Spinozak Tratatu Politikoa laneko I. kapituluan erakusten duenez, idealismoaren muina da gauzek modu jakin batekoak izan «behar» dutela sineste hutsa nahikoa dela gauza horiek, azkenean, egia bihurtzen amaitzeko, Zuzenbide Estatuko iritzi publikoa alde egonez gero. Bestela esanda, idealisten iritziz, Arrazoimena (letra larriz idatzia, zertaz ari garen hobeto uler dadin) beti aterako da garaile; hala gertatzen ez denean, azken batean, porrotaren beraren aurrean egongo garelako, hau da, gizatasunaren arrazoizkotasunaren ukazio koiunturazkoan aurrean, eta horixe da, hain zuzen ere, kosta ahala kosta haiek guztiek beti saihestu nahi izaten dutena. Ezin lepora dakieke, beraz, erantzukizunik; ez, behintzat, intelektualik edo moralik. Eroapenak eta ahalegin porrokatuek, legearen babespean, pausuz pausu eramango gaituzte, azkenean —Denbora edota Probidentzia dira lekuko—, mundu zuzenago, libreago eta baketsuago batera. Spinozak iritzi hori leporatzen die filosofoei, orokorrean; eta, ondorioz, halakoek konformatu behar izaten dute existitzen ez dena laudatzearekin eta benetan existitzen dena gaitzestearekin. Arrazoimenaren bozeramaile moduan —botere sigi-sagakoa, gorabeheratsua, baina epe luzean antzemangarria—, azken-azkenean ezingo dutela galdu uste izaten dute.
Politikariek, ordea, irakasle bakartzat eskarmentua izanik, helburu mundanoago eta isats motzagokoen bila dihardutenez gero, ez dute erakusten eta kontuan izaten errealitate gordin eta —sarritan— narrasetik aldentzen den ezer, eta ez dute inolako erreparorik izaten haien helburu lohiak lortzeko erabilgarri gerta dakiekeen edozein bide erabiltzeko. Ez da harritzekoa, beraz, gizakien jarduera publikoekin zerikusia duten auzi guztietan —beldurrari Arrazoimenari baino maitasun handiagoa diotela—, politikariak izatea, eta ez «filosofoak», auzi horiek gobernatu, kudeatu eta «konpontzen» dituztenak.
Paradoxiko samarra gerta daitekeen arren, Ethica Ordine Geometrico Demonstrata lanaren egile itxuraz cartesiar eta liberala ia kamuflatu gabe dagoen errealista da; guri «eskubide edota betebeharrekin» baino areago «gertaerekin» tratatzen irakasten ahalegintzen dena. Hala, erabatekotasunez adieraziko du indarra —boterearen ezinbesteko baldintza— beti gizaldren baitan egotea gertaera dela, eta ez eskubidea, eta indar hura erabiltzetik datorkiola legitimotasun osoa. Duela mende asko utzi zion potestasak benetan dominiumetik ezberdin izateari, eta fusio horren emaitza da gaur egun ere subiranotasuntzat jotzen dena. Subiranoaren potestatea benetan darabilen aginpidetik baino ez dator..., eta hura darabilen bitartean.
Bestela esanda, Spinozak adierazi nahi digu gertaera eta zuzenbidea harreman beraren dimentsioak, aldeak edo hitz egiteko moduak direla: arrain handiak txikia jateak irensteko ekintzan bertan erakusten du lehenak duen eskubide osoa, ez gehiago, ez gutxiago ere. Irentsitako arraintxoaren kexak, halakorik izanez gero, entzun ere ez dira egiten itsasoko ur zirriparratsuen zaratotsaren erdian. Talde agintariek gobernupean dituzten herritarrei dieten beldurrak —etsai «arrotzak» sortzen duena baino handiagoa da— argiro erakusten du ondo baino hobeto dakitela non den haien botererako arriskurik handienaren eta berehalakoenaren jatorrizko potentzia.
Historian, halaxe aitortu dute munduari eragiten diona Arrazoimena barik indarra dela aldezten duten egileek, are gizarteak deritzegun mundu horizonteei edo zatiei ere. Klasikoek sarritan aipatu dute aldrak garaian garaiko gobernariei pizten dien beldurra —Shakespearek Coriolanus antzezlaneko III. agerraldian ehun buruko munstroarekin alderatu zuen—, eta nola ahalegintzen diren indarkeria basati batez eta mota guztietako trikimailu eta sineskeria erabilita hura isilarazten: Terret vulgus nisi metuat dio Spinozak Ethica IV-ko 54. proposameneko Scholium pasartean. Oraintxe bertan Kartago zaharrean, Egipton eta abarretan gertatzen ari direnek berriro ere jartzen dute agerian esaten ari garen guztia. Ikus dezakegu nola eragiten duen izua jendetzaren potentziak, zurtuta duen beldurra alde batera uzten duen bakoitzean, dena delako gobernariengan, batez ere kontuan izanez gero haien atzean utzi ohi izan duten sinesgaiztasun, beldur, herio eta suntsiketa arrastoa. Baina zenbaitetan, ezbairik gabe, guztiz osagai baikorra izan ohi du, eta halakoetan benetako iraultza eragin ohi du, gizaldren potentziak ezin jasanezko botere berritzailea bihurtzen delako, haren aurka lehengo botere finkatuari eustearen aldekoek ezertxo ere ezin dutela. Hala gerta dadin, gizaldrek, ehun buruko munstroaren antza izan beharrean, «gogo bakarra balira bezalako» gidaritza beharko dute; hau da, herri bat osatu behar dute, ekintza politikoa gauzatzeko gaitasuna duen gizalde bakar bat (Hobbes). Orain arte esan ditugunetatik ondorioztatzen denez, honako kasu honetan, gizaldrak, potentziaren egoitza diren aldetik, garaiezinak dira, eta azkenean, noraezean, irabazle ateratzen dira; hala, errealitate politikoa kualitatiboki beraien onuran aldaraztea lortzen dute, ezaugarri duten sortze edo eratze «soberakina» autoxedatuz eraketa material eta formal moduan.
Beraz, garaile irtengo badu, lurralde jakin bateko populazio jendetsu eta (gehiago ala gutxiago) homogeneoak buruzagi egokiak beharko ditu. Baina herri zapaldu bat ez dago aldarrikatzen dituen interesetarako egokien gerta daitekeen buruzagia zehaztu, ezagutu eta aukeratzeko baldintzarik onenetan. Jakina, horrelako hil edo biziko auzi batean, talde menperatzaileek baza garrantzitsuak dituzte; eta, zalantzarik gabe, erabili egin dituzte ura haien errotara erakartzeko. Edo ahalik eta fakzio gehien sortzen ahaleginduko dira, buruzagi ezberdin eta antagonikoek gobernatuak, helmen politikoa izan dezakeen edozein ekintza bateratu eta koordinatu galarazteko, edota hura gainean daraman gorputzaren eginkizunekin bat ez datorren buru bat ezartzea lortuko dute. Batean zein bestean, matxinatuen garaipen itxaropenak nahitaez aienatzen dira, disjuntzioaren bi osagaiek katebegien antzera izan behar duten ezinbesteko maila estrategikoa aurretik edo era inplizituan berez erortzen, ezereztatzen edo desagertzen delako. Lidergoa, buruzagitza lortzeko borroka berezko osagaitzat da kontrakarreko taldeen enfrentamenduan edo gerra estrategiko globalean. Hori gogoan izatea, beharbada, lagungarri gerta daiteke borroka hori behar bezala planteatu, aztertu eta bideratzeko,ustekabeko ondorio gaitzesgarriak deitoratu egin behar izan baino lehen.
Arestian labur azaldutako baldintzak matxinoek eskura dituztenean, garaile irteteko itxaro ongi funtsatuak izan ditzakete, Hobbesek gaineratzen duen moduan, «haien ekintzen zuzentasuna beraien irizpidearen arabera neurtzen badute».
Buruzagitzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu