'Brexit'-a, Risk-a eta lurralde botere dinamika

2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Azken orduko sorpresarik ez bada, brexit-aren azkeneko geltokira iristear gaude: Erresuma Batuak Europako Batasuna (EB) utziko du martxoaren 29an. Dagoeneko den-dena edo ia dena esanda dago brexit-aren inguruan. Negoziazioen nondik norakoak gertutik jarraitu dituzuenok zorabiatuta egongo zarete ziur asko. Ez da batere harritzekoa, prozesua gorabeheratsua, zalapartatsua, traketsa eta korapilatsua izan baita. Labur esanda, quilombo hutsa.

Gaurkotasunaren zalaparta alde batera utziz, brexit-aren muin-muinean dagoen gai esanguratsu bati helduko diot, lurraldearen eta boterearen arteko harremanari hain zuzen ere. Munduan ezaguna den eta Risk izena jasotzen duen mahai-jokoaz baliatuko naiz horretarako.

Jolasa izanagatik ere, Risk-a ez da fikzio hutsa; alderantziz, denbora-pasa honek inperioen lurralde-estrategia modu zehatz, sinple eta bikainean islatzen du. Jolasaren xedea da horren adierazle argiena: taulako lurralde guztiak konkistatzea. Hortaz, mapa guztiz bereganatzen duena da irabazlea.

Badira Risk-a existitu baino lehenago mahai-joko honetara jolasean ibili izan diren gutxi batzuk Europa taula zutelarik. Jokalari trebeenen artean Erromatarrak, Karlomagno, Napoleon edo Hitler aurki ditzakegu, besteak beste. Mutatis mutandis, helburu bera jarraitzen zuten «ludopata» horiek guztiek: beraien aginpean zegoen lurralde-eremua handitzen joan Europa oso-osorik bereganatu arte.

Logika inperialista horretatik ezer gutxi aldendu da Europako Batasuna, gaur egun lurralde konkista adhesio izenaz ezagutzen badugu ere. Bada, jakina, desberdintasun nabarmen bat: modus operandi-a alegia. Lehenengoak odolaren eta gerraren bitartez eskuratu nahi izan zutena EBk hitzaren eta politikaren eskutik lortzea du helburu. Baina funtsean, EB inperio guztiek jarraitu duten logika berarekin joan da pixkanaka-pixkanaka handitzen.

Antzina, lurralde-eremu zabalago batek baliabide eta lan-indar berriak eskuratzea ahalbidetzen zuen, eta horrek botere militarraren indartzea zekarren. Gaur egun, lurraldea merkatu handi eta lehiakor baterako sarbidea da, hots, hazkunde ekonomikoaren motore. Dena dela ere, bi kasuetan, lurralde hedatzeak boterea du jomuga, nahiz militarra edo ekonomikoa.

Ikuspuntu horren arabera, subjektu politiko batek duen boterea proportzionalki zuzena da subjektu horren boterearen menpe dagoen lurralde-eremuaren tamainarekiko. Hori horrela dela onartuz gero, brexit-a atzera pausoa litzateke EBrentzat, bere ahuleziaren seinale, gainbeheraren lehen urratsa. Izan ere, zenbat eta lurralde-eremu txikiagoa, orduan eta botere murritzagoa.

Aitzitik, niri arrazoibide hori ez zait guztiz zuzena iruditzen. Teorian, botereak lurraldearekin batera gora egiten duela onar dezaket, horrek ere zalantzak ekartzen badizkit ere. Baina argi daukadana zera da: boterea ez da lurraldearen neurri berean handitzen. Nire aburuz, David Ricardo ekonomilari britainiarrak garatu zuen etekin beherakorren legeak bi elementu horien arteko erlazioa modu ezin hobean islatzen du, berez ekonomiaren esparrura mugatzen den teoria den arren. Honela dio legeak:

«Ondasun bat ekoizteko erabilitako produkzio-faktore baten kantitatea handitzean, beste faktoreen kantitateak finko mantendurik, lortutako produktu gehigarria gero eta txikiagoa da».

Printzipio hori esku artean dugun gaira ekartzea zentzuzkoa eta baliozkoa deritzot lurraldearen eta boterearen arteko harremanean osagai berriak txertatze aldera. Helburu horrekin, jatorrizko formulazioan pare bat ordezkapen egitea nahikoa dugu. Alde batetik, lurraldeak produkzio-faktoreen tokia hartuko luke; bestetik, botereak produktua ordezkatuko luke. Behin moldaketa horiek eginda, irakurketa honako hau litzateke: entitate politiko baten lurralde-eremua handitzean, lortutako botere gehigarria gero eta txikiagoa da. Beraz, lurraldearen eta boterearen arteko erlazioa positiboa da, baina ez proportzionalki zuzena, beherakorra baizik.

Zergatik? Arazoa ez dira kilometro karratuak, noski, hori pentsatzea ergelkeria hutsa litzateke. Kontua da lurralde handiago batek subjektu politiko gehiago izaten ohi dituela barne, horrek dakarrenarekin: kultura politiko, egitura instituzional, marko juridiko, balio, interes eta abar berriak barneratu beharra alegia.

Europako Batasunaren kasura etorriz, estatu kide kopuru handiago batek aniztasun maila altuagoa dakar berarekin, eta esperientziaz jakin badakigu aniztasunaren kudeaketa ez dela batere erraza, nahiz eta EBren lema «varietate in concordia» izan. Horrekin ez dut esan nahi brexit-a onuragarria edo ezinbestekoa denik, ezta aurrerantzean EBko ateak itxi behar direnik ere. Esan gabe doa EBk ez duela estatu kide kopuru finko eta egoki bat.

Azpimarratu nahi dudan bakarra zera da: lurralde-eremuak zabaltzeak bere arriskuak dakartza. Boutade bat irudi lezake, baina komenigarria da gogoan edukitzea. Arestian aipatu ditudan aurrekariak hor daude: Erromatarrak, Karlomagno, Napoleon eta Hitler itsu-itsuan joan ziren lurralde berriak irensten, hedatze horrek zekartzan arriskuei muzin eginez. Beraien boterea, eta, neurri batean, beraien helburuen gauzatzea lurralde hedapenaren araberakoa zela pentsatzeak inperio horien gainbeheran lagundu zuen, besteak beste.

Errealitatea, tamalez eta zorionez, mahai-joko bat baino konplexuagoa da. Horregatik, aurrekoen akatsak ez errepikatzearren, bere hedatze estrategian proposatu dudan etekin beherakorren legea txertatzea komeniko litzaioke EBri. Horrela, estatu kide bat gehiago edo gutxiago edukitzea hil ala biziko kontua ez dela ikusiko luke; alegia, Europako Batasunaren patua ez dagoela lurraldeari lotuta. Hortaz, betiko eskema inperialista zaharrak atzean utzi eta Erresuma Batuaren irteera kiroltasunez onartzea litzateke argiena. Bizitzan, Risk-ean bezala, irabazten eta galtzen jakin behar baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.