Burlatako jaiak amaitu dira, zapore gazi-gozoa utziz. Ezer baino lehen, azken asteetan Burlatako bizilagunengandik, zein beste hamaika lekutakoengandik, jaso dugun babesa eskertu nahiko genuke. Mila esker, txupinazoko testuinguruan eta aurretik bizi izandako zentsuraren harira, inposaketen aurka eta herri borondatearen defentsan helarazitako animo mezuengatik. Mila esker, halaber, plazan zeundeten baina balkoian gure ondoan sentitu zintuztegun pertsona orori. Herri Erakundeei, gure aterpe izateagatik eta egunero egiten duzuen lanagatik. Naizen-eko familiei, zuen esker keinuekin gu hunkitzeagatik. Eta, azkenik, jaietan zehar zapi morea eraman duzuen guztiei; Burlatak pertsona guztiok kabida dugun gizarte anitz eta parekide baten alde apustu egiten duela ikusarazteko zuen hondar alea jarri duzuen guztiei. Eskerrik asko, bihotzez!
Tamalez, egun hauetan bizi izandako guztiak ez dira esperientzia onak izan. Eraso matxistek suposatzen duten lakra sozialaren aurkako kontzientziazioan aurrerapausoak eman baditugu ere, asko gara sistema zapaltzaile honen, zisheteropatriarkatuaren, ondorioak pairatu ditugunak. Horregatik, eraso ezberdinak jasan ditugula salatu nahi dugu; esaterako, etxerako bidean jarraituak izatea, segurutzat ditugun guneetan gure intimitatea apurtzea, emakume izateagatik gutxietsiak izatea edo bi mutil elkar muxukatzeagatik irainduak izatea. Noiz arte?
Ozen eta garbi esan nahi dugu nazkatuta gaudela! Ez dugula inolako erasorik onartuko! Horiei aurre egiteko prest eta elkarrekin gaudela! Eta egunez egun lanean jarraituko dugula ez inork, ez ezerk, ez diezagun oztopa aske izatea eta desio duguna egitea.
Gora borroka feminista! Gora Burlata feminista!
Burlata morez janzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu