien erantzunak. Gaur egun, ordea, azken bi hamarkadetan burututako aurrerapen zientifikoei esker, era egokiagoan azal daiteke giza kondizioa.

1975ean, Soziobiologia: sintesi berria lan mardula argitaratu zuen Wilsonek. Mugarria izan da pentsamendu eboluzionistan. Han, era askotako espezie sozialez hitz egin ondoren, animalien portaeran aurkitutako printzipio eta planteamendu biologiko berak aplikatu zizkien gizakiei. Animalien jokabide soziala (gizakiena barne) geneen eraginaren ondorio dela adierazi zuen: «Hautespen naturala baldin bada natura gidatzen duen legea, modu berean aginduko du portaera kontuetan ere».

Gure bizitza soziala ere gure geneetan oinarritzen da. Eta horrek polemika bizia eragin zuen. Askok gogor egin zioten kontra, ideia arbuiatzen zutelako ez baino, gizakiak barne hartzen zituelako. Ezkerretik nahiz eskuinetik eraso zioten, arrazista eta misoginoa izatea egotziz. Marxismoa, batik bat, haren kontra borrokatu zen. Wilsoni min handia eman zion, bereziki, Stephen Jay Gould eta Richard Lewontin, Harvardeko bere bi adiskideen kritika gupidagabeak.

Ordura arte giza gogoa instinturik gabekoa zela uste zen, esperientziaren eta heziketaren bidez itxuratzen den orrialde zuriaren antzekoa.Kulturari egozten zitzaizkion portaerak, biologiaren bidez azaldu ditu Wilsonek. Intzestuaren debekua, esaterako, hainbat antropologok debeku kulturaltzat zeukana, hautespen naturalaren ondorioa da Wilsonentzat.

Giza natura gai tabua izan da oraintsu arte. «Taula hutsaren» dogma izan da teoria ofiziala luzaroan. Ukatu egin da giza natura. Ingurunearen eraginez edozein forma edo molde har dezakeen buztina bezalakoa dela pentsatu izan da. Gizakiaren gogoa zurian dagoen paper zuri baten antzekoa dela zioen J. Locke filosofo enpirista ingelesak.

Baina, gizakia ez da tabula rasa bat. Hasieran zalantzan jarri zen soziobiologia, baina gaur egun erabat onartzen da. Azken aldiotan, gogoaren, geneen eta eboluzioaren zientzia modernoek gezurtatu egin dute «ohol hutsaren» mitoa. Richard Dawkins, Daniel C. Dennett, Konrad Lorenz, Edward O. Wilson, J. Maynard Smith edota Steven Pinker izan dira bide berriak urratu dituzten batzuk. Naturalismoa, azkenik, bizitzako alor guztietara zabaldu da (biogenetika, neurozientzia, gogoaren filosofia, psikologia eboluzionista, memetika, gramatika sortzailea). Eta gehienek ontzat ematen dute.

Soziobiologiak gainditu behar izan duen zailtasun nagusietakoa abereen portaera altruista eta kooperatiboaren auziarena izan da. Bere azkeneko liburuan, Lurraren konkista soziala delakoan, ondorio batera iritsi da Wilson: giza izaeraren alderdi soziala edo «eusoziabilitatea» konpartitzen dugu erleekin, termitekin eta inurriekin. Azalpen darwinistaren arabera, jokaera egoistak eragiten dituzten geneak hautatzen ditu eboluzioak. Kasu askotan, ordea, animaliek—intsektuek, batez ere— elkarri laguntzen diote. Abere sena, hortaz, ez da soilik bizitzarengatiko borroka hutsa. Banakoaren sakrifizioak onurak dakarzkio taldeari.

«Naturalist» deitzen dio bere buruari Wilsonek, izen bereko autobiografian. Berari zor diogu biodibertsitate hitza, kontzeptu txit garrantzitsua ekologian eta erabilera arruntekoa gaur egun. Kontserbazionista kartsua izaki, etenik gabe lan egin du espezie guztiek iraun dezaten.

Konsilientzia: ezagutzaren batasuna saiakeran, biologia eta gainerako diziplina zientifikoak humanitateekin eta gizarte zientziekin integratzea proposatu zuen. Jakintzaren adar handien arteko arrakalak txikitu ahala, gehitu egingo dira ezagutzaren aniztasuna eta sakontasuna. Kultur iraultza berri baten aurrean egon gaitezke, hortaz. Eboluzioaren teoriak egin dezake kultura bien arteko zubi lana.

Ikuspegi aldaketa funtsezko baten hasiera izan daiteke. Gaur kezkatzen gaituzten arazoak (gatazka etnikoak, gainpopulazioa, abortua, ingurumena edota pobrezia endemikoa) ezingo dira konpondu gizarte eta natur zientziak uztartu gabe. Zientzia eta humanitateak elkartuz, Ilustrazio berria sortuko dela dio Wilsonek.

Biologia, genetika eta neurozientzia bezalako diziplinak ezinbestekoak dira betidaniko galdera filosofikoei erantzuteko. Filosofiak lurzoru irmoan lan egin dezan ahalbidetzen du zientziak. Hala ere, jakintzaren adarrak ezinbestekoak izan arren, ez dira nahikoa. Zientziek jokaera ebolutiboaren berri ematen digute. Baina ez doaz harago. Zer falta da, orduan?

Gizakia ez da abere hutsa, abere linguistikoa baizik. «Kultura» da gizakiaren berezitasuna. Kulturari zor diogu, neurri handi batean, gu garen zer hori. Biologiak estuki determinatzen ditu animaliak; gizakiok, halere, erabaki bat edo bestea hartzeko askatasuna badugu (ezkongabetasuna aukera dezakegu, jaten duguna arautzeko legeak onar ditzakegu, zenbait portaera makur zigortzeko bideak ezar ditzakegu, ekintza altruistak egin ditzakegu...).

Espezie biologiko bat gara mundu biologiko batean. Gizakiok kontakizun baten aktoreak gara. Bukatu ez den espezie baten puntu gorena. Historiak ez du zentzurik historiaurrerik gabe, eta historiaurreak ez du zentzurik biologiarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.